Itziar Ituño aktore eta abeslari basauritar ezagunari emango zaio Santurtziko zine jaialdiaren ohorezko saria, bederatzigarren edizioaren itxiera galan, urriaren 16an, Serantes Kultur Aretoan. Horrela, Ituño hirugarrenez izango da Bizkako udalerriko jaialdian, laugarren edizioan Santurtzi atalean (SZ4) parte hartzeaz gain, epaimahai ere aritu zelako bosgarren aldian, antolakuntzak jakinarazi duenez.
Santurzine jaialdiak Ituñoren ibilbide luzea nabarmendu du. Gaur egun, «aktore ospetsu eta guztiz maitatua da, bai Euskal Herrian eta bai mundu osoan», telebistako bi telesaioei esker: ‘Goenkale’ eta ‘La casa de papel’ (egun azken denboraldia ikus daiteke Netflixen).
Gainera, euskal zinemarekin duen «lotura estua» azpimarratu du, «babes eta laguntza handia eman dio eta». Horrela, euskal zinean azken urteotan ikusi ditugun zenbait filmetan hartu du parte, hala nola ‘Loreak’ (Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, 2014), ‘Errementari’ (Paul Urkijo, 2017), ‘Hil kanpaiak’ (Imanol Rayo, 2020) edo ‘Ilargi guztiak’ (Igor Legarreta, 2021) filmetan.
Bestalde, antzerkian eta musikan ere aritua dela gogorarazi du, hogei antzezlan baino gehiago egiteaz gain, Ingot musika taldearen kantaria baita. Ekintzaile ere badela nabarmendu du, «Amazonas aldean ibili baita kooperante eta bertan antzerki tailerrak egin ditu».
Hori guztia tarteko, Santurzine jaialdiko bederatzigarren edizioko antolakuntza taldeak aitortza egin nahi izan dio «emakume ausart, enpatiko eta solidario honi, euskal zinema eta euskara mundu osoan zabaldu duenari».
Jaialdiaren egitaraua
Santurzine ostiralean hasiko da, urriaren 1ean eta aurten herriko ostalaritza lokaletan eskaintzen ziren emanaldiak berreskuratuko dira urriaren 1ean, 8an eta 15ean. Gainera, bi emanaldi berezi egingo dira lehen aldiz Santurtzitik kanpo: Galdamesen egingo da lehenengoa (urriaren 2an), Montellano auzoko izen bereko tabernan, eta bigarrena Bilboko Uribarri auzoan (hilaren 7an), Euskal Herrian ekoitzitako film laburrak eskainiko dituen SZ Off atalarekin.
Saio hauekin batera bi film luze emango dira Serantes Kultur Aretoan. Ohi bezala, jaialdia Santurtziko zine klubarekin arituko da lankidetzan, eta ildo horretan, zine klubaren aurtengo denboraldiaren hasieran, ostegunean, irailaren 30ean, David Ilundain zinemagile nafarraren ’Uno para todos’ filmaren emanaldian hartuko du parte, eta urriaren 14an Wong Kar Wai zinemagile asiarraren unibertsoa ekarriko du, 1994an egin zuen ‘Chungking Express’ filma eskainiz.
Halaber, bigarren urtez jarraian Santurtzi Zine Lantegia egingo da. Zinearen euskal industriari zuzendutako bi saio izango ditu. Lehenengoa urriaren 2an da Casa Torre jauregian, non sortzaileen foro bat osatuko den. Parte hartzaileek ekoitzi aurreko fasean dauden egitasmoak aurkeztuko dituzte eta epaimahaiak 500 euroko saria emango dizkio hoberen irizten dioten proiektuari. Bigarren urriaren 9an izango da, eta Itziar Lazkano aktoreak interpretazio eskola berezia eskainiko du Kresala aretoan.
Guztira 847 produkzio jaso dira jaialdiaren lau sail nagusietarako, aurreko edizioan baino 350 gehiago. Bestalde, Santurtzi atalean 12 lagunek eman dute izena.
Jaialdiaren atal nagusiak baloratzeko epaimahaikide izango dira David Pérez zuzendari eta gidoigilea, Lander Otaola aktore eta idazlea, Aitziber Garmendia aktore eta umoregilea, Koldo Zuazua ekoizlea eta Tânia da Fonseca argazki zuzendaria.