Hobetzeko nahia eta beharra du Amorebietak larunbat honetan Burgosen kontra

Puntu bat eskuratu arren, sentsazio txarrak utzi zituen azken partidak. Animoz hobe baina puntu kopuru berarekin dator hurrengo aurkaria.

Lezaman egindako debuta errepikatu nahi dute urdinek bihar. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Lezaman egindako debuta errepikatu nahi dute urdinek bihar. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Denboraldiko bigarren garaipena bilatuko du larunbat honetan Amorebietak Lezaman (16.00, Movistar), lehena ere bertan ospatu ondoren. Teoriaz urte osoan zehar aurkari zuzena izango du aurrean, urdinen bezela mailara heldu berria den Burgos.

Puntu kopuru berarekin, lau, baina gogo-aldarte desberdinean ekingo diote talde biek neurketari. Bizkaitarrek etxetik kanpoko lehen puntua eskuratu zuten Can Misesen baina, Iñigo Vélezek onartu duenez, «asko sufritu genuen» eta «sentsazio txarrekin itzuli ginen». Burgosek, berriz, lehen garaipena ospatu zuen aurreko jardunaldian. Eta, urdinei Almeriaren kontra gertatu zitzaien bezela, goian egoteko hautagai nagusietako baten kontra, Valladolid alegia, lortu zuen, markagailu biribilarekin (3-0) eta, bide batez, denboraldiko lehen golak sartuz.

Zornotzarrek, beraz, hobetzeko nahiarekin ekingo diote jardunaldiari, puntuak berriro hirunaka eskuratzeko. Sailkapenak eta aurkariak, beharra ere gehituko diote nahiari.

Iñigo Velez de Mendizabalek aitortu duenez, ez dio garrantzi berezirik emango neurketari. Edozein kasutan nahiko luke aurreko jardunaldian egindakoa hobetzea, orokorrean taldea egiten ari denarekin «pozik» agertu bada ere, eta partida garrantzitsuena da «hurrengoa delako. Eta guretzat hurrengoa beti da denboraldiko garrantzitsuena».

Partida «desberdina» espero du baina, oraingoan ere, zaila, «Bigarren Mailan denak diren moduan. Oso ondo egin beharko ditugu gauzak puntuak hemen uzteko». Honen inguruan, Burgosek Valladoliden aurka lortutako garaipenak ez zuen entrenatzaile arabarra harritu. «Burgos edozeinen kontra irabazi dezake eta galdu dezake. Gainontzeko talde guztion bezela. Valladolid gainditzea deigarria izan daiteke, goialdean egongo den talde bat dela uste dugulako, guri Almeriarekin gertatu zitzaigun bezela. Baina ez dago ustekaberik, ez zait harritzen, Bigarren Mailan berdintasun handia dagoelako». Horregatik dute horrenbesteko garrantzia «xehetasunak, oso konzentratuta egon behar zara partida osoan zehar».

Velez de Mendizabal, bestetik, kexu agertu da Lezaman entrenatu ezin egiteagatik. «Oso oso eskerdun nago Athleticengana bertan jokatzen uzteagatik baina egokiena bertan gutxienez egun bat entrenatu ahal izatea izango litzateke, gutxienez etxean jokatzen dugun astean. Nik ulertzen dut beren arrazoiak dituztela, emakumezkoen taldeak jokatzen duelako, Bilbao Athleticek… eta aste honetan ezin izan da izan. Ia aurrerantzean».

Ohi den bezela, entrenatzaile urdinak ez ditu bere planak aurreratu baina Irazabal sartu du deialdian Irazabalen ordez eta hamaikakoan ere aldaketaren bat espero da.