NAIZ

Bihar abiatuko da EAEko ikasturtea, aurrez aurreko klase, kirol eta eskolaz kanpoko jarduerekin

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 370.000 bat ikaslek hasiko dute asteazken honetan ikasturte berria. Klaseak presentzialak izango dira, covidaz kutsatzea ekiditeko osasun neurriak beteta. Eskola kirola eta eskolaz kanpoko ekintzak bueltan izango dira.

Ipar Euskal Herrian joan den astean itzuli ziren klasera. Irudian, ikasturte hasiera Bardozeko ikastola berrian, irailaren 2an. (Guillaume FAUVEAU)
Ipar Euskal Herrian joan den astean itzuli ziren klasera. Irudian, ikasturte hasiera Bardozeko ikastola berrian, irailaren 2an. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herriko ikasleak izan ziren goiztiarrenak, eta joan den astean hasi zuten ikasturte berria. Aste honetan, Hego Euskal Herriaren txanda izango da. Nafarroan, klase jarraiekin hasiko dira, iaz bezala, eta urritik aitzinera eskolaz kanpoko ekintzak izango dituzte.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aurreko urteetako martxari segituz, 2021-2022 ikasturte honetan ere aitzinekoetan baino ikasle gutxiago izango dira eskoletan. Iaz Haur Hezkuntzatik Batxilergora arte, Lanbide Heziketa barne, 372.000 ikasle zeuden; eta aurten 370.000 baino gutxiago dira. Beherakada hori Haur eta Lehen Hezkuntzan sumatzen ari dira azken urteetan, Hezkuntza Sailak zehaztu duenez.

Joan den kurtsokoaren covidaren aurkako antzeko protokolo batekin hasiko dira EAEn. Metro eta erdiko distantzia, musukoa, garbitasuna, aireztatze gurutzatua eta kontaktuen mugatzea ditu ardatz. Horiei txertaketa gehitu zaie orain.

Jokin Bildarratzek zuzendutako Sailak honako xedea jarri zuen: ikasturte hasierarako 12 eta 15 urte bitarteko gazteen %70ek txertoaren dosi bat behintzat hartua izatea. Zenbakia %79koa da jada, Osasun Sailak astelehen honetan kaleratutako azken datuen arabera.

Funtzionamendua, «burbuilekin»

Haur eta Lehen Hezkuntzan `burbuila´ taldeekin funtzionatuko dute. Horien barnean ikasleek harremanak izateko aukera izango dute. Haur Hezkuntzan ez dute musukorik erabiliko eta burbuilak ikasgelak izango dira. DBHko lehen eta bigarren kurtsoetan, berriz, hiruzpalau ikasleko talde txiki egonkorrak sortuko dituzte, eta taldeen artean metro eta erdiko distantzia errespetatu beharko dute.

DBHko hirugarren eta laugarren mailetan, gainerako etapetan bezala, metro eta erdiko distantziari eutsi beharko diote ikasleek.

Bestalde, ez da beharrezkoa izango egunaren hasieran tenperatura hartzea. Hezkuntza Sailak etxean bertan egitea gomendatu du.

Kutsatzeren bat gertatuz gero, biztanleria guztiak bezala bete beharko dituzte berrogeialdi eta protokoloak. Horrek esan nahi du positibo eman duten ikasle eta irakasleek ez dutela eskola joan beharko eta isolatuta egon beharko dutela. Positiboren batekin kontaktu estua izateagatik itxialdian dauden lagunak ere ezingo dira joan, ezta sintomak dituztenak edo koronabirusa diagnostikatua dutenak ere.

Txertaketa osoa betea dutenek eta covidaren sintomarik ez dutenek ez dute berrogeialdia egin beharko positiboren batekin harreman estua izanez gero.

Eskola kirola eta eskolaz kanpoko jarduerak

Ikasturte honen berrikuntza handietako bat eskola kirolaren itzulera da. Printzipioz, mugarik gabe egingo da. Eskolaz kanpoko ekintzak ere bueltan izango dira, etapa bakoitzerako ezarritako prebentzio neurriak betez beti.

Joan den urtean itxiak egon ziren barnetegiak ere zabalduko dituzte berriro, protokolo berezi batekin. Ikasgeletako  eta elkarbizitzako talde egonkorren antolakuntzako irizpide nagusiak bete beharko dituzte.