NAIZ

Lakua salgai dauden babes ofizialeko etxebizitzak erostera derrigortzea proposatu du EH Bilduk

EH Bilduko legebiltzarkidea den Unai Fernandez de Betoñok lege proposamena aurkeztu du alokairu sozialeko parke publikoa handitzeko. Lakua salgai dauden babes publikoko etxebizitzak erostera legez derrigortzea proposatu du aipatutako helburua lortzeko.

Unai Fernande de Betoño gaurko agerraldian. (Raul BOGAJO/FOKU)
Unai Fernande de Betoño gaurko agerraldian. (Raul BOGAJO/FOKU)

EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu du asteazken honetan Gasteizko Legebiltzarrean. Lege horren xedea alokairu sozialeko parke publikoa handitzea da, eta horretarako Lakua merkatura ateratzen diren babes publikoko etxebizitzak erostera legez derrigortzea proposatu du, izan ere, gaur egun erosteko eskubidea du, baina azken sei urteotan 28 aldiz bakarrik aplikatu du.

«Gure legearekin gaur hautazkoa dena obligazioa litzateke Gobernuarentzat», azaldu du EH Bilduko legebiltzarkidea den Unai Fernandez de Betoñok. Honek dioenez, neurri hori aplikatu beharko litzateke alokairu babestuko eskaintza publikoak Etxebiden erregistratutako eskarien %80 asetzen ez dituen udalerrietan; hau da, EAEko gehien-gehienetan. Izan ere, gaur alokairu babestuko parke publikoan 24.000 etxebizitza daude, baina Etxebideren zerrendetan 60.000 eskatzaile daude.

«Lege honen bitartez eskuratutako etxebizitza guztiak alokairu sozialera bideratuko lirateke, horixe baita proposamen honen helburu nagusia, alokairu sozialeko parke publikoa handitzea, alegia», nabarmendu du Gasteizko Legebiltzarrean izandako agerraldian.

Bertan legeak kontu publikoetan izango lukeen inpaktu ekonomikoa ere kuantifikatu du. «Urtean babes publikoko 600 etxebizitza inguru saltzen direla kontuan hartuta, Jaurlaritzak 80-90 milioi euro beharko lituzke horiek guztiak erosteko, gutxi gorabehera orain etxebizitza prestazioetara bideratzen duena. Finean, prestazioetan oinarritutako sistema batetik etxebizitza parke publiko sendo batean oinarritzen den eta egiturazko erantzunak ematen dituen sistema batera pasako ginateke», esan du.

Iruzurra eta putre funtsak

Zeharka, legeak beste helburu bat lortzea ere ahalbidetuko luke, EH Bilduren esanetan: «Etxebizitza babestuen salerosketetan udalerri batzuetan hain hedaturik dagoen iruzurra, diru beltzaren erabilera, amaitzea». Gainera, legea etxebizitza babestuei ez ezik, merkatu libreko etxebizitzei ere aplikatuko litzaieke inbertsio-funtsen jarduera mugatzeko. 2015az geroztik indarrean dagoen Etxebizitza Legearen arabera, Lakuak etxe libreen salerosketa batzuetan esku hartu eta lehentasunez erosteko eskubidea du, baina orain arte ez du inoiz baliatu.

Fernandez de Betoñok adierazi duenez, «gure legeak ez du derrigortzen kasu horretan, baina aukera zabaldu egiten du, bereziki putre-funtsek egiten dituzten salerosketa handietan pentsatuz: jabe bakar batek bost etxebizitza baino gehiago saltzen dituenean lehentasunez erosi ahal izango lituzke Jaurlaritzak».

Horren haritik, gogora ekarri du 2016an putre funts batek 520 etxebizitza eskuratu zituela Donostiako Benta Berri auzoan, 2020an beste batek alokairuko 320 etxe eskuratu zituela Donostiako hainbat auzotan eta iaz ere hirugarren funts batek babes publikoko alokairuko 490 etxe erosi zizkiola banku bati Salburuan eta Zabalganan, Gasteizen. «Soilik hiru operazio hauetako etxebizitzak Administrazioak lehentasunez erosi izan balitu, alokairu sozialeko parke publikoaren eskaintza %6 handituko zen EAEn», ohartarazi du.