Kazetaria, surfean espezializatua / Periodista, especializado en surf

Barra de la Cruz: Oihanean gordeta irauten duen olatua

Oso ezaguna da berriki munduko txapelketa hartu duen Barra de la Cruzeko urautsia. Oihanean gordetako Mexikoko hondartzak xarma berezia du, tokikoek bisitariak urrun mantentzeko sistema ezarria baitute.

Oihanean gordetako Mexikoko hondartzak xarma berezia du.
Oihanean gordetako Mexikoko hondartzak xarma berezia du.

​Pasa den astean munduko lehiaketa egin zen Barra de la Cruzen eta txapelketa egiteko azpiegitura berezia muntatu zuten, baina ez da ohikoa ibilgailuak hondartzaraino jaitsi ahal izatea. Hondartzatik gertu ostatu hartu nahi duen bisitariak soilik oinarrizko azpiegiturak dituen Barra de la Cruzeko herrixkan topatuko du lekuren bat eta surf egiteko ordu erdi oinez ibili beharko du egunero. Gainera, hondartzara sartzeko diru apur bat ordaindu beharko du (bi euro inguru).

Barra de la Cruzeko eskuin olatua ez da beti perfektua, baina egun onenetan sekulako olatuak eskain ditzake. Horrez gain, lekuak ere badu xarma berezia, ingurune basati batean aurkitzen baita, “zibilizaziotik” apur bat aldenduta. Ordea, ingurune naturalak bakarrik ez, bertako herritarrek turismoa kudeatzeko moduak ere lagundu du jende pilaketak ekiditen.

​Itzelezko «aurkikuntza»

«Aspaldian egin den txapelketa hoberena izan da», nabarmendu zuen Andy Ironsek 2006an Barra de la Cruzen egin zen Rip Curl Pro Search txapelketa irabazi ostean. Kelly Slaterrek lehen mailako zirkuituan «halako zerbait beharrezkoa» zela gaineratu zuen, eta Mick Fanning australiarrak olatu mexikarra bere etxeko urautsi kutuna zen Kirrako eskuin olatu borobilekin alderatu zuen.

Rip Curl markak kontzeptu berri bat sartu nahi izan zuen lehen mailako zirkuituan eta horregatik antolatu zuen 2005ean lehen “Search” (bilatu) txapelketa, Mick Fanning australiarrak irabazi zuena. Reunion uhartean egin zen, ohikoa ez zen urautsi batean eta kalitate oneko olatuekin. Hori zen hain zuzen ere asmoa, urtero-urtero ezagunegia ez zen leku batean lehiaketa bat egitea.

Hurrengo urtean, Mexikoko Barra dela Cruz hautatu zuten, eta baldintzak itzelezkoak izan ziren. Egia esan, sekulako zortea ere izan zuten antolatzaileek, izan ere, halako baldintzak izatea ez da hain ohikoa, osagai askok bat egin behar baitute urte hartan izan ziren tubo luze eta indartsuak izateko.

Hirugarren urtean Txilen egin zen Rip Curl Pro Search txapelketa, Aricako ur hotzetan. Olatu onak izan ziren eta tubo arriskutsuak egin zituzten lehiakideek haitzen gainean lehertzen ziren olatu hotzetan. Mota honetako azken lehiaketa izan zen eta, Mexikon bezala, Txilen ere 2010ean zendu zen Andy Irons hawaiiarra izan zen garailea.

​Baldintza egokiak

Barra de la Cruzen olatu tamaina egokiena metro bat eta bi metro artean kokatzen da, baina horretarako itsaski indartsu bat behar da. Hots, iparralderago dagoen Puerto Escondidon olatuak hiru metrokoak direnean, Barra de la Cruzen metro batekoak izaten dira.

Urteko sasoi onena uda izaten da, euriteen garaia, haitzen inguruan area pilatzen baita eta olatua sakonera gutxiko barra baten gainean lehertzen baita Mundakan bezala. Muino baten parean, haitzetatik gertu abiatzen den olatua hondartzaraino luzatzen da eta ur ertzean amaitu; horregatik, olatua amaitu ostean kanpora atera ohi dira surflariak, korronteen bultzadak asko zailtzen baitu urautsira itzultzea. Beraz, surflariak hondartzatik oinez abiatzen dira muino aldera eta handik, kontu handiz, urautsira gerturatzen dira arroken gainean sortzen den ubide baten laguntzarekin.

Itsasaldi egokiena itsasbehera da, marea gorantz igotzen hasten denean. Itsaskiak hegoaldetik edo hego-mendebaldetik sartzen direnean sortzen dira uhin lerro hoberenak, eta berauek orrazteko haize hoberena ipar haizea da.

​Barra de la Cruz

Puerto Escondido eta Salina Cruz hirien artean dago Barra de la Cruz, hiri bakoitzetik ia bi orduko distantziara, ohiko ibilbide turistiko eta errepideetatik apur bat aldenduta. Azpiegitura guztiak eskain ditzakeen hiri hurbilena 40 minutura dago, alegia, Santa Maria de Huatulco, aireportu txiki bat ere baduena.

2006an munduko txapelketa Barra de la Cruzen egin zenean lehiakide gehien-gehienek Huatulcon hartu zuten ostatu, Barra de la Cruz oraindik ere ez baitzegoen bisitarien beharrei erantzuteko prestatuta. Gaur egun oraindik ere erosotasuna nahi duten surflariek Huatulcora jotzen dute, oihanaren erdian kokatutako Barra de la Cruzen oinarrizko azpiegiturak soil-soilik baitaude.

Barra de la Cruz duela 50 urte menditik jaitsi ziren nekazari eta abeltzainek eraikitako herrixka txiki eta komunitarioa da. Ur faltan zirelako erabaki zuten menditik kostaldera jaistea eta, ordutik gobernuburuen laguntzarik jaso ez dutenez, euren burua antolatzera behartuta, sistema komunitario bat jarri zuten martxan.

Mendebaldeko bisitarientzat antolaketa berezia da, turistak inoiz ez baitu aurkituko behar duen guztia saltoki bakar batean. Ogia leku batean, ura beste bestean, Internet beste batean, lo egiteko lekua beste batean... Horrela, ohartu gabe, herri osoan barreiatuta uzten du dirua bisitariak.

Komunitateko partaide den orok betebeharrak ditu, adibidez, lan kolektiboetan parte hartu behar du. Norbaiten etxea eraiki behar bada, kaleak garbitu behar badira edo beste edozein lan egin behar bada, brigada edo lan taldeak osatzen dituzte. Txandaka bete beharreko ardurak ere badira, esate baterako, urtero izendatzen da polizia lanak egingo dituen gazte bat. Soldaduska bezala ezartzen zaio betebeharra, diziplina ikas dezan eta aldi berean dagozkion betebeharrak bete ditzan.

Barra de la Cruz inguruan, Salina Cruz aldera dauden hondar bankuetan, badira eskuin olatu bikainak, baina Huatulcotik abiatzen diren talde gidatuak antolatzen dituzten enpresen kontrolpean daude, eta, surflari bat bere kabuz gerturatzen bada bertara, arazoak izan ditzake surflariak urautsietara eramaten dituzten gidariekin. Azken finean, negozio hutsa da: turistez osatutako taldeak urautsietara eramaten dituzte eta soilik ordaindu dutenek gozatu dezakete surfaz arazorik gabe. Barra de la Cruzen ez da halakorik, egun batzuetan jende pilaketak izan daitezke, baina denek eskubide berberak dituzte.