NAIZ

Asier Garcia, David Mouriz, Jordi Ruiz eta Manu Lorenzo finalerdietan dira

Espainiako selekzioak asko sufrituta irabazi du alemaniarren aurkako kanporaketa gurpildun aulkiko saskibaloian (71-68), eta finalerdietan Amerikako Estatu Batuen aurka neurtuko ditu indarrak, Rioko finala jokatu zuten bi taldeen arteko neurketa errepikatuz.

Asier Garcia, alemaniarren aurkako neurketan jaurtiketa bat egiten (BAT BASQUE TEAM)
Asier Garcia, alemaniarren aurkako neurketan jaurtiketa bat egiten (BAT BASQUE TEAM)

Asier Garcia, David Mouriz, Jordi Ruiz eta Manu Lorenzo finalerdietara sailkatu dira gurpildun aulkiko saskibaloian. Emozio eta tentsioz beteriko partida batean, Espainiako selekzioak Alemaniari espero baino arazo gehiagorekin irabazi dio: Oscar Trigok zuzentzen duen taldeak 71-68 menderatu ditu alemaniarrak.

Gogoratu behar da Espainiako selekzioa partida guztiak irabazita iristen zela final-laurdenetara. Lehenengo Korea garaitu zuten, ondoren Kanada, Kolonbia eta Turkia, eta horrekin final-laurdenetarako txartela ziurtatu zuten. Beranduago, Japoniaren aurka, beste garaipen bat lortu zuten (79-61) multzoburu bezala sailkatzeko. Alemania, aldiz, B multzoko laugarren bezala sailkatu zen, bi garaipen eta bi porrotekin.

Hala ere, gaurko kanporaketa oso lehiatua izan da hasieratik. Alemaniak eman ditu lehenengo kolpeak eta markagailuan aurretik jarri da, Espainiak lehen hamar puntuak lortu dituen arte. Hortik aurrera, nahiz eta alde txikiarekin izan, aurretik joan dira espainiarrak lehen laurdenean, 21-19koarekin bukatu arte.

Bigarren partzialak tonu berari eutsi dio. Alemaniarrek presioa egin dute Espainia geldiarazteko, eta erasoan ere ondo aritu dira. Aldea murrizten joan dira eta 25eko berdinketara iritsi dira. Une horretan Trigoren mutilek erreakzionatu egin dute eta egoera zuzendu ahal izan dute, atsedenaldira sei puntuko abantailarekin helduz: 40-34.

Hirugarren laurdenean zehar emaitza dantzan ibili da, baina Asier, David, Jordi eta Manuren taldea izan da nagusi. Horrela iritsi da azken laurdenaren bukaerara, 54-48ko emaitzarekin.

Partidako azken zatia bizkorra izan da. Alemaniak bere aukerak galduko zituela ikusten zuen, baina ez zuen amore eman nahi. Nicolai Zeltinger entrenatzaile alemaniarra partida desorekatzen ere saiatu da, Asier Garciaren aulkia araudian baimendutakoa baino altuagoa zela argudiatuta, baina epaileek ez dute bere eskaera onartu. Une horretatik aurrera, Espainia, Asier Garcia amorratu baten gidaritzapean, esperientziatik tiraka aritu da partida aurrera ateratzeko. Alemaniaren hiruko azken jaurtiketa ere ez da sartu, eta 71-68koa ez da markagailutik mugitu.

«Alemania talde handia da, Munduko edozein selekziori irabazteko gai dena, eta azken bost minutuak kontrolpean genituela uste genuen arren, euren kalitatea atera dute, hirukoak sartu dizkigute, mugara eraman gaituzte, baina partida eramaten jakin dugu, beraz, oso pozik», adierazi dio Asierrek Basque Teameko komunikazio taldeari.

Finalerdietan AEBen aurka arituko dira, iparramerikarrek Turkia gainditu baitute final-laurdenetako norgehiagokan. AEBak izan ziren Espainiaren aurkariak 2016an Rio de Janieroko Jokoetako finalean eta urrea amerikarrentzat izan zen.

«Defentsa mailan onenak dira, beraz, jakin behar dugu buruarekin jokatu behar dugula eta saskiratzerik lortuko ez dugun uneak egongo direla onartu behar dugu, zentzu horretan Munduko onenen aurka jokatuko dugulako», baieztatu du Asier Garciak.