NAIZ
DONOSTIA

‘Tadeo Jones 2’ filma, Zinemaldiko ‘Belodromoa ikastetxeetan’ ekimenean

Gipuzkoako milaka ikaslek ‘Tadeo Jones 2: Midas erregearen sekretua (Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas)’ filma ikusiko dute. Maria Intxaustegi itsaspeko arkeologoak egingo duen aurkezpena izango du filmeak, Zinemaldiko ‘Belodromoa ikastetxeetan ekimenaren’ barnean.

Maria Intxaustegi itsaspeko arkeologoarekin aurkezpena izango du filmak. (ZINEMALDIA)
Maria Intxaustegi itsaspeko arkeologoarekin aurkezpena izango du filmak. (ZINEMALDIA)

Covid-19aren pandemiak bigarren aldiz eragotzi du Zinemaldian belodromoa zinema-areto erraldoi gisa erabiltzea, baina iaz bezala, aurten ere ikasleentzako emanaldiak ikasgeletara eramango dituzte, eta, bertan, zientzia zinemaren bidez hurbiltzeko helburuari eutsiko diote.

Beraz, hirugarren urtez jarraian, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak ikastetxeetarako film bat programatu dute  Zinemaldiaren lankidetzari esker, ‘Belodromoa ikastetxeetan’ ekimenaren bidez. ‘Tadeo Jones 2: Midas erregearen sekretua (Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas)’ da oraingoan aukeratu den pelikula, eta 6-11 urteko milaka ikasle gipuzkoarrek gozatu ahal izango dute ikasgelan, okasiorako espresuki euskarara bikoiztuta.

Maria Intxaustegi itsaspeko arkeologoaren bideoz grabatutako aurkezpen bat izango da iaz ‘Belodromoa ikastetxeetan’ izena jarri zitzaion jardueran. Bertan, filma sartu eta mundu osoan zehar murgildutako ondarea ikertzen izandako esperientziaz hitz egingo du.

Halaber, filma ikusi ondoren, haurrei sortzen zaizkien galderei gerora erantzuteko prest egongo da Maria; izan ere, ikasleei galderak bideoz bidaltzea proposatuko zaie, baita saioko argazkiak, marrazkiak edo landutako gaiarekin lotutako eskulanak partekatzea ere.

Arkeologia, hain zuzen ere, ‘Tadeo Jones 2: Midas erregearen sekretua (Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas)’ animazio-film luzearen haria da; Enrique Gato eta David Alonsok zuzendua, filmaren protagonista Tadeo Jonesek Las Vegasera bidaiatuko du Sara Lavroff arkeologo ospetsuaren azken aurkikuntzaren aurkezpenera joateko: Midas errege mitikoaren lepokoa existitzen dela frogatzen duen papiro bat, hain zuzen.

Donostia International Physics Center fisika eta antzeko diziplinak ikertzeko nazioarteko zentroa da, eta, gainera, ezagutza zientifikoa gizartearekin partekatzeko ardura hartzen du bere gain. 2019az geroztik, Euskadiko Filmategiarekin batera, Zinemaldian parte hartzen du, eta Belodromoan ikasleentzat egin izan diren emanaldiak antolatzen ditu. Bi ediziotan, 50 ikastetxetatik gorako 23.000 ikaslek ikusi dituzten Belodromoko filmak.