NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek egoera «larritzea» leporatu diote Aldundiari

251 greba egun egin ditu Gipuzkoako zahar egoitzetako langile taldeak eta gaur ere protesta egin dute Donostiako kaleetan. Bertan, Aldundiari gatazka konpontzeko «inplikazio falta» leporatu diote.

251 greba egun egin ditu Gipuzkoako zahar egoitzetako langile taldeak. (FOKU)
251 greba egun egin ditu Gipuzkoako zahar egoitzetako langile taldeak. (FOKU)

Zinemaldiarekin bat eginez, ELAk, LABek eta Gipuzkoako Senideek «Zaintzaldia» deitu dute, eta gaur eta bihar Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek greba egingo dute, bai eta hainbat mobilizazio eta manifestazio ere, beren lan eta laguntza aldarrikapen nagusiak bilduko dituen hitzarmen sektoriala aldarrikatzeko.

Leire Ormazabal LABeko ordezkariaren esanetan, langileak «nazkatuta» daude, pandemiaren aurreko egoera «lotsagarria» bazen, gaur egun «onartezina» delako. Salatu duenez, pandemia «aprobetxatu»  egin dute %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko eta «horrela langileek grebarako duten eskubidea urratzeko».

«Urte gehiegi daramatzagu sektorean hitzarmenik gabe, urte gehiegi zuritzen. Hori gizarte osoaren arazoa da, eta lehenbailehen konpontzea nahi dugu», azpimarratu du.

LABeko bozeramaileak Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kargura berriz ez aurkezteko iragarpena ere izan du hizpide, eta joan aurretik «etxeko lanak eginda uzteko eta patronalak sindikatuekin eta gainerako talde sozialekin esertzera behartzeko» eskatu dio, «egoera desblokeatzeko».

Gaurko grebarekin honez gero 251 greba egun egin ditu langile talde horrek. ELA sindikatuak salatu duenez, denbora guzti honen ostean, «Gipuzkoako Foru Aldundia, zerbitzu publiko horren azken bermatzailea, ez da inplikatu gatazkari irtenbide negoziatu bat bilatzeko».

Ehunka lagun bildu dira gaurko protestan, non «Diputazioa soluzioa» oihuak entzun diren. Protesta Saguesen abiatu da, Kursaal eta Maria Cristina igaro ostean, Gipuzkoa Plazan amaitu da.

Hiru urte dira greba hasi zutenetik, eta ia 5 urte negoziazio mahaia eratu zenetik. «Aldundiak ez du bere gain hartu gatazka konpontzeko erantzukizuna, eta bere jarrerarekin larritu egiten du egungo egoera», salatu du ELAk. «Gaur, egoitzen egoera covid-19 aurrekoa baino larriagoa da. Langile faltak, ordezkapen ezak, behar bezala homologatutako erizain eta medikuen faltak, osasun neurriek eta langileen ondoez fisiko eta psikologikoek egoera oso larria bihurtzen dute. Inoiz baino lan-karga handiagoa, langile gutxiagorekin eta inoiz baino baldintza okerragoetan».

Gainera, Aldundiari langileak «grebarako eskubide legitimoa erabiltzeagatik» zigortu nahi izatea leporatu diote. ELAren ustez, «Aldundiak, Gipuzkoako ordezkaritza-erakunde gorena den aldetik, gaur egun duen jarreraren kontrakoa eduki beharko luke». Zentzu horretan, «sektorea hobetzearen aldeko apustua egin beharrean, langileak eta egoiliarrak alde batera uzten» ari direla nabarmendu dute. «Langileekin ez hitzegiteko eta ez biltzeko jarrera antidemokratikoari eusten dio».

Bihar auto karabana egingo dute eta 11:00etan elkarretaratzea egingo dute langileek Donostiako Txara egoitzaren aurrean.