Bulldozer bat eta 13.000 biktima Belodromoan
Aurreko lau maisulanei ginga komertziala jarri ziena; Metallica mainstream bilakatu zuena; disko salduenen zerrendetan Michael Jackson, U2 eta enparauen gainetik jarri zena; metalari, genero bezala, ateak parez pare ireki zizkiona… Hori eta askoz gehiago izan zen azal beltzeko diskoa. Baita argitara eman osteko bira ia amaiezin hartan, bere onenean zen laukote kaliforniarra Euskal Herrira ekarri zuena ere.
1992ko azaroaren 13a. Ostirala. Anoetako Belodromoa. Praka, elastiko eta jaka beltz emaria. 13.000 sarrera salgai, 13.000, 3.200 pezetetan –bazen zerbait garai hartan, are gehiago gazte baten poltsikoarentzat–, eta guztiak agortu ziren. «Sold out». Baina 13.000 metalzale baino askoz gehiago hurbildu ziren Donostiara sarrera itxurako mirari baten bila. Birsalmentarako pagotxa. 7.000 lagun geratu ziren kanpoan, 7.000!
Belodromoko ateak gurutzatzeko zortea izan genuenok nekez ahaztuko dugu ia hiru orduz luzatu zen kontzertua. Ezta gure lepoek ere. Disko beltzeko lehenengo kantu “Enter Sandman”-ekin hasi zuten. Eromena. Bulldozer baten indarra zuen taldea taula gainean –Jason Newsted baxu-jotzailearena erakustaldia izan zen, gorputz eta arima– eta klasikoak bata bestearen atzetik: “Creeping Death”, “One”, “Master of Puppets”, “For Whom the Bell Tolls”, “Battery”, “Fade to Black”...
13.000 biktimek arima ere salduko zuketen sarraski hura amai ez zedin. Zorionez, gogoan ondo iltzatuta segitzen du.