Asier Robles

Mobilizazio ziklo berri bat behar dela berretsi du LABek, greba orokorra zerumugan

«Burujabetza bizitza duinerako. Vamos hacia el cambio» leloarekin mobilizazioa egin du asteazken honetan LAB sindikatuak enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren alde borroka egiteko unea dela aldarrikatzeko. Bide horretatik, greba orokorra iragarri du.

LAB sindikatuaren mobilizazioa Bilbon. (LAB)
LAB sindikatuaren mobilizazioa Bilbon. (LAB)

Ehunka langile batu dira gaur Bilbon LABek deitutako mobilizaziora. Enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren alde borroka egiteko unea dela aldarrikatu dute, «bai lantokiz lantokiko borroken bidez, baita mobilizazio orokorren bidez ere».

Manifestazioa Lakuako Gobernuaren ordezkaritzatik abiatu da, Bilboko Kale Nagusian, «Burujabetza bizitza duinerako. Vamos hacia el cambio» lelopean. Bidean, lan prekarietateak aurten Euskal Herrian eragin dituen 47 heriotzak salatu dituzte, baita «oligopolio energetikoak bultzatu duen argindarraren tarifazoa» ere. Manifestazioan zehar, «Lana banatu, ondasuna banatu», «Gora langileon borroka», «Hemen lan egin, hemen erabaki» eta «Independentzia eta sozialismoa» leloak oihukatu dituzte.

Euskadi Plazan bukatu da martxa, Iberdrola dorrearen aurrean, eta bertan ekitaldia egin dute. Lehenik, sektore ezberdinetan borrokan ari diren pertsonek hartu dute hitza: pentsionista batek, garbitzaile batek, haurreskoletako langile batek eta PCB, Bilboko Argiak eta Tubacexeko langileek.

«Pandemiak agerian utzi zuen zein ezinbestekoa den oso feminizatuta dauden sektore askoren lana, hala nola garbiketarena edo zainketena. Hala ere, ikusezinak izaten jarraitzen dugu. Gure lana aitortzen duten eta, besteak beste, generoko soldata-arrakala hausten duten politikak behar dira», adierazi du Olaia Bilbao garbitzaileak.

«Aldaketa handien garaia»

Gerbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia izan da hitza hartu duen hurrengoa. Pandemiaren fase berrian sartu garela gogorarazi du: «Aldaketa handien garaia izango da. Lan, pentsio, bizi baldintzetan eragina izango duten aldaketak egongo dira; eta ez dugu ezarriko dituzten erabaki berrien zain geratu nahi, eragin egin nahi dugu. Eragin, dagokiguna eskatzeko», aldarrikatu du.

Azken krisitik hona, prekarizazioa eta pobretzea bizitzaren eremu guztietan zabaldu dituzten erreformak, murrizketak, pribatizazioak eta politika neoliberal eta autonomistak besterik ez direla egon deitoratu du Aranburuk. Gainera, pandemian hartu diren eta hartu ez diren erabakiek «kapitala–bizitzaren arteko arrakala» handitu dutela nabarmendu du.

Europako Funtsak ere jarri ditu jomugan LABeko idazkari nagusiak. «Enpresa handiek eredu produktiboan egin nahi dituzten aldaketak diru publikoz finantzatzeko bidea da. Gu guztion poltsikoetatik ateratzen den dirua gutxi batzuen poltsikoetara eskualdatzeko bidea. Zor publikoa handituz eta sakoneko zerga erreformarik gabe, etorkizun hurbilean murrizketa berriei ateak irekiz», ohartarazi du.

Tokiko politikan zentratuz, Lakuako Gobernuak «patronalaren logikari erantzuten dioten aurrekontuak» diseinatzen ari dela salatu du Aranburuk: «Confebasken bozeramaile bat gehiago den Arantxa Tapia andereak argi utzi ditu lehentasunak, ez osasungintza, ez hezkuntza, ez gizarte zerbitzuak. Dirua enpresetara. Inolako kontrol politiko eta sozialik gabe eta enplegua bertan mantentzeko konpromisorik eskatu gabe. Diru publikoa enpresa handien irabazietara, musu-truk!».

Greba orokorra

Hau guztiaren aurrean, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako mobilizazio ziklo berri bat behar dela berretsi du LAB sindikatuak. Bide honetatik, «greba orokorrerako platera sukaldatzen» ari dela aurreratu du Aranburuk. Irekiak dauden borroka sindikal eta sozialei «babesa eta bultzada berri bat emateko» eta «etorkizunean borroka gehiago pizteko baldintza berriak sortzeko» greba behar dela nabarmendu du.

«Borrokarik gabe ez dugu eragingo. Presio sindikal eta soziala areagotzeko momentua da. Gora langileon borroka!» bukatu du esanez LABeko idazkari nagusiak.