«‘Fordlandia’-rekin jendeak sentitzea bakarrik nahi dugu, ez pentsatzea»
Lucia Lacarra zumaiarrak mundu osoko eszenatokietan dantza egin du eta aste honetan, Matthiew Goldingekin batera, ‘Fordlandia’ obra aurkeztu du Biarritzeko Maitaldia festibalean. Beste hiru artista gonbidatu dituzte sorkuntza prozesura: Anna Hop, Yuri Possokhov eta Juanjo Arques.
Biarritzeko Gare du Midi antzokia ordu batzuen buruan ‘Fordlandia’ obrari harrera egiteko prestatzen ari zirenean, langileen artean agertu zen Lucia Lacarra gorriz jantzita. Berea gorputz zaluarekin argazkilariaren esanetara bere grazia agertu zuen kameraren aitzinean. Ondoren, bere soinekoaren koloreko eserlekuetan obraren funtsari buruz mintzatu zen GARArekin, eta urrian estreinatuko duen ‘In the still of the night’ ere aurkeztu zuen.
Nola sortu zen ‘Fordlandia’?
Konfinamenduan sortu zen, Matt-ek eta nik urtebete eta pixka bat gehiago generaman batera dantzatzen, eta emanaldi bat batera egin nahi genuen, guk biok bakarrik, baina ez geneukan denborarik. Prestatzen hasteko 2020ko urtarrilean astebete San Frantziskora joan ginen Yuri Possokhovekin lan egitera, eta otsailean ere landu genuen Anna Hopekin, baina pentsatzen genuen galak egiteko, edo zati batzuk elkarrekin ipintzeko izango zela, besterik ez.
Martxoaren 13an Dortmunden ginen lanean; antzokia itxi zuten eta esan ziguten etxera itzultzeko. Ni Zumaiara etorri nintzen, eta bera Amsterdamera, bere etxera, eta Espainian 14an ateak itxi zituzten.
Shock handia izan zen, munduko dantza desagertu egin zen, antzoki eta konpainia guztiak itxita, eta beldur pixka bat ematen zuen. Baina lehen egunetik deitu nion, eta esan zidan denbora hori zerbait positiboa egiteko erabiliko genuela, emanaldi bat sortuko genuela.
Konfinamenduko momentu hori oso produktiboa izan zen. 5 urteko alabarekin bakarrik nengoen etxean, jolasten egun guztian, eta lotara joaten zenean, telefonoan hasten ginen ideiak partekatzen, gauzak pentsatzen, koreografoekin hitz egiten, bideoei buruz… eta momentu zoragarria izan zen, ez geneukan beste ezer. Lagundu zigun amets egiten, egoera hau amaituko dela, eta tunelaren bukaeran argia dagoela ikusten.
Egiazko zerbait egin nahi genuen, nola sentitzen ginen azaldu, ez bakarrik ederra. Obran zehar ikusten diren bideoetan ni Zumaiako flyschean nago, puntan, eta denek galdetzen dute ea efektu bereziak diren, eta ea helikopteroz igo nintzen. Ni oinez joan nintzen, euskaldunak ibili egiten garela esaten diet. Besteak ez ziren etorri, ni eta dronea bakarrik geunden han. Hori nirea, gurea zen, han nengoen berarengan pentsatzen, eta bera Holandako hondartza batean dago, eta gero biak gaude Holandako baso batean.
Nola deskribatuko zenuke?
Amets bat da; pertsona bakoitzak ezberdin ikus dezake, zeren ametsak horrelakoak dira, batzuetan asko sentitzen dituzu, baina ez daukate zentzurik. Nahi genuen jendeak amets egitea eta ordubetez beste mundu batera eramatea, fedea izateko egun batean denak lehen bezala aurkituko garela.
Lau koreografo dauzkagu eta bakarrik azkeneko koreografia da “Fordlandia”rako egin ez dena. Sinbolikoa da; antzezlan guztian zehar ari gara elkar aurkitzen saiatzen eta azkenean pelikulan aurkitzen dugu elkar, eta hor, eszenatoki gainean, agertzen gara pandemia baino lehenago geneukan koreografia dantzatzen. Gure buruan, eta gure bihotzean, eszenatokian aurkitzea egoera normal batera bueltatzea da.
Poza ematen digu jendea hori ulertzen ari dela ikusteak, eta guztiek esaten digute amets egin dutela emanaldian zehar eta ondo sentiarazteko boterea daukala, baita argi positiboa emateko ere. Guretzat zoragarria da, zeren guk hori sentitzen genuen emanaldia lantzen ari ginenean.
Kolaboratzaileak nola aukeratu zenituzten?
Hau da guk bakarrik egiten dugun lehen aldia; erantzukizun handia da, bi dantzari bakarrik ordubetez eszenatoki gainean, eta pentsatzen genuen erakutsi behar genituela modu ezberdinak gu izanez, koreografia edo estilo ezberdinekin. Yurirekin kontaktatu genuen, San Petersburgoko Dance Open-en gala bat geneukalako, eta nahi zuten kreazio bat, eta nik Yurirekin nahi nuela esan nien, nahi genuen gala horretarako.
Anna Hop Mattek ezagutu zuen, eta berarekin lan egiteko gogoa zeukan; harekin kontaktuan jarri ginen. Behar genuen zati bat erdiko parterako, (‘Fordlandia’ deitzen dena); horretarako norbait berria nahi genuen, eta nik Murtziako Juango Arques ez dut pertsonalki ezagutzen, baina hori zen momentua, bera ere lan egiteko irrikitan zegoen.
Hiru hilabetez telefonoz aritu eta gero, ekainaren 15ean Bilbotik Frankfurterako lehen hegazkina atera zenean, ni bertan nengoen; 16an hasi ginen koreografiatzen, 25ean geneukan bideoan jada dena pentsatuta, eta irailaren 19an estreinatu genuen. Dena oso azkar joan da.
Izena oso berezia da. Zer esan nahi du?
Bageneuzkan Johan Johansson konpositorearen zati batzuk hartuta, asko gustatzen zaigu, eta Mattek zortea izan zuen hil baino lehen ezagutzeko. Egun batean haren beste zati bat aurkitu genuen, ‘Fordlandia’ deitzen dena, eta pila bat gustatu zitzaigun. Gauza berezi bat dauka, loop batean errepikakorra da, eta ametsetan jartzen zaitu. Izena berezia iruditzen zitzaidan. Interneten aurkitu nuen konpositorea Henry Fordek Amazonian sortu zuen herri utopiko batekin inspiratu zela; bere ametsa herri bat biltzea zen; zoritxarrez, ez zen ondo atera, eta hau gure ametsa zen. Lehen momentutik jakin genuen hori izango zela erdiko zatia, eta hasieratik obra horrela deitzen hasi ginen.
Nola agertzen zarete biak eszenatoki gainean, ikusleen aitzinean?
Gu gara; ez dauzkagu rolik, ez dago dekoraziorik, ez dago jantzitegi handirik ere. Gure beharra da ondo sentitzeko amestea eta sinistea etorkizuna hobea izango dela, eta jendeak ere hori sentitzea nahi dugu. Ez dago istoriorik, eta bakoitzak sentitzen duena ondo dago. Batzuetan gauza ezberdinak sentitzen ditugu, eta ez dago gaizki ulertzerik, edo gaizki sentitzerik. Jendeak sentitzea bakarrik nahi dugu, ez pentsatzea.
Zein estilo mota da?
Lau koreografo daude, eta estiloak ezberdinak dira, baina neoklasikoa da. Dantzatzen naiz puntarekin, galtzerdiekin…Dantzatzeko modu ezberdinak daude, batez ere, emozioak sentitzeko eta ez pausoari buruz pentsatzeko.
Aurrera begira zer proiektu dituzue?
Urriaren 16an bigarren estreinaldia daukagu. ‘In the still of the night’ du izena. Honek estiloa dauka, eta dramatikoa da, istorio batekin; pelikula ere badaukagu. Pelikula flashbackak dira, gau batean pasatako gauzak ikusten dira, eta gero, gu gaude eszenatokian. Oso lanpeturik egon gara, eszenatokian ‘Fordlandia’ dantzatzen ez geundenean, hau sortzen geunden, filmatzen…
Biak batera egingo ditugu, eta orduan Suediara goaz, gero Dortmuntera itzuliko gara emanaldi gehiago egitera, eta gero bien artean Espainian birarekin jarraituko dugu. Urriaren 4an Arriagara joango gara, zeren han ematen dituzte Max sariak eta ‘Fordlandia’-gatik izendatuta nago. Gero biekin batera jarraituko dugu.
Zer kontatzen duzue ‘In the still of the night’ obran?
Kontatzen du bikote baten istorioa, gau batean gizonaren etxean daudela; ikusten dugu zerbait gertatzen dela beraien artean, eta hori ulertzeko ikusten ditugu antzinako flashbackak, 1960ko hamarkadako musikekin eta estiloarekin. Ez dauka edaderik, baina flashbackek ‘retro’ estiloa daukate. Denborarekin konturatzen joaten gara zer gertatu zen gau horretan, eta horregatik gertatzen da hori eszenatoki gainean. Ezin da gehiago kontatu ere, bestela sorpresa galtzen da.
Drama gehiago dauka, pelikula, proiekzioak… gauza asko eginda daude irudietan, musikaz oso ederrak. Ordubeteko emanaldia da eta gu bakarrik gaude eszenatoki gainean, bideoetan Dortmundeko dantzari batzuk badauzkagu ere. Ilusio handia daukagu.
Koreografia nork egin du?
Mattek eta biok osatu dugu, baina bera da koreografoa.
Ikuskizunean bideoak integratzea gustatzen zaizue.
Guretzat garrantzitsua da; nolabait esperientzia orokor bat bihurtzen du. Dantza laguntzen duzu musika zoragarriekin, jantziekin, irudi politekin… dena beste maila batera joaten da. Dantza nire pasioa da, baina ulertzen dut, eta dantzariok ulertu behar dugu, jendeak ez daukala zertan gure pausoak ezagutu edo ulertu. Emozioak, ordea, jende guztiak ulertzen ditu, eta esperientzia orokor batean denek dute zerbait disfrutatzeko: musikaren plazera, irudiena… Oso garrantzitsua da, horrek guztiak eramaten zaitu atmosfera batera, ipintzen zaitu leku batean emozionalki, baita irudiekin ere.
Dantza askori buruz esaten dute ez dutela beste ezeren beharrik, batzuetan musikarik gabe ere dantzatzen dute, baina guk ez dugu dantza hala ulertzen; guk inspirazioa aurkitzen dugu musikan, argietan… denean.