NAIZ

Zaindu ondotik naturan libre utzi dituzte berriz hamaika harrapari, tartean sai beltza

Bost belatz, sai bi eta lau zapelatz arrunt iritsi ziren duela hilabete batzuk Bizkaiko Fauna Basatiaren Birgaitze Zentrora, gehienak kumeak zirela. Foru Aldundiaren instalazio horietako langileek elikatu eta prestatu ondotik, naturan libre utzi dituzte berriz.

Soilik bi sai beltz sartu dira zentroaren 22 urteko historian: astelehen goiz honetan askatu duten hau eta 2013an sartu zen beste ale bat. (BIZKAIKO FORU ALDUNDIA)
Soilik bi sai beltz sartu dira zentroaren 22 urteko historian: astelehen goiz honetan askatu duten hau eta 2013an sartu zen beste ale bat. (BIZKAIKO FORU ALDUNDIA)

Hamaika harrapari itzuli dira astelehen honetan naturara Bizkaiko Fauna Basatia Birgaitzeko Zentroan tratatuak izan ostean. Bost belatz, sai beltz bat (zaurgarri gisa katalogatutako espeziea), sai arre bat eta lau zapelatz arrunt dira. Gehienak kumetan iritsi ziren zentrora, eta elikatu eta aske uzteko prestatu dituzte foru instalazio horietako langileek azken hilabeteetan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Espazio Naturalen zuzendariorde Roberto Cañonek parte hartu du animaliok askatzeko unean. Berarekin izan dira Gorlizen kokatutako zentro honetako langileak, arduraduna buru zutela, eta basozaintzako langileak.

Gune honetan tokiko fauna zaintzeko egiten duten ekarpena baloratu dute. Esan dutenez, 22 urteko ibilbidean 20.000 animalia inguru jaso dituzte. Soilik bi sai beltz sartu dira: astelehen goiz honetan askatu dutena eta 2013an sartu zen beste bat. 

Gehienak hegaztiak dira

Urtean batez beste 350 animalia baino gehiago itzultzen dituzte naturara.

2021a hasi zenetik eta irailaren 15era arte, 1.091 animalia jaso dituzte. Horietatik 525 bizirik iritsi ziren instalazioetara. Azken horietatik, 285 askatu dituzte eta beste bederatzi zentroarekin lankidetza akordioak sinatu dituzten erakundeei utzi zaizkie, ezin direlako naturara bueltatu. Gainerakoek Bizkaiko Foru Aldundiaren instalazioetan suspertzen jarraitzen dute.

Bizkaiko Fauna Basatia Birgaitzeko Zentrora iritsi diren animalia guztien artean talderik handiena hegaztiena da (774), ugaztunen (206) eta narrastien (141) aurretik. Hegazti gehienak aurten iritsi dira zentrora, jendeak habiatik kanpo aurkitzen dituelako artean kume direnean. Dena den, ehuneko handi bat traumatismoen ondorioz ere sartu da. Ugaztunen kasuan, arrazoi nagusia errepideko harrapatzeak izan dira, eta narrastienean, aldiz, populazioaren kontrola; izan ere, sarri espezie aloktonoak izaten dira, hau da, ez dira berez Bizkaikoak.

Animalien kumeak maiz sartu ohi dira. Aurten, esate baterako, zentroak 756 kume jaso ditu: 693 hegazti, 61 ugaztun eta 2 narrasti.

Astelehen honetan askatutako harrapariak ekitaldi honetan jasotako 693 hegazti-kumeen talde horretakoak dira, bat izan ezik. Zapelatz arrunta ahul zegoelako sartu zen zentroan.

Belatza

Bizkaiko hainbat udalerritatik zetozen bost belatz askatu dituzte. Eguneko hegazti harrapariak dira, ikusteko errazak. Eremu irekiak eta sastrakak gogoko dituzte, eta harkaitzen edo eraikinen arrakaletan nahiz zuhaitzetako zuloetan egiten dituzte habiak. Bestela, korbidoen eta beste hegazti batzuenak okupatzen dituzte edo, are, lurrean ere egin ditzakete.

Zapelatz arrunta

Zapelatz arrunta tamaina ertaineko eta kolore oso aldakorretako harrapari mardula da. Hego labur samarrak eta oso zabalak dauzka, eta hegaldi jarraitua errazteko abaniko eran irekitzen duen buztana.

Sai arrea

2,5 metroko tamainara iristen den eta 6 eta 9 kilo arteko pisua izan ohi duen harraparia da. Europako hegaztirik handienetakoa da. Eta luzaroen bizi direnetakoa ere bai.

Sai beltza

Europako harraparirik handiena da, eta munduko tamaina handieneko hegaztien artean dago. Luma arreak ditu, eta arrasto beltzak bizkarraldean. Gorputzaren sabelaldean tonu ilunagoa izan ohi du. Luzera txikiko luma zurbilez osatutako lepokoa dauka, eta lumatxa arre grisaxka labur batek estaltzen dio burua.

Mendeetako jazarpenaren ondorioz desagerrarazteko zorian egon zen. Gaur egun egoera hobean bizi den arren, espezie zaurgarritzat hartzen da.