NAIZ

Besarkadez beteta egongo da Marion Cotillard protagonista izango duen inaugurazio gala

Aurten ere Jon Mayak zuzenduko ditu Zinemaldiko galak –inaugurazio eta amaierakoa, Johnny Depp-ena eta Euskal Zinemarena– Harkaitz Cano eta Ane Garcia gidoilariek eta Luis Mari Moreno Urretavizcaya ‘Pirata’ musikariak lagunduta. Ostiraleko inaugurazioan, Marion Cotillard izango da protagonista.

Marion Cotillard Canneseko jaialdian. Aurten, Donostia saria jasoko du gurean. (AFP)
Marion Cotillard Canneseko jaialdian. Aurten, Donostia saria jasoko du gurean. (AFP)

2020an distantziaren kontzeptua izan zen inaugurazio galaren ardatza, baina urtebete geroago, Marion Cotillard aktore frantziarrak jasoko duen Donostia Sariarekin batera, besarkadak izango dira Donostia Zinemaldiaren 69. edizioaren hasierako protagonistak Kursaal Auditoriumean.

Bigarren urtez jarraian, Jon Maya dantzari eta koreografoak hasiera eta amaierako galak zuzenduko ditu, baita Johnny Deppi Donostia Saria emateko ekitaldia eta Euskal Zinemaren gala ere. Berriz ere, Harkaitz Cano idazlea izango da gidoilaria, oraingo honetan Ane Garciak lagunduta, eta aurten ere Luis Mari Moreno Urretavizcaya ‘Pirata’ jardungo da musika-zuzendari.

Elena Iruretak, Asier Etxeandiak, Anne Igartiburuk eta Cayetana Guillen Cuervok ezustekoz beterik izan nahi duen gala bat aurkeztuko dute, non berariaz aipatuko baitira pandemiak debekatu zizkigun besarkadak. Kukaiko dantzariek, halaber, pieza koreografiko ugari egingo dituzte, baita Zea Mays taldeak musika emanaldiak ere, Rozalenek, Etxeandiak berak eta beste zenbait musikarik lagunduta.

«Diotenez, jatorrian, besarkadaren garapena edo ordezkoa izan zen txaloa: urrun dagoena besarkatzeko modurik ez dugulako jotzen diogu txalo. Besarkatu nahi genukeenari jotzen diogu txalo, alegia. Gustatuko litzaiguke irekiera galak berak, eta Zinemaldiko film bakoitzak, nahi baino gehiago atzeratzen ari zaigun besarkada horretara iristeko falta zaigun tartea txikitzen laguntzea», adierazi du Harkaitz Canok.

Orobat, Marion Cotillardi Donostia Saria emango zaio zeremoniaren amaieran, bere ibilbide luzea aintzateste aldera, baina horretarako ez ezik, zeremoniak Zinemaldiarekin estuki lotuta zeuden bi pertsona omentzeko ere balioko du, hil eta gutxira: Batetik, Luis Gasca, 70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran Zinemaldiaren zuzendaria izan zena; eta bestetik, Bertrand Tavernier zinemagilea.

Aurten, gainera, Fipresci Sari Nagusia berreskuratu eta ‘Días de Cine’ TVEko programak telebistan daramatzan hiru hamarkadak aitortuko dira.

Carlos Saura zinemagileak ‘Rosa rosae. La Guerra Civil’  film laburra aurkeztuko du, zeina lehiaz kanpo emango baita, Sail Ofizialean lehiatuko den lehen film luzea –Zhang Yimouk zuzendutako ‘Yi miao zhong / One Second’– eman aurretik.

Galak TVE katearen La 2 kanalean, ETB1 kanalean, eitb.eus atarian eta Zinemaldiko webgunean emango dira zuzenean.

Antonio Banderas eta Emmanuel Carrere

Bestalde, Antonio Banderas eta Cecile de France aktoreek Zinemaldiaren inaugurazio egunean parte hartuko dutela baieztatu dute.

Hona hemen 69. ediziora joango direla aurretik baieztatu duten beste pertsona batzuk: Javier Bardem, Jessica Chastain, Marion Cotillard, Penelope Cruz, Johnny Depp, Emmanuelle Devos, Dolores Fonzi, Charlotte Gainsbourg, Louis Garrel, Vincent Lindon, T'Nia Miller eta Simon Rex.

Jason Isaacsek, aldiz, adierazi du ezingo duela Zinemaldira etorri agenda arrazoiak direla eta. Noemie Merlant aktore eta zuzendaria eta Xavier Giannoli zinemagilea ere ezin izango dira Donostiara etorri, baina Emmanuel Carrere euren filmak Donostian aurkeztuko dituzten zinemagileen zerrendan sartuko da: Sean Baker, Laurent Cantet, Xavier Giannoli, Lucile Hadzihalilovic, Ryusuke Hamaguchi, Radu Jude, Kira Kovalenko, Joachim Lafosse, Gaspar Noe, Todd Haynes, Carlos Saura, Celine Sciamma, Claire Simon eta Paolo Sorrentino, besteak beste.

Emakumezko zuzendarien dagokienez, hauek dira nabarmentzekoak: Cannesko Urrezko Palmorriaren irabazle Julia Ducournau, ‘Titane’ bere filma Perlak sailean aurkeztuko duena; Veneziako Urrezko Lehoiaren irabazle Audrey Diwan, Epaimahai Ofizialeko kide gisa arituko dena; eta Urrezko Maskorraren azken irabazle eta Epaimahai Ofizialeko buru Dea Kulumbegashvili.