NAIZ

Ikerketek klima aldaketa egiten dute Alemaniako eta Belgikako uholdeen erantzule

Astearte honetan World Weather Atributionek argitaratutako txostenak azaldu du mundu mailako tenperaturaren epeltzeak bederatzi aldiz handitu duela muturreko fenomenoak gertatzeko aukera.

Uholdeetatik hilabete pasa ostean, abuztuaren 19an, Altenahr-en, Alemania mendebaldean, airez hartutako irudia. (Ina FASSBENDER/AFP)
Uholdeetatik hilabete pasa ostean, abuztuaren 19an, Altenahr-en, Alemania mendebaldean, airez hartutako irudia. (Ina FASSBENDER/AFP)

World Weather Atributionek (WWA), nazioarteko 39 ikertzailerekin lankidetzan, astearte honetan plazaratu duen txostenak klima aldaketari egozten dio pasa den uztailean Alemania eta Belgikako triskantza eragin zuten euri jasen jatorria. Tenperaturaren epeltzeak bederatzi aldiz handiagoa egiten du muturreko fenomeno klimatikoak gertatzeko aukera.

«Klima aldaketak probabilitatea handitu du, baina baita intentsitatea ere», azaldu du ikerketa zuzendu duen Frank Kreienkampek. Zehazki, txostenak dioenaren arabera, globoko bataz besteko tenperatura 1.2 ºC igotzeak Alemania eta Belgikan izandako euri kantitatea %3 eta %19 artean areagotzea eragin zuen.

Hori horrela, ikertzaileek abisatu dute uztailaren 12tik 15era izandako euri jasek kaltetutako inguruetan historikoki erregistratutako prezipitazioen marka guztiak «tarte handiarekin» hautsi zituztela.

WWA-ren ikerketa hau klima aldaketa katastrofe naturalen erantzule zuzen bezala seinalatzen duen bigarrena da jada. Izan ere, WWA-k jada esanda zuen ekaina amaieran Kanada eta AEBko mendebaldea ito zituen «bero kupula» ia «ezinezkoa» izango litzatekeela klima aldaketarik gabe.

Nazio Batuen Erakundeak ere WWA-ren tesi bera sostengatzen du. Honek ohartarazi baitzuen klima aldaketa esperotakoa baino «bizkorrago» ari zela garatzen eta horrek «aurrekaririk gabeko» katastrofeak eragingo zituela.

Pariseko Akordioan ebatzitakoaren arabera, munduko bataz besteko tenperatura ez litzateke 1.5 ºC baino gehiago igo behar. Tamalez, tenperatura horretara 2030erako iritsi ahalko ginateke, hau da, aurreikusitakoa baino hamar urte lehenago.

Ondorio garrantzitsuenen artean, ikerketak plazaratu du klima aldaketak bere horretan jarraitzen badu «gero eta ohikoagoak» izango direla fenomeno hauek.

Alemania eta Belgika, hilabete beranduago

Hilabete bat baino zertxobait gehiago pasatu da Alemaniak eta Belgikak beraien historia garaikideko uholde bortitzenak sufritu zituztenetik. Gutxienez, 184 eta 38 pertsona zendu ziren Alemania eta Belgikan, hurrenez hurren.

Gune kaltetuenak Alemaniako Ahr eta Erft ibai arroak eta Belgikako Mosa bailara izan ziren. Uholdeek eragindako kalte materialak konpontzeko Merkelen exekutiboak 30.000 milioi euro bideratu beharko ditu eraberritze eta atontze lanetara.