Iragan uztailean iragarri zen Matt Costelloren fitxatzea –etapa berrirako lehen jokalaria zen– eta gaur bertan iritsi da jokalaria, familiarekin batera, Gasteizera. Saski Baskoniako jokalari berriak ezin izan du taldearekin denboraldi-aurrea egin, baina fisikoki ondo eta prestatuta iritsiko da, Boli Kostarekin Afrobasketa jokatzen aritu baita. Gainera, zilarrezko domina irabazi du txapelketa hartan.
Gauzak hala, Amerikako Estatu Batuetan burokrazia tramite batzuk egin eta gero, eta Gasteizen lurreratu bezain laister, lehen adierazpenak egin dizkio klubari. Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldera batzeko gogoak azaldu ditu eta, bere ustez, «denbora pixka batekin» elkarrekin ondo jokatuko dute.
«Afrobasket luzea izan da, baina oso esperientzia ona»,a dierazi du Costellok. «Orain klubarekin hasteko eta denboraldi honetan lan egiteko gogotsu nago», azpimarratu du jokalariak. Ohartarazi duenez, Europara duela hiru urte iritsi zenetik, Euroligan jokatzea bilatzen zuen.
«Erasoan eta defentsan gogor jokatzera aterako naiz eta taldekideekin lehenbailehen moldatzen saiatuko naiz», gaineratu du Costellok. Baskoniarrak bere talde berriaren denboaraldi-aurreko zenbait partida ikusi ditu eta, onartu duenez, «gorabehera batzuk izan ditu». «Batzuetan ondo jokatu dugu erta beste batzuetan ez hainbeste, baina talentua hor dago», adierazi du baikor.
Matt Costellok ezin izango du gaur arratsaldean (19.00, Buesa Arena) Errumaniako Sibiuren kontra denboraldi-aurreko azken partida jokatu –Araba Saria, hain zuzen ere–, lehenago azterketa medikuak gainditu behar baititu. Dena ondo badoa, pibotak debuta egin lezake larunbat honetan Valencia Basketen aurkako Liga partidan.