Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / Redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Andde Duboisen heriotzaren ondotik ezeztatua izan da Arbonan egitekoa zen Lurraren Besta

Zirrara handia eragin du ELBko kide izateaz gain Ipar Euskal Herriko hamaika herri ekimenetan engaiatu zen Andde Dubois laborariaren heriotzak. Arbonan martxan dagoen lur okupazioak aurrera jarraituko badu ere hilaren 18an aurreikusita zegoen Lurraren Besta bertan behera utzi dute.

Andde Dubois esnekiak ekoizten zituen bere Lekorneko etxaldean Emilie emaztearekin batera. (NAIZ)
Andde Dubois esnekiak ekoizten zituen bere Lekorneko etxaldean Emilie emaztearekin batera. (NAIZ)

Irailak 3an gertatu zen Andde Dubois l50 urteko lekondarraren heriotzak zirrara handia eragin du baita Arbonako lur sailean okupazioa burutu duten laborariengan. Hala irailaren 18an egitekoa zen Lurraren Besta beran behera uztea deliberatu dute ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak.

Arbonako lur sailean okupazioak aurrera jarraituko du, ordea. Iraila hasieratik "Egun bat, herri bat" dinamika martxan jarri da Arbonan. Hala, herri edo eskualde bateko herritar talde batek okupazio egun bat bematzen du.

Berriki Arbonako ekimenean Berroetako Okupazioaren Sostengu Taldea (Bost) eratu dute.

Sustengu talde horrek «laborantza lurrak laborariendako izan daitezen eta lurra merkantzia hutsa baino elikagaien emaile izan dadin» lanarai ekin dio, espekulazioaren salaketa lan iraunkorra egiteari begira.

Era horretan joan zen ekainean 3 milio eurotan saldua izan zen lur sailean okupazioa abiatu zuten eragileek ekimenari hauspo berria eman nahi izan diote.

Izan ere, ekimenaren sustatzaileetako zen Andde Dubois 50 urteko laborariaren heriotza kolpe latza izan da okupazioan parte hartzen duten lagunentzat.

Aspalditik lotu zen euskal laborantzaren aldeko borrokara Emilie emaztearekin batera Lekornen gurasoen etxaldeari segida hartu zion Andde Duboisek.

Oroitzearren 2017an Arrangoitzen Danone enpresako buruak erosi zuen etxaldearen aurrean laborariek eginiko protestan parte hartu zuen egun Arbonan martxan den okupazioan buru belarri engaiatu aitzin.

Dolumin mezu anitz

Horretaz gain engaiamendu handia erakutsi zuen beste hainbat alorretan ere. Ipar Euskal Herrian azkeneko urteetan martxan eman diren herri ekimen anitzetara lotu baitzen.

Horrendako, Andde Dubois pausatu zenetik anitz izan dira dolumin mezuak, baita berak eginiko lana nabarmentzeko sare sozialen bidez bereziki zabaldu diren mezuak.

ETAren armategia deuseztatzeko antolaturiko ekimenean parte hartu zuen 2017ko apirilaren 8an.

Bertze ehunka herritar bezala frantses poliziak materialak berreskuratu aitzin zuloak zaintzeko ardura hartu zuen egun historiko horren bezperan Dubois.

Presoen aldeko eta orohar konponbidea aldarrikatzeko mobilizazioetan ere presente izan zen sarri, bere tratorearekin milaka herritar biltzen zituen martxak zabaltzen bertze hainbat laborirekin batera.

Bakegileek esker oneko mezua zabaldu dute bere heriotzak eragindako samina bere eginez.

Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibaleko hainbat sustatzailek lurraldea, hizkuntza eta kultura pizteko Andde Duboisek eginiko lan eskerga goraipatu dute baita ere.

Bestalde, dolumin mezua helerazi dio familiari EH Bai alderdiak.

Andde Duboisen aldeko hiletak irailaren 10ean, ostiralarekin, iraganen dira Lekornen.

Okupazioarekin segitu, bere omenez

«Anddek inoiz baino gehiago indarra emanen digu lur elikagarria babesteko borroka honen bururaino eramaiteko», adierazi dute ohar baten bidez dagoeneko bi hilabete bete duen Arbonako okupazioa martxan eman zuten ELBk eta Luzaindiak.

«Arbonako borroka honen jarraipena Andde eta bere familiariari eskaintzen diegu», gehitu dute.

Hala eta guztiz ere irailaren 18an lur sail okupatuan egitekoa zuten Lurraren Besta bertan behera uzteko erabakia hartu dutela jakinarazi dute.

Egun osoko programaren bidez mobilizazioaren segidari buruz behar zuten gogoeta sustatu ekimen horrekin.

Hain zuzen, hilaren 16rako beranduenez espekulazioari aurre egiteko sorturiko Safer egiturak lur sail horren sal-erosketan parte hartu duten pertsonei luzaturiko proposamenari buruz erantzuna ezagutu behar da. Litekeena ordea lehenago berriak izaitea, bihar iluntzean agerraldia iragarri baitute laborariek.

Eremuan diren eraikina eta 3,5 hektarea lur erosi ditzala, baina beste 11,5 hektareak laborantzarako utzi ditzala eskatzen diote laborariek erosleari.