Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevista
Julio Soto Ezkurdia
Bertsolaria

«Une honetan errazago ari gara Afganistani kantatzen txertoaren gaiari baino»

Bertsoaren plaza gogor astindu du pandemiak. Azken bi udak bereziak izan dira, saio gutxi, igurtzi gutxi. Bertsoak plaza behar du arnasa hartzeko eta ikasi du musuko eta guzti arnasa hartzen.

Julio Soto. (Iñigo URIZ/FOKU)
Julio Soto. (Iñigo URIZ/FOKU)

Azken bi udak berezi joan dira, baita uda herriz herri, festaz festa, saioz saio bizi ohi duten bertsolarientzat ere.

Udan plaza asko egin ohi ditu bertsolariak, herriz herriko ibilera bizia izaten da eta jendearekin igurtzia handia. 2020ko eta 2021eko udak berezi joan dira…

Bai. Bereziki iazko uda nahiko desertikoa izan zen eta emozionalki eramaten zaila. Pandemiak gure bizimodua hankaz gora jarri du eta plaza asko egitetik oso plaza gutxi egitera pasatu ginen. Bereziki udan bertsolaria ohituta dago asko ibiltzen, asko kantatzen, herri asko bisitatzen… iaz ez zen hori izan eta kudeatzen ez da erraza. Bertsolari batzuentzat ezta ekonomiko ere. Orokorrean iazkoa nahiko uda tristea izan zen emozionalki eta animikoki. Aurtengoan, ekain eta uztailean orokorrean saio gehixeago izan ditugu eta horrek animoan positiboki eragin digu. Buelta ematen ari ginela ematen zuen, baina abuztuan berriz beherakada handia izan zen. Kutsatze kopuruak gora egin zuen, saio asko bertan behera geratu ziren…

Orain arteko bertso ibilia gehienbat aldatu da bertso otorduak –bertso bazkari eta afari– ia-ia desagertu egin direlako, eta orain arte agendaren zati oso garrantzitsua ziren. Aurtengo uztailean, Nafarroan bereziki, herri batzuk animatzen hasi ziren bertso otorduak egitera eta abuztuan berriz bertan behera uzten hasi ziren.

Gizarte osoarentzat emozionalki oso gorabeheratsua izaten ari da, orain neurri batzuk gero besteak... eta egonkortasun falta hori bertsolariaren agendan ere islatzen da. Irail honetan saio dezente gehiago antolatzen ari dira eta uda itxura gehiago hartzen ari da iraila, baina bertsolari batzuentzat, esango nuke.

Kalkulatuta bertso otordu guztiak desagertuta daudela, pentsa hor zenbat bertsolari gutxiagorentzat dagoen tokia. Bertsolari batzuk badabiltza plazan, ez beste uda batzuetan bezala, baina pixka bat bai. Baina beste bertsolari batzuentzat oraindik nahiko gordin daude gauzak. Nik niretik hitz egin dezaket; irailean ez nago kexatzeko moduan, baina beste hilabete batzuetan nahiko larri ibili naiz plaza kopuruz. Baina iraila beste bertsolari batzuentzat hilabete tristea izango da.

Nik esango nuke lehen plazan asko ibiltzen ziren bertsolariak direla orain plazan gehien dabiltzanak, nahiz eta beti dauden salbuespenak. Baina horrek ez du esan nahi plaza asko egiten dituztenik. Gehien dabiltzan horiei ere asko urritu zaizkie saioak.

Eragin ekonomikoa aipatu duzu. Kulturgile gehienen antzera, bertsolariaren egoera ere estutu du pandemiak.

Egoera asko daude. Badaude ekonomikoki bertsoari gehiago emanak dauden bertsolariak eta badaude bertso jarduna beste lanaldi erdi batekin edo lanaldi osoarekin osatzen dutenak… denetarik dago. Orokorrean bertsoaren diru sarrerarekin kontatzen zuenari nahiko gordin jarri zaizkio gauzak. Lehendik ere ekonomikoki kulturari emana bizi denak daukan soldata izaten du eta bere apustua normalean ez da izaten horri begirakoa. Areago, apustu hori egiterako jakiten du ekonomikoki izango lituzkeela kultur mundukoa baino aukera hobeak, segurtasun eta berme gehiagoko lanak. Sortzaileak maiz beste interes batzuk izaten ditu, baina ekonomia bat ere behar du. Lehendik ere juxtukoa zen gure egoerari asko eragin dio pandemiak. Udan saio askoko hilabeteak izaki, soberakin horiek ondo zetozkigun denoi neguko hilabete pobreagoak berdintzeko. Baina pandemiarekin hori ez da posible izan.

Gure lan egoeran eragina izan du pandemiak eta, ondorioz, bertsolari askok beren egoera birplanteatu dute, beste lan batzuetan hasi dira, beste diru sarrera bat topatu dute… pandemiaren ondorioz lehen bertsoari emanagoak zeuden bertsolari batzuk beste lan batzuetan hasi dira. Ekonomikoki kezka dezente ekarri digu pandemiak bertsolarioi.

Kultura orokorrean oso kolpatua izan da.

Pandemia hasiera hartan kulturari eskaera egin zitzaion eta orokorrean uste dut kulturak erantzun ziola jendearen behar horri lehendabiziko hilabete horietan. Sortzaile bezala frustrazio uneak ere nabaritu ditugu ikusterakoan gizarte honetan kulturak ez daukala behar lukeen pisua eta errekonozimendua. Pandemiaren urte eta erdi honetan asko hitz egin da beharrizanez, oinarrizko beharrez, beharrezko produkzioaz… nik garbi daukat kultura beharrezko gauza bat dela herri baten ongizatearentzat, eta osasun ongizateaz ere ari naiz. Gero ikusten duzu herri askotan erabakitzen dutela saioa ez antolatzea –legearen barruan aukera dagoen kasuetan– eta horrek frustrazioa eragiten dizu, ikusten delako jendartearen parte batek ez duela ikusten kultura –tartean, bertsoa– beharrezko gauza horien arteko zerbait bezala. Horrek pertsonalki zer pentsatua ematen dit, uste dudalako kulturak orokorrean estimazio handiagoa behar lukeela, ematen diguna asko delako.

Eta emozionalki nola eragiten dio bertsolariari plazan gutxiago aritzeak?

Gizaki guztioi eragin digu honek. Gure esparrura ekarrita, bertsolarioi pasada handia eman digu emozionalki pandemiak. Gu ohituta gaude asteburuero oholtzara igotzen eta oholtzan sortzen den magia horretan, tentsio horretan, publikoaren feedback horretan, jendearekin kontaktu horretan bizitzen. Gu hor bizi gara, hori da gure lana. Bat-batean hori guztia moztu zitzaigun eta herriz herri ibiltzeari utzi behar izan genion, edo hainbeste ibiltzeari behintzat. Pixka bat deskolokatuta sentitu ginen, ez delako bakarrik gure ogibidea, gure bizibidea eta bizitzeko modua ere bada. Gure mundua ikusteko modua eta zer mundu ikusten dugun esateko modua –bertsoa–.

Oholtzara igotzeko orduan, gutxiago kantatze horrek konfiantza gutxitzen dizu eta bertsoaren gainean arreta jartzea zailtzen dizu; saioa egingo da edo ez, publikoa musukoarekin dago, gu ere musukoarekin… kanpoko faktore asko daude bertsolariari konfiantzaz eta ondo aritzea zailtzen diotenak. Hala ere, joan gara ikasten, nik esango nuke bertsolariok egokitzen ari garela eta orain entzuten den bertsoen kalitatea iazko udaran entzun zena baina koskaz hobea dela, egoerara ohitzen ari garelako eta orokorrean bertsolaria bertsoaren gainean zentratuago dagoelako. Gero, noski, bertsoa egunez egun aldatu egiten da. Baina orokorrean esango nuke bertsolaria iaz baino zentratuago dagoela eta emozionalki ere pixka bat osoago, baina hala ere oraindik zaila da egoerari emozionalki aurre egiten oholtza gainean.

Asko kantatuko zenioten pandemiari eta bere inguruko neurriei.

Gaitegiari dagokionez, kezka daukat, ez gai-jartzaileei begira, baita bertsolariei begira ere, denok eskutik goaz eta. Iaz jaialdi dezentetan pandemia asko aipatzen zen bezala, nekatu egin ginelako edo, pandemiari kantatzeari utzi egin zitzaion. Saio askotan ez zen aipatu ere egiten ia. Baina orain ni kezkatuta nago. Bertsolariak gaurkotasunari kantatzen dio, dauden eztabaida sozial eta politikoei, dauden arazoei… gizartean orokorrean txertoak ekarri duen problematikari buruz gutxi hitz egiten da, deserosotasun handi bat sortu du eta gai tabu bat bihurtu da. Oholtzatik kanpo deserosotasun hori dagoenez, susmoa dut oholtzan ere ez ote garen gai horri iskin egiten ari. Iruditzen zait alde egiten ari garela agian horretatik eta heldu beharko diogula uste dut, ez posizionatzeko, bertsolariak gertatzen ari denari kantatu behar diolako baizik. Une honetan errazago ari gara Afganistani kantatzen txertoaren gaiari buruz baino. Sintomatikoa da hori.

Uste dut oraindik ere bertsolaria ezin kokatu dabilela pandemiak ekarri dituen auzi etiko eta auzi moralen inguruan, badagoela beldur bat gai-jartzaileen aldetik gai batzuk proposatzeko orduan eta gure aldetik ere badagoela zalantza edo deserosotasun bat zenbait gairi heltzeko unean.

Uda arraroa bertsolariarentzat. Seguru inoiz baino goizago etxeratu zarela…

Egia da pandemiarekin aldatu egin dela saioen ordutegia. Etxera bueltak inoiz baino goizago izan dira eta alde horretatik nekea, beste udara batzuekin alderatuz, eramaten errazagoa izan da. Beste aldetik, iluntzeko jaialdi askoren ostean bertsolariak azken tragoa elkarrekin hartu ezinik geratu gara. Hori ere izan du udarak. Bertsolari askok eskertu egingo zuten eta beste batzuek faltan sumatuko zuten gaueko ibilera hori.

Bertsogintzak moldatzen asmatu duela uste al duzu?

Iruditzen zait egoera zail baten aurrean gauza askotan asmatu dela. Zenbait sektore eta elkartetatik indar eta konpromiso handia erakutsi dute eta askok txapela kentzeko moduko lana egin dute. Zenbait herritan kosta ahala kosta antolatu dituzte saioak, unean uneko neurriak kontuan hartuz, oso garbi izan dute bertso saioa egin behar zela eta egingo zutela.

Beste zenbait ingurutan, lehen nioenaren haritik, iruditzen zait ez dela jakin izan bertsoaren eta kulturaren dimentsioaz ohartzen eta errazegi utzi zaiola antolatzeari. Egia da erakundeek antolatzaileen bizkar gainean utzi dutela osasun erantzukizun osoa eta beldur handia sartu dutela. Ulergarria ere bada. Uste dut orokorrean gauzak ongi egin direla eta asmatu dela moldatzen, baina beste zenbait arlotan –bertso otorduen kasuan adibidez– ez antolatzera jo dute eta kasu askotan egin zitezkeen.

Hausnarketa bat egin behar genuke kulturak eta bertsogintzak duten garrantziaz; ez ote geniokeen leku handixeagoa eman behar kulturari. Balorazio gazi-gozoa egingo nuke nik.