Klima larrialdiaren kontrako borroka eta Estatu espainiarrean aurten zentralitatea hartuko duen gatazka nazionalean Hego Euskal Herria kokatzea izango dira, besteak beste, EH Bilduk kurtso politiko berrian markatu dituen erronkak.
EH Bilduren Mahai Politikoaren bileraren ostean adierazpenak egin ditu Arnaldo Otegi koalizioko koordinadore nagusiak. Otegik klima larrialdia jarri nahi izan du eztabaidaren erdigunean. Aurten datu oso «kezkagarriak» agertu direla ekarri du gogora: «Groenlandian lehen aldiz euria egin du. Kanadan muturreko tenperaturak, 50 gradu». Horren harira, Arnaldo Otegik ohartarazi duenez, «egungo kontsumo eta ekoizpen ereduekin bizitza ez da sostengarria izango». Belanunaldi berriei «planeta bizigarri» bat utzi ahal izateko «orain hartu behar dira neurriak», esan du.
Bestalde, kezka adierazi du maila globalean eta tokikoan azaleratzen ari diren joeren aurrean. «Tendentzia kezkagarriak somatzen dira ez bakarrik Euskal Herrian, baizik munduan», esan du. Horren adibide da, bere ustez, Afganistan ikur duen gatazka geopolitikoa, edo, hausnarketa gertuago ekarrita, udara honetan Euskal Herrian izan diren eraso homofobo eta matxistak, erasook «autoritarismoari eta faxismoari» ateak irekitzen baitiote bere iritziz. Plentzian izan da azken erasoa.
Horren aurrean, «profil antifaxista eta anti-autoritarioa» indartu behar dela azpimarratu du Otegik.
Pandemia eta errekuperazioa
Lehen analisia pandemiari eskaini dio koalizioak eta gogora ekarri du «oraindik orain osasun publiko larri baten testuinguruan» bizi garela eta berretsi du komunitate zientifikoaren kriterioak defendatuko dituela beti, «ez farmazeutikenak edo multinazionalenak», ahaztu gabe administrazio publikoak auzi honetan duen «ardura».
Zentzu horretan, Otegik nabarmendu du koronabirusak utzitako egoera iraultzeko errekuperazio ekonomikoa zehaztu beharrean dagoela. Europar funtsen eztabaidak «lausoak» direla iritzi du, eta errekuperazioa «integrala eta orokorra» izan behar dela nabarmendu. «Kurtso honetan babes soziala bermatu eta sakondu behar da», aldarrikatu du.
Nazio ikuspegia
EH Bilduko koordinatzaile nagusiarentzat datorren kurtso politikoa giltzarria izango da Estatu espainiarrean lurraldetasunaren auzirako, Katalunia eta Madrilgo gobernuen arteko mahaiak eztabaida irekiko baitu. «Irekitzen den kurtso politiko honetan gatazka nazionalak Estatu espainiarrean zentralitatea hartuko du. Eta Euskal Herriak zer du esateko? Hego Euskal Herriak eztabaida horretan parte hartu behar du eta bere planteamendua burutu behar da. Espekulatzeko tarteak bukatu dira. Proposamen zehatzak egin behar zaizkie herritarrei, eta burujabetzarako proposamena izango da horietako bat», esan du Otegik.
Eztabaidak sakondu
Prentsaurrera agertu diren kazetariek Donostian pasa den astean izandako istiluen inguruan galdetu diote Arnaldo Otegiri, eta honek esan du antzuak direla gai hauekin sortzen diren «lubakietako eztabaidak».
Eztabaida hau semantikatik urrundu eta analisi sakon bat bultzatzea eskatu du Otegik. Neoliberalismoak identitate «nihilistak eta indibidualistak» bultzatu dituela esan du eta, beraz, horri konponbidea bilatzeko, beharrezkoa deritzo aisialdi ereduari buruzko eztabaida sakona bultzatzea. Horrekin batera, eredu polizialaren errebisioa eskatu du.