NAIZ

Elkartasuna Bilbon metaleko grebalariekin: «Eskubideak defendatzea ez da delitua»

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuetako ordezkariek Bizkaiko metalean egindako grebaren ondorioz epaituak izan diren langileak babestu dituzte ostegun honetan. Adierazi dutenez, «langileen eskubideak defendatzea ez inoiz izango delitua».

Sindikatuen elkarretaratzea Bilbon, metaleko grebaren ondorioz epaitu dituztenei elkartasuna adierazteko. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Sindikatuen elkarretaratzea Bilbon, metaleko grebaren ondorioz epaitu dituztenei elkartasuna adierazteko. (Monika DEL VALLE/FOKU)

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuetako ordezkariak bildu dira ostegun honetan Bilboko epaitegien aurrean, Bizkaiko metalean egindako grebaren ondorioz izan ziren mobilizazioetan parte hartzeagatik epaituak izan diren langileei babesa adierazteko.

Azaldu dutenez, borroka horren ondorioz, gaur egun zazpi langile daude inputatuak; guztira 15 langile auzipetu dituzte, baina horietako zortzi absolbitu egin dituzte. «Honetaz gain hainbat isun eta zigor ekonomiko jarri dira, kasu batzuetan ‘Mozal Legea’ aplikatu delako», adierazi dute, eta gaurkoa ez dela azken epaiketa izango ohartarazi. Urriaren 4an beste bi langile epaituko dituzte eta kasu honetan Lakuako Gobernuko zerbitzu juridikoek 23 hilabeteko kartzela zigorra eskatu dute.

«Salatu nahi dugu akusazio horien guztien atzean dagoena: grebarako eskubidea kriminalizatu nahi da, lan eta bizi baldintza duinak babesteko borroka guztiak kriminalizatzeko nahia dago. Kolektibo oso baten, sektore baten, borroka eredugarria gauzatu duten langileen borrokari aipua kendu nahi diote», nabarmendu dute, eta «kriminalizatzeko saiakera hori» erabaki politiko baten ondorioa dela erantsi.

Zentzun honetan, «erabaki hori instituzioen eskutik» etorri dela salatu dute, «bereziki, Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzatik. Izan ere, gatazkan zehar patronalaren alde jarri zen zalantzarik gabe, adibidez, Ertzaintza bidali zuenean grebalariak beldurtzera. Azkenean, zenbait langile jipoitu, atxilotu eta salatu egin zituzten».

«Ez ditugu ikusi lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza greba egiteagatik kaleratuak izan diren metaleko langileak babesten, greba egin ez dezaten mehatxatuak izan diren langileak defendatzen, egunero euren lan eskubideak urratuak ikusten dituzten langileen ondoan edo prekarietatean murgilduta bizi diren langileekin, batzuetan osasuna galtzen dutenak eta gehiegitan bizitza ere. Horrez gain, enpresariak ez ditugu ikusi epaiketei aurre egiten, espetxeratzeko eskaerei aurre egiten, oraintxe aipatu duguna bezalako eskubide urraketak gauzatu badituzte ere. Erabateko inpunitatearekin jarduten dute norbaitek ahalbidetzen duelako, sistema osoak ahalbidetzen duelako», salatu dute.

Eta Bizkaiko metala ez dela salbuespen bat azpimarratu dute. Haien esanetan, «Jaurlaritzak berrikusi beharra dauka euren lanpostuen defentsan ari diren langileen aurka, azken hilabeteetan poliziak izan duen jarduera salagarria, euren artean ITP-PCB edo Tubacexeko langileen kontrako erasoak». «Azken bi gatazka hauetan, gutxienez zortzi dira epaitegietan deklaratu behar izan dutenak eta litekeena da inputazio gehiago heltzea. Inork ezin ditu ahaztu Ertzaintzak ITP-PCBko ateetan jipoitutako langileen irudiak edo Tubacexeko langileenak, Eusko Jaurlaritzaren aurrean Poliziak erasotuak», esan dute.