Afizionatuen egutegia hankaz gora jarri duen pandemiak eragin handia izan du aurtengo GRABNIan ere. Jende pilaketak ekiditeko asmoarekin lehiaketak asko urritu eta sakabanatu dira, ohikoa denaren kontra, modalitate bakoitza gainontzekoengandik banatu eta burbuila moduko batzuetan jokatuz. Hala, 2021. urteko eskuzko lehiaketa datorren lau igandeetan jokatuko dira Zumarragako Beloki pilotalekuan.
Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak eta Zumarragako Udalak duten hitzarmenaren baitan, urte asko dira Binakako Elitea bertan jokatzen dela eta nolabait aurten jokatzerik izan ez den txapelketaren lekua betetzera dator GRABNIaren azken fase hau.
Hasiera batean ekainean jokatzekoak ziren txapelketa, baina osasun egoera onena ez zela eta irailera arte atzeratu behar izan dute. LABIak agindu ditzakeen aldaketen baitan, pilotalekuaren edukieraren %50a bete ahal izango da, hau da, 340 ikusle inguru.
Txapelketaren izenean Iparraldearen I-ak jarraitzen badu ere, osasun arrazoiengatik aurtengo ekitaldian parterik ez hartzea erabaki dute bertako arduradunek eta bost izango dira eskuzko txapelketa bi hauetan parte hartuko duten selekzioak.
Lehiaketa sistemari dagokionez, kopa sistemarekin jokatuko da, hau da, kanporaketa zuzenekin eta iazko emaitzei erreparatuta, 4. eta 5. sailkatu ziren Araba eta Bizkaiko pilotariek, bi mailetan ere hauek izan ziren okerren sailkatutakoak, elkarren aurka jokatu beharko dute lehen kanporaketa. Igande honetan jokatuko duten kanporaketako irabazleak dagoeneko finalerdietarako sailkatuta dauden Nafarroa, Gipuzkoa eta Errioxarekin batera astelehenean egingo den zozketan izango dira.
Hurrengo hiru asteetan igandez jokatuko dira partidak eta bi mailetako finalak urriaren 4rako daude iragarriak.
Jarraian, Nazionala
Esku pilotak jarraikortasuna izango du Zumarragan, GRABNI-a bukatuta, duela bi urte konfinamenduaren erruz erdizka geratu zen Euskal Herriko Kluben Arteko txapelketa Nazionalari amaiera emango baitzaio. Irurtzun finalerako sailkatuta zela eta Lemoa eta Ultzamako Buruzgainek elkarren artean jokatu beharreko finalerdiaren atarian geratu behar izan zen lehiaketa eta kanporaketa horrekin emango zaio berriro ere hasiera, urriaren 23an. Finala, berriz, azaroaren 7rako dago iragarria.
Final horretan, gainera, pilotaren alde urtetan egindako lana eskertuko zaie zenbait pilotazaleri. Zumarraga bertako Belokiko Antonio Elizondo eta Jose Antonio Aldama, Bidaniko Saiazeko Luis Galarraga, Tolosako Aurrerako Andres Aramendi, Zegamako Tartaloetxeko Juan Mari Gereñu, Amurrioko Jon Guerrero eta Burlatako Zugarraldeko Felix Miguel Rodriguez.