Olatz Mitxelena Larreta idazle oiartzuarra izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Deialdi honetan hamabi proiektu aurkeztu dira, eta Mitxelenaren ‘Arrakalak’ izeneko ipuin bildumaren proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek.
Lehiaketarako, Mitxelenak ‘Arrakalak’ osatzen duten lau kontakizun aurkeztu zituen. Liburuan, autoreak azaltzen du estiloari dagokionez ipuin bakoitza desberdina izango dela. «Badaude batzuk intimoagoak edo hausnarketarekin lotuagoak direnak; eta beste batzuk jolastiagoak, surrealismotik edo fantasiatik gertuago daudenak. Estilo diferente horiekin jolastu nahi dut», azaldu dio NAIZi.
Nahiz eta pertsonaiak edo lekuak aldatzen joan liburuan zehar, ipuinek komunean dutena, hain zuzen ere, «gure arteko harremanetan sortzen zaizkigun halako pitzadurak edo arrakalak» dira. Hortik sortzen da proiektuaren izenburua. Aldi berean, «kezkak, beldurrak edo minak» ere agertzen dira ipuinetan, dena umore puntu bat batekin jorratzen diren gaiak «gogorrak edo ilunagoak» izan arren.
Mitxelena Filosofian lizentziatua da, zenbait graduondo ikasitakoa eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Zenbait sariketa irabazi izan du, prentsako zutabeak ere idazten ditu, baina hauxe izango du lehenengo liburua.
Hogeita lau urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek 6.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza. Sari-ematea, ostegun honetako arratsaldean izango da, 19.00etan Beasaingo Igartza jauregian.