Manex Altuna

Balenziagaren zain, Nuñezek min hartu du orkatilean eta ez da Alavesen kontra egongo

Zumarragako atzelaria taldekideekin batera aritu da lehen aldiz Valentzian kolpe bat jaso zuenetik. Sancetekin gertatzen den bezala, osteguneko entrenamenduan erabakiko du Marcelinok deialdian sartzeko moduan dagoen.

Nuñez eta Balenziaga aurreko denboraldian Granadaren kontra jokatutako partidan. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Nuñez eta Balenziaga aurreko denboraldian Granadaren kontra jokatutako partidan. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Unai Nuñezek Rayo Vallecanoren kontra jokatu zituen denboraldi honetako lehen minutuak. Yeray lesionaturik egon izan den arren, Dani Vivianek aurrea hartu dio ikasturte hasieran eta Iñigo Martinezekin batera osatu du erdiko atzelarien bikotea. Maila bikaina eman du gasteiztarrak eta Nuñezek aulkitik jarraitu behar izan ditu partida gehienak.

Ezkerraldeko atzelaria ez zen batere fin aritu Rayoren kontra, talde guztiari gertatu zitzaion bezala. Marcelinok aldaketa ugari egin zituen eta jokalariak ez ziren batere ondo moldatu.

Athleticen zerbitzu medikuek jakinarazi dutenez, Nuñezek orkatila bihurritu du eta ez da egongo Alavesen kontrako derbia jokatzeko prest. Azaldutakoaren arabera, ez da lesio larria.

Atzelari bat galdu ostean, Marcelinok azken entrenamendurarte itxaron beharko du Balenziaga jokatzeko moduan den jakiteko. Ezker hegaleko atzelariak, erdian ere jokatu dezake, kolpe bat hartu zuen Valentzian eta aldaketa eskatu behar izan zuen. Lekuek bete zuen bere hutsunea.

Asteazken goizeko entrenamenduan taldekideekin batera ikusi ahal izan da komunikabideei irekitako tartean. Izan ere, Marcelinok ateak itxita prestatu nahi izan du Alavesen kontrako partida.

Sancet eta Yeray ere gainontzeko jokalari guztiekin ari dira lan saioetan parte hartzen eta ikusteke dago deialdian sartuko diren. Nafarra jokatu gabe dago abuztu amaieratik eta Barakaldokoa aurre denboralditik dago lesionaturik.

Bestalde, Yuri korrika egiten aritu izan da Lezaman egindako hainbat lan saioetan. Baliteke urri amaiera edo azarorako bueltan egotea. Ebakuntza egin behar izan zioten udan aurre denboraldiaren hasieran.

Nolaskoainen inguruan berriz, ez dago inolako berririk aspalditik eta itxura dauka bigarren denboraldi bat osorik gal dezakeela. Deportivon utzita egondoko denboralditik orkatilean minekin itzuli zen eta geroztik ezin izan du jokatu.

Alavesen kontrako derbiaren ostean, Athleticek hogei bat egun izango ditu partidarik gabe. Izan ere, hurrengo asteburuan geldialdia egingo da selekzioek jokatzen dutelako eta gero atzeratu egin dute Real Madrilen kontrakoa. Urriaren 23ko asteburuan jokatuko dute zuri-gorriek Ligako hurrengo partida Villarrealen aurka San Mamesen.