Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Gazteei «disidentzia pilulak» eskaini dizkie Asel Luzarragak ‘Uzta garaia’ liburuan

Gizartea eraldatzeko indarra eta konpromisoa gazteen esku utzi du Asel Luzarragak bere azken liburuan. ‘Uzta garaia’-n, Iraultza eta Zigor bikiek «gizartearen oinarriak» zalantzan jarriko dituzte. Astelehen honetan aurkeztu du obra Elkar argitaletxeko Antxiñe Mendizabal editorearekin batera.

Asel Luzarraga, bere azken lanarekin. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Asel Luzarraga, bere azken lanarekin. (Aritz LOIOLA/FOKU)

«Istorio zirraragarrien bitartez gure gizartearen oinarri batzuk mahai gainean ipintzen, zalantzan jartzen, saiatzen naiz». Horrela laburbildu du Asel Luzarragak bere azken liburuaren muina, ‘Uzta garaia’, baina asmo hori bere obra osora zabal daiteke.

‘Malthusen ezinegona’ eleberriarekin ziklo distopiko bat itxi ondoren, egilea, orain, gazteen literaturara hurbildu da, narratibaren zergatiaren arrastoak ematen dizkiguten bi anaien istorioaren bidez: Zigor eta Iraultza.

Hamalau urteko neba-arreba biki hauek urtero herrira mahatsa biltzera joaten diren sasoikakoen kanpamendu batean ezagutuko dute Baazima, beren eskuen lanaren indarra baino ez duten gizon zapalduen artean zapalduena, azaldu du Luzarragak astelehen honetan Elkar argitaletxarekin batera egindako prentsaurrekoan.

Iraultza «arima oso libre» bat bezala deskribatu du idazleak, oso «bizia», eta «ikasketarako txarra» dena. Zigor, aldiz, «kontrapuntua» da. Egileak asmatutako kostaldeko herri batean, Ondarraten, gizartearen ziurtasunetan arrakalak deskubritzen joango dira bikiak.

«Mundua horrelakoa dela eta beste aukerarik ez dagoela esaten dute, baina Iraultza beti dabil egia absolutuak zalantzak jartzen, bere gurasoei, Karmelo eta Soniari, galdera deserosoak egiten», nabermendu du Luzarragak.

Hala, zalantza existentzialen eta lagun zapalduen bidez, jabetza pribatuaz gogoeta egingo dute biek kanpamendu horretan. «Zenbat jabetza daude? Zer da jabe izatea? Eta desjabetu izatea? Gorputzaren eta maitasunaren jabetza pribatua ezagutuko dute ere, eta aberastasunaren inguruan gogoetak partekatuko dizuzte», gaineratu du idazleak.

Iraultzak eta Zigorrek, Baazimarekin batera, zapalduen barruan zapalkuntza maila ezberdinak daudela ere ezagutuko dute, «liburuaren helburua gazteek, ondo pasatzeaz gain, galderak egitea baita, munduari beste begirada batetik heltzeko», azpimarratu du Luzarragak.

Antxiñe Mendizabal editoreak azaldu duenez, liburu honek baditu hiru ezaugarri gazte literaturan garrantzitsuak direnak. «Alde batetik, neba-arreba hauek xalotasuna nola galtzen duten, horren galeraren deskribapena. Hori gazteentzako beriziki eginiko keinua da», esan du.

Luzarragak esandakoaren ildotik, gizarte honen hainbat aspekturi egiten zaion begirada aipatu du Mendizabalek. Esaterako, hezkuntza sistemari egindako kritika nabarmendu du, «zalantzan jartzea garrantzitsua delako». Azkenik, «gazteei horrelako egoeran ekintzara pasatzeko keinu bat egiten die», azaldu du.

Kalean da beraz Luzarragaren hamaikagarren eleberria, eta gazteentzat idatzitako bigarrena. Hala ere, ‘Uzta garaia’ irakurlea Iraultza eta Zigor neba-arreba bikien mundura eramango duen sail labur bateko lehenengoa dela iragarri dute.

Bigarrena idatzita dago eta hirugarrena datorren urtean idatziko duela azaldu du Lizarragak, non anai-arrebak beste kokaleku eta istorio batzuetara eramango dituen. Haatik, gazteei «disidentzia pilulak» eta gizartea eraldatzeko indarra eta konpromisoa ematearen helburuak bere horretan jarraituko du.