Datozen orduetan erabakiko dira Trestleseko Final Handian 2021eko WSL txapeldunak. Hots, munduko titulua eskuratzeko lehiakideen artean aurkitzen da Carissa Moore. Gaur bertan egin daitekeen txapelketaren ostean deskantsu bat hartzeko asmoa zuela iragarri zuen lau bider munduko txapeldun izandakoak; beraz, baliteke lehiaketa alde batera uztea Kalifornian egingo den lehiaketaren ostean.
Badirudi bere erretiroa prestatzen ari dela 29 urteko surflari hawaiiarra, baina bere ibilbide profesionalaz harago, lehiaketetan lortutako emaitzak baino zerbait gehiago utzi nahi du ondare gisa Honoluluko surflariak. Bere esanetan, surf egiteko moduan eragiten duten surflariak dira luzaz oroitzen direnak.
«Nigan eragina izan zuten surf egiteko moduak, memorian geratu zaizkidan estiloak, sinpleki desberdinak ziren, izaera bat ematen zioten surfari, jendea inspiratzeko ahalmen hori da luzera oroitzen dena, eta hori titulu mundialak baino garrantzitsuagoa da, horixe da nik utzi nahiko nukeen legatua», adierazi zuen Carissak.
Gorabeherak gaindituz
Hawaiiko hiriburuan jaio zen Carissa Kainani Moore, 1992ko abuztuaren 27an, eta egun oraindik Honolulun bizi da, Oahu uhartearen hegoaldean. Bertan hasi zen surf egiten bere aitarekin, Waikikiko hondartzan, bost urte baino ez zituenean, eta lehen unetik «harrapatua» geratu omen zen.
Hamar urte zituela, bere gurasoak, Christopher Moore eta Carol Lum, banandu egin ziren eta aitarekin bizitzea hautatu zuen itsasotik gertu egoteko. Bere karrera profesionalean pisu handia izan du aitak, bere kontseilari eta entrenatzaile ere izan baita. Hala ere, bera baino bost urte gazteagoa den Cayla Moore ahizparekin eta bere amarekin ere harreman iraunkorra du.
Oso gazte zela hasi zen lehiatzen eta profesional bihurtu zenetik aita beti ondoan izan zuen Carissak, baina 2015ean, hirugarren titulu mundiala irabazi ostean, buruan bueltaka zituen hainbat galderari erantzuna aurkitzeko bide berri bat abiatu zuen eta maila psikologikoan zein emozionalean oreka lortzeko entrenamendu berezi bat hasi zuen kontseilari batekin.
Nolabait esan, «beretzako denbora hartu» zuen Carissak, surfaz harago dauden gauzei denbora gehiago eskaini zien eta ibilbide hori bakarrik egin behar zuenez, bere aita alde batera geratu zen. Ordea, 2018an, Jeffreys Bayko txapelketa baten ostean, Carissa lur jota zegoen, eta berriz ere aita-alabak elkartu egin ziren, estrategia berri batekin bidea irekitzeko.
Tarte horretan, 2017. urtean, Carissa ezkondu egin zen eskola garaitik bere mutil-laguna izan zen Luke Untermannekin. Etxe hawaiiar baten atzeko aldean ezkondu zen bikotea. Ezkontzan 350 gonbidatu izan ziren, besteen artean, John John Florence, Coco Ho edo Stephanie Gilmore bezalako surflari ezagunak.
Gaztetatik indartsu
Barack Obamak, AEBetako presidente ohiak, ikasketak egin zituen eskola berean ikasi zuen Carissak eta 11 urte zituela eskola arteko txapelketa guztiak irabazten hasi zen. Urte bat geroago, 12 urte zituela, babesleen dirua jasotzen hasi zen eta profesional bilakatu zen.
Ehunka txapel irabazi ditu Carissak bere ibilbide profesionalean, baina badira bi garaipen gazte zela zuen nagusitasuna agerian uzten dutenak. Koroa Hirukoitza inoiz irabazi duen lehiakide gazteena bera izan zen, 2008an, 16 urterekin, eta hiru urte geroago munduko WSL titulua irabazi zuenean, titulu mundiala irabazi duen lehiakide gazteena bilakatu zen.
Lehen mailan lehiatzen 2010. urtean hasi eta 2011n munduko txapelduna izan zen. Gero, beste hiru titulu mundial irabazi zituen, 2013, 2015 eta 2019an. Horrez gain, Tokioko Olinpiar Jokoetan irabazi ostean, nesken kategorian urrezko domina olinpikoa lortu zuen lehen emakumea ere bilakatu zen.
Kultura hawaiiarra
Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko AEBetako selekzioarekin Makinoharako entrenamendu gunean ostatu hartu zutenean hitz-hartzea egin zuen japonieraz Carissak, bertakoen abegi ona eskertzeko; izan ere, lau urtez ikasi zuen japoniera eskola garaian.
Tokion urrezko domina irabazi zuenean bandera estatubatuarra zuen soinean, baina bere karrera profesionalean AEBetako bandera erakutsi zuen aldi bakanetakoa izan zen, zeren Carissa hawaiiarra da, eta inoiz mugimendu politiko batean engaiatu ez bada ere, kultura hawaiiarraren defendatzaile sutsua da.
Hawaiiko kultura babesteko hainbat ekimenez gain, bestelako hainbat proiektutan ere parte hartu du Carissak. Adibidez, 2012an Panama, Costa Rica eta El Salvadorreko kostaldean 8 eta 12 urte bitarteko haurrei surf egiten eta plastikozko botilak berrerabiltzen irakastea helburu zuen ‘Granito de Arena’ egitasmoan parte hartu zuen.
Lehen esperientzia hartatik hainbat ekimen burutu ditu Carissak, batez ere ozeanoa babestea helburu zutenak, baina berriki bestelako fundazio bat sortu du emakumeak «elkarrekin» surf egitera animatzeko.