NAIZ

Lanabesek baliabide gehiago eskainiko dizkie Arabako enpresei euskara bultzatzeko

Lakuako Gobernuak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bultzatutako Lanabes Programak Lanbide Heziketan (LH) presentzia handiagoa izango du eta merkataritzan eta ostalaritzan praktika onak zabalduko ditu euskararen erabilera herrialdeko sektore sozioekonomikoan bultzatzeko.

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, Lanabes programaren aurkezpenean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia, Lanabes programaren aurkezpenean. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Lakuako Gobernuak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Lanabes programaren hazkunde fase bat aurkeztu dute asteazken honetan, eta horren baitan, programak baliabide gehiago eskainiko dizkio lurraldeko sektore sozioekonomikoari, euskararen erabileraren arloan dituen beharrei erantzuteko.

Modu honetan, erakundeok «beste bultzada bat» emango diote Arabako enpresa eremuan euskararen erabilera bultzatzen duen proiektuari, «sektoreak euskararen arloan dituen beharrei modu eraginkorragoan erantzun nahi dien entzute bat aktibatuz».

Azaldu dutenez, «arreta handiagoa» jarri behar zaio entzuteari, jada lan horrek «fruituak» eman baititu. Iaz, Arabako Aldundiak landa lan bat egin zuen lurraldeko 50 langile baino gehiagoko enpresetan euskararen sustapenari eta erabilerari buruz dagoen interes maila aztertzeko galdetegi baten bidez. Gaur egun, lurraldeko 24 enpresak dute Bikain zigilua eta 192k Bai Euskarari ziurtagiria.

Gainera, Lanabesek sektore sozioekonomikoari eskaintzen dizkion baliabide kopurua handituko du. Alde batetik, eta oinarrizko prestakuntza zein garrantzitsua den kontuan hartuta, Lanekiren bidez, Lanbide Heziketako zentroak eta lantokiak prestatuko dira LH duala euskaraz egiteko, eta tresna bat izango dute euskararen egoeraren diagnostikoa azkar egiteko LH duala euskaraz egiten den hainbat enpresatan.

Aldi berean, Arabako Merkataritza eta Industria Ganberaren bitartez, banakako prestakuntza eta aholkularitza eskainiko da, hizkuntza kudeaketa negoziaturako tresnatzat har dadin. Gainera, Aenkomer Merkataritza Federazioa euskarazko jardunbide egokiak zabaltzen ari da lurraldeko merkataritzan eta ostalaritzan, komunikazio kanpainen bidez, sektoreari euskara normalizatzeko mezu positiboak emanez modu pribatuan, publikoan eta pertsonalizatuan, eta bide batez, sektorearen interes mailaren jarraipena eginez.