Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Maru Solores
‘Aztarnak’ dokumentalaren egilea

«Nire bilaketa beste edozeinena izan daiteke»

Maru Soloresek itxiko du aurtengo Zinemira ‘Aztarnak’ lanarekin. Bilaketa baten emaitza da, haurtzaroak gugan duen eraginari buruzkoa. Erantzunak eman baino galderak luzatzen dituena.

Maru Solores, Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Maru Solores, Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Haurtzaroko aztarnak betirako al dira? Denboraren poderioz aldatuz al doaz? Horrela bada, nola? Zer egin dezakegu? Nola landu? Makina bat galdera aireratu ditu Maru Soloresek (Donostia, 1868) bere bigarran film luzean.

Poetikoa da oso filma. Aztarnen metafora da natura. Haur baten ahotsa entzungo dugu hasierako minutuetan. Uretan murgilduta dago. Mundu berrirako jauzia emateko une betean. Argia, hotza eta zarata aurkituko ditu bertan. «Itsasoa, hondarra, ura oso elementu egokia iruditzen zitzaidan jaio aurretiko bizitza islatzeko. Sabel barruan dagoenean umeak dauzkan sentsazioak, mundu sentsorial hori islatu nahi nuen. Inportantea zen umearen pertzepzioa ikus-entzunezkoan nola transmititu».

Haurtzaroa du ardatz filmak. Erditzearen unea eta horrek amarengan eta umearengan dituen ondorioak, haurren hazkuntza, haurraren bizitzako lehen urteak... dira landutako gaiak.

«Haurdun geratu aurretik, erditzeari beldurra nion, baina haurdun geratzean une hartarako naturak zeozer prestatuta izango zuela pentsatu nuen. Eta beste galdera bat etorri zitzaidan: jaio ondoren prest al nengoen ni haurrarekin lotura izateko?». Hauxe proiektuaren abiapuntua.

Bere haurtzaro propioari aurrez aurre begiratzeko unea zen. Gaiaz informazioa biltzen hasi eta umetoki barruko bizitzatik hasi eta umeak 3 urte bete bitarteko epeak, ahaztua dugun garaiak gordetzen dituen sekretuez liluratuta geratu zen Solores.

Bidaia pertsonala da, «ahazturan dugun leku hartara, orain naizen amarengandik abiatuta egun batean izan nintzen haur harenganaino». Maruk amarekin izandako elkarrizketa –bere erditzeaz galdetzen dio– ere ikus daiteke filman, hasierako asmoa ez bazen ere bertan sartzea.

Alaba izan ondoren galdera asko sortu zitzaizkion. Hazi Hezi Prebentzio Gunea ezagutu zuen. «Espazioa ezagutu nuen eta haren inguruan guraso elkartea sortu zen eta adituak etorri ziren hitzaldiak ematera. Informazio asko jaso nuen eta horrekin zerbait egitea pentsatu nuen, hausnarketa haiek publiko egitea», jarraitu du.

«Gaia oso zabala da» Soloresen esanetan. Garbi dio: «Nire bilaketa beste edozeinena izan daiteke, galderak egiten saiatu naiz. Gauzak ezbaian jartzen, ez hainbeste erantzunak ematen. ‘Gauzak horrela egin behar dira, beste ez dira ondo joango’, nire postura ez da hori izan. Zer gertatzen da gai honekin? Zergatik egiten dugu horrela? Zein eragin dauka horrek?».

Arnas luzeko lana

‘Camera obscura’ (2011) eta ‘Dortoka Uhartea’ (2002) lanen egilea, besteak beste, Berlinen bizi izan da urteetan. Bertan egin zituen zinemagintza ikasketak. Bigarren lan luzea du hau. Arnas luzeko proiektua da. «Urte askotako lana izan da, eboluzionatzen joan da. Hasieran neukan ideia ere aldatuz joan zen –dio–. Proiektuaren lehen ideia 2012an sortu zen eta lehen grabaketak 2013-14koak dira. Oraindik ekiporik gabe nengoen, ez geneukan finantzaketarik. Urte pare bat geroago hasi ginen lanean Txeperekin [Lara]».

Finantzaketa 2018an lortu zuen crowdfunding bidez Gipuzkoako Diputazioaren Meta egitasmoaren barruan. Erabakigarria izan zen bidean aurrera egiteko. «Orduan jarri genuen lehenengo harria eta behin hori lortuta errazagoa izan zen. Erakunde publikoen aldetik ez dugu laguntza handirik izan, Gipuzkoako Diputazioko Kultura sailaren diru-laguntza eta Kutxa Fundazioarena, horiek bai, gehitu zaizkio ondoren», kontatu du.

Dirua bakarrik ez, bultzada ere jaso zuen. «Orain gauzak aldatuz doaz, baina lehen kontu hauek ez zuten oihartzunik. Crowdfunding prozesuan ikusi nuen gizartean gai honekiko interesa zegoela».

Urte horietan guztietan proiektuak izan ditu geldialdiak. 2019an ekin zien grabaketa nagusiei. «Pazientzia handia eskatu dit, batzuetan proiektuek beren prozesua daukate. Behartu egin nahi izan dut baina ez zihoan aurrera». Berak nahi baino beranduago ikusiko du argia. «Nik ere ez nuen imajinatzen 2021eko Zinemaldian estreinatuko nuenik, izatekotan iazkoan, baina pandemiak muntaia ere atzeratu egin zuen», adierazi du.

«Aurrekontu txikia daukazunean moldatu behar duzu jendearen disponibilitatearen arabera, ezin da grabaketa dena jarraian egin baina horrek badu bere alde ona. Talde txikian egin dugu lana, ia-ia lagun artean eta oso polita izan da. Gure artean sortu den adiskidetasuna eta konfiantza transmititu egiten da giroan hizketara joaten zarenean. Gai intimoak dira», gaineratu du.

Soloresen burutazioak, adituen iritziak eta Hazi Hezi Prebentzio Gunearen inguruko familien testigantzak harilkatuz doaz ‘Aztarnak’ dokumentalean. «Esan ohi da muntaian idazten dela gidoia. Material asko geneukan eta oreka gorde nahi izan dut. Pieza horiekin nola jolastu muntaia gelan erabakitzen duzu. Pello Gutierrezek lan handia egin du», esan du.

Filman parte hardu duten adituen artean Ramon Maudit eta Cristina Aznar, Laura Gutman, Michel Odent eta Ibone Olza aipa daitezke.