NAIZ

Lan heriotzak salatu dituzte sindikatuek Lakuako Gobernuaren Bilboko egoitzan

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru euskal sindikatuetako ordezkariek Lakuako Gobernuaren aurrean salatu dute lan-prekarietateak «hil» egiten duela eta lanean gertatutako istripu hilgarri gehienen atzean dagoela.

Lan heriotzak salatzeko elkarretaratzea egin dute sindikatuek Lakuako Gobernuaren Bilboko egoitzan. (LAB sindikatua)
Lan heriotzak salatzeko elkarretaratzea egin dute sindikatuek Lakuako Gobernuaren Bilboko egoitzan. (LAB sindikatua)

Derion izandako azken lan istripuaren ondoren, euskal gehiengo sindikalak astearte honetan Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin du lan-prekarietateak «hil» egiten duela eta lanean gertatutako istripu hilgarri gehienen atzean dagoela.

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru euskal sindikatuetako ordezkariek administrazioei eskatu diete «sarraskia gelditzeko eta laneko ezbeharrak ikertzeko».

Gehiengo sindikalak gogoratu duenez aurten lau langile hil dira jada altueratik erorita, eta heriotzak guztiak «saihestu zitezkeen». «Segurtasun neurriak hartuz ekidin daitezkeen istripuak dira, baina, zoritxarrez, errealitateak erakusten digu ez dituztela segurtasun neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen», adierazi dute.

Argi utzi dutenez, «lan-istripu horiek ez dira halabeharrak edo kasualitateak eragindakoak, baizik eta lan-harremanen, prekarizazioaren, lan-araudiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira».

Deiane Arrieta ELAko ordezkariak salatu duenez, «Prekarizazioa heriotza horietako askoren atzean dago, lanaldi amaigabeen, prebentziorako araudirik ezaren edo sektoreko hitzarmenen urraketaren ondorioz», eta Lakuako Gobernuari «beste alde batera» begiratzen jarraitzea leporatu dio.

Aurten gutxienez 40 langile hil dira lanean Euskal Herrian, horietatik 5 abuztuan.