NAIZ

EAEk eta AEBetako Virginia estatuak energia berriztagarriak garatzeko ituna sinatu dute

Arantxa Tapia Lakuako sailburuak eta Brian Ball AEBetako Virginia estatuko Merkataritza eta Negozio idazkariak astearte honetan sinatu duten hitzarmenaren bidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek estatu horretako proiektu eoliko nagusietan parte hartzea bultzatuko dute.

EAEk eta AEBetako Virginia estatuak hitzarmen bat sinatu dute energia berriztagarriak garatzeko. (IREKIA)
EAEk eta AEBetako Virginia estatuak hitzarmen bat sinatu dute energia berriztagarriak garatzeko. (IREKIA)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industria eolikoak ehun enpresa baino gehiago eta 34.500 enplegutik gora biltzen ditu eta guztira 15.700 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa du, Lakuako Gobernuak eman dituen datuen arabera. Orain, AEBetako Virginia estatuarekin sinatu duten hitzarmenaren bidez, elkarlanean arituko dira zenbait arlotan, hala nola energia eolikoan, energia fotovoltaikoan, sare adimendunetan, energiaren kudeaketan, hidrogenoan eta energia biltegiratzean.

Ituna Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eta Brian Ball Virginiako Estatuko Merkataritza eta Negozio idazkariak sinatu dute astearte honetan, telematikoki.

Lan ildoak eta proiektuak

Bertan, hainbat lan ildo identifikatu dituzte: informazioa trukatzea; egitasmoen finantzaketarekin eta arriskuen kudeaketarekin lotutako erronkak aztertzea; ezagutza teknikoen transmisioa bultzatzea; eta energia berriztagarrien inguruko hainbat gairi buruzko ezagutzak partekatzea: horniketa-katea, kontsumoa, sareko integrazioaren interkonexioa, energia berriztagarriko instalazioen erabilera hobetzeko sistemaren plangintza, energia berriztagarriak eskaintzen dituen onurei buruzko informazioa eta prezioa murrizteko estrategiak.

Bi proiektu zehatz aipatu ditu Lakuak: `Coastal Virginia Offshore Wind Project: offshore proiektua´, Virginia Beach kostaldetik 43 kilometroa. Esplikatu duenez, Siemens Gamesa enpresaren bi turbina zituen hasierako fasea 2020an eraiki zen, eta Ameriketako Estatu Batuetan abian den bigarren `offshore´ parke eolikoa da. Merkatuan 2024an zabaltzea aurreikusten da —180 turbinarekin—, eta AEBetako ‘offshore’ proiekturik handiena izango da.

`Kitty Hawk Offshore Wind Project´, aldiz, Virginia eta North Carolina estatuetako kostaldeko Outer Banks uharteetatik 27 miliatara parke bat garatzeko proiektua da. Parkea eraikitzeko lehen faseari 2024an emango zaio hasiera, guztira 2.500 MWko ahalmenarekin.