NAIZ

Mamadou Sylla: «Alavesen baloreekin identifikatzen naiz»

Mamadou Syllak hiru urteko hitzarmena sinatu zuen Alavesekin eta asteazken honetan eskainitako prentsaurrekoan adierazi du «oso pozik» dagoela Gasteizen etapa berri bat hasteagatik. Klubaren «baloreekin identifikatzen» dela azpimarratu du aurrelariak. 

Mamadou Sylla, Mendizorrotzan. (@ALAVES)
Mamadou Sylla, Mendizorrotzan. (@ALAVES)

Gironarekin denboraldia bukatu bezain laster jaso zuen Mamadou Syllak Alavesen deia, klubaren interesa helaraziz. Beste taldeen eskaintzak ere jaso zituen baina klub gasteiztarrarekin segituan iritsi zen akordio batera, proiektua hasieratik gustatu egin zitzaiolako. 

Halaxe azaldu du aurrelari senegaldarrak bere aurkezpen prentsaurrekoan. Alavesekin hiru urterako hitzarmena sinatu du Lucas Perez golegile galiziarrak taldean jarraituko ez zuela iragarri eta egun gutxitara. 

«Hemen aurrelari on asko daude eta beraiengandik ikasteko eta hobetzen joateko baliagarri izango zait», adierazi du. «Lan asko eta sakrifizioa eskaini dezaket eta nire punturik indartsuena sakontasuna da», gehitu du. Era berean, onartu du Estatu espainoletik kanpo jokatu dituen lau urteetan gorabehera handiak izan dituela baina horiek «jokalari hobea» izaten lagundu diotela onartu du. Orain «mentalki indartsuagoa» dela iritzi du. 

2017an Espanyoletik irten zenetik –urte bat lehenago K.A.S Eupen taldean utzita jokatu zuen–, Belgikako ligan egin zituen hiru urte. Gantek fitxatu zuen eta ZV Zulte Waregem eta Sint Truidense taldeetan ere jokatu zuen, utzita. 2020an Errusiako Orenburg taldean aritu zen, hor ere utzita, azkenean Gironak fitxatu zuen arte. 

Alaveseko jokalari diren Duarte, Saul Garcia eta Pere Pons jokalariekin jokatu izan du eta honek bere egokitzapena azkartuko duelakoan da. «Erdiko aurrelaria naiz baina entrenatzaileak uste badu beste postu batean gehiago eskaini dezakedala, ez dut arazorik izango», nabarmendu du. 

Sergio Fernandez kirol zuzendariarekin batera egon da prentsa-aretoan eta hau ere oso pozik agertu da Syllaren iritsierarekin: «Bere fitxaketan guztiz asmatu dugu». 

Carlos Isaac, Oviedora utzita

Klubak arratsaldean aditzera eman duenez, Carlos Isaac jokalariak utzita jokatuko du Real Oviedon datorren denboraldian. Hala, Bigarren Mailan jokatuko du berriro ere, iaz Albaceten, Alavesek utzita, aritu ondoren. Bertan, Ligako 24 partida eta Kopako beste gat jokatu ditu

Isaac, 23 urte dituena, Atletico Madrilen harrobitik ateratako atzelaria da eta gasteiztarrekin sinatu zuen iazko udaran. Badaki zer den Lehen Mailan jokatzea, 2017-18 denboraldiko 30. jardunaldian, 19 urte zituela, egin baitzuen debuta Deportivoren kontra.