NAIZ

Eztabaida Espainiako Gobernuan argindarraren prezioa jaisteko hartu beharreko neurriei buruz

Pedro Sanchezek iragarri du neurriak hartuko dituela argiaren prezioa jaisteko. Urte amaieran, herritarrek 2018an ordaindu zuten kopuru bera ordaintzeko konpromisoa hartu du. Alberto Garzonek enpresa publiko bat sortzeko beharra azpimarratu du, baina Sanchezek errefusatu egin du.

Gora aegin du argindarraren prezioak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Gora aegin du argindarraren prezioak. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak konpromisoa hartu du 2021 amaitzen denean herritarrek 2018ko prezio berbera ordain dezaten argindarra. ‘El País’ egunkariak argitaratu duen elkarrizketa batean, presidenteak ziurtatu du Gobernuak egiturazko erreformak abian jarri dituela eta «gutxieneko bizi-kontsumo bat» sortzea espero duela, argindarraren prezioa jaisteko.

Sanchezek nabarmendu duenez, Madrilgo Gobernuak neurriak hartu ditu «argindar enpresek dituzten gehiegizko onurak berrikusteko». Halaber, sistema elektrikoaren iraunkortasunerako funts bat onartu dutela azpimarratu du, eta orain Gorteetan hausnartzen ari direla.

Bere ustez, Gobernuak handizkako prezio horren bilakaera «moteldu» dezake. «Lehenik, egiturazko erreformekin, energia berriztagarrien aldeko apustu irmoarekin, ez bakarrik klima aldaketaren alde, merkeagoa delako baizik».

Sanchezen hitzetan, «etorkizuneko merkatu elektrikoak esaten ari dira espainiar Estatuak, 2022an eta 2023an, berriztagarriei esker, Frantzia eta Alemania baino prezio txikiagoak izango dituela».

Yolanda Diaz Lan ministro eta Gobernuko bigarren presidenteordea pozik agertu da Sanchezen hitzekin. Halaber, oposizioarekin oso kritiko agertu da, bereziki Pablo Casado PPko buruarekin. «Harrituta geratzen naiz oposizioko buruzagi nagusia elektrizitateari zergak jaisteaz hitz egiten entzuten dudanean», esan du.

Bestalde, Alberto Garzon Kontsumo ministroak Unidas Podemosek argindarraren prezioaren igoera gehiago saihesteko egindako proposamenak berretsi ditu: prezioak arautzea eta argindarraren merkatuan esku hartzea energia enpresa publiko bat sortuz.

Gai hau koalizio programan eztabaidatu zela eta «kanpoan» geratu zela esan du Sanchezek. «Ez da koalizio akordioaren parte. Beraz, Gobernua ez dago proposamen horren eraginpean», adierazi du.