«Kimuak-ek dituen bidelagun guztientzako saria ere badela sentitzen dugu»
Azken urteotan egindako lanaren eskerrona jasoko dute astearte honetan Kimuak katalogoaren arduradunek, Txema Muñozek eta Esther Caberok, Euskal Zinemaren Galan. Pozarren daude.
Nola jaso duzue saria?
Poz eta ilusio handiz, noski. Oso sorpresa polita izan da, saria Ibaia eta EPE/APV-tik, sektoreko elkarte nagusietatik, datorrelako. Baina errealistak gara teknikari gisa dugun zereginari dagokionez, eta Kimuak-ek dituen bidelagun guztientzako saria ere badela sentitzen dugu. Erakundeen, sortzaileen, erakusleen eta orotariko eragileen babesa etenik eta baldintzarik gabekoa izan da programak dituen 23 urteetan, eta Zinemira sariak sare hori guztia ere aintzatesten duela esango nuke.
Nola sortu zen Kimuak? Zer gabezia zegoen garai hartan?
Etxepare Euskal Institutuak antolatu eta Euskadiko Filmategia Fundazioak Zineuskadiren laguntzarekin kudeatutako euskal film laburrak sustatzea eta zabaltzea xede duen ekimena da Kimuak. 1998an sortu zen, euskal zinemarentzat oparotasun handiko unean. Film laburrak egiteko dirulaguntzak bazeuden arren, horien banaketa ez zegoen bermatuta, eta Kimuak gabezia horri erantzuteko eratu zen.
Kimuak euskal ikus-entzunezkoen sostengu-egitura osatzen duten hanka ugarietako bat da. Guztiak dira beharrezkoak, oinarria sendoa izan dadin. Hautatuak diren egileek ez dute banaketaz arduratu behar eta beste proiektu batzuk garatzen has daitezke, euren film laburrak munduan zehar dabiltzan bitartean. Errealizadoreentzako arnasbidea da.
Zein balorazio egiten duzue orain arte egindako ibilbideaz?
Betebehar horiek ondo bete dira urte hauetan. Orain, ordea, ikus-entzunezkoen panorama etengabe aldatzen ari da, eta gure helburuak egokitu behar ditugu, eta, ahal dela, behar berriei aurrea hartu. Gure hasierako filosofia mantentzen dugu, baina etorkizuneko erronken aurrean erne egoteari utzi gabe.
Euskal Herriko film laburren harrobitzat hartu izan da Kimuak. Ados zaude?
Harrobia sortzen lagundu duela esango nuke, nahiz eta beste osagai asko behar izan diren. Kimuaken lanaren zati bat sorkuntza bultzatzea da, errealizadoreak, enpresak eta teknikariak hemen gera daitezen eta industria-ehuna sor dezaten, eta hori lortu dela uste dut. Bestalde, Kimuak hainbat belaunalditako errealizadoreentzako topagunea ere bada, eta gure zinematografia aberasten duten sinergia benetan interesgarriak sortzen dira.
Zenbat izenburu sartu dira urteotan katalogoan? Zenbat egile?
1998tik 2021era bitartean sortu den katalogoak 173 film labur biltzen ditu. Zaila izango litzateke lan horien atzean zenbat egile dauden zehaztea, taldean egindako film asko baitaude. Pentsa, Bego Vicariok azken urteotan koordinatu dituen animazio lanetan (‘Beti bezperako koplak’, ‘Areka’, ‘Ehiza’) hogei egile baino gehiago batu dira bakoitzean!
Sortzaileen eskerrona jasotzen duzue. Horrek aurrera egiten laguntzen du?
Haien hitzak entzuteak beti hunkitu egiten gaitu, oso harreman hurbila baitugu guztiekin. Nolabait, bide zuzenetik goazela erakusten digu, eta euskal zinema ikusarazteko lanean gogor jarraitzera bultzatzen gaitu.
Zein izan da katalogoaren arrakastaren giltza?
Zalantzarik gabe, hautatutako film laburren talentua eta bikaintasuna. Sorkuntzak hemen duen maila izango ez balu, oihartzuna txikiagoa izango litzateke, eta Kimuak ikus-entzunezkoei laguntzeko neurrien barruko beste programa bat izango litzateke. Era berean, azpimarratu behar da konstantzia ere funtsezko faktorea dela Kimuak-en arrakastan: epe luzera egin zen inbertsioa da, eta igaro diren gobernu ezberdinen konfiantza jaso du. Inoiz ez zaio utzi film laburra bezalako gauza txiki baten aldeko apustuari, eta inbertsioak bere emaitzak eman ditu.
Nazioartean badago era honetako beste egitasmorik?
Bai, urte hauetan sustapen-egitasmoak sortzen joan dira han eta hemen, baina askok katalogo oso zabalak dituzte eta ez dute banaketarik egiten. Kolonbiaren kasuan, bai; Proimágenes Colombia zinematografia sustatzeko funts mistoa gurekin harremanetan jarri zen Refresh izeneko programa sortzeko, gaur egun hiru edizio dituena. Estatuan ia erkidego guztiek dute film laburrak sustatzeko programa bat, bakoitzak bere berezitasunak dituela. Baina Kimuak izan zen aitzindaria.
Kimuak katalogoaren kudeaketaren alderik politena eta zailena zein esango zenuke dela?
Politena, pertsonalki, taldeekin sortzen den harreman hurbila da, eta haien ilusioen parte sentitzea. Oso lan humanoa da, oso gertukoa. Zailena, aldiz, euskal laburgintza guztia lagundu ezin izatea dela esango nuke, aukeraketatik kanpo geratzen diren askok ezin baitituzte beren lanak euren kabuz banatu. Ekoizpen gehiagori aholku eta laguntza eman ahal izateak film laburra profesionalizatzea eta industriaratzea ahalbidetuko luke.
Nolako osasuna ikusten diozu film laburren alorrari?
Sorkuntzari dagokionez, euskal film laburren arloa momentu onean dago. Nazio txikia izanda ere, nazioarteko proiekzioa eta lehia-maila handia duten ekoizpen berri ugari kaleratzen dira urtero. Baina oraindik ere, profesionalizaziorik eza da nagusi, eta hori da etorkizunera begira bultzatu behar dugun aldaketetako bat.