Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Bera Berak Valladolid talde lehiakorra jasoko du eta Zuazok, Morvedre arerio zuzena

Bera Berak zein Zuazok jardunaldi lehiakorra dute larunbat honetan. Donostiarrek beti hain arerio zaila izaten den Aula Valladolid jasoko duten bitartean (18.00etan Gascan), Zuazok etxean Morvedre jasoko du (19.15etan Lasesarren). Barakaldarrentzat aukera ederra da lehen garaipena eskuratzeko. 

Mariane Fernandes da Bera Berako golegile nagusia ligan, 13 golekin. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Mariane Fernandes da Bera Berako golegile nagusia ligan, 13 golekin. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Bera Berak hirutik hiru irabazi ditu, azken biak asko sufritutako garaipenak izan badira ere. Sant Quirze aise garaitu zuten donostiarrek lehen jardunaldian, izerdi gehiago bota behar izan zuten Malaga bezalako arerio zuzen bat mendean hartzeko eta pasa den ostean, espero baino gehiago sufritu zuten Tenerifen. Markagailua irauli behar izan zuten beste bi puntu batu ahal izateko. 

Sufritu bai baina hortzak estutu behar direnean eta minutuak erabakigarriak direnean, Imanol Alvarezen taldeak bere mailarik onena erakutsi du. Talde zabala izateak ere laguntzen dio minutuak modu orekatuagoan banatzen –Emma Boada ere jada guztiz sartua dago taldearen dinamikan–. Hala, liga irabazteko faboritoa den heinean, garaipenak soilik balio dio Aula Valladoliden aurkako partidan ere (larunbata, 18.00etan) eta gogoratu behar da, pasa den denboraldira arte, Aula Valladolidek gauzak zail jarri izan diola talde donostiarrari.

2018-2019 denboraldian, esaterako, berdinketa batekin bukatu zen Donostiako norgehiagoka eta Valladoliden, etxeko taldeak eraman zuen garaipena. Huerta del Rey pabiloiak, hain zuzen ere, begizkoa egina zion Bera Berari eta bolada txar horrekin iaz bukatu zuen –2020. urtean, pandemia dela eta ez zuen Valladolideko partida jokatu–. 

Udara honetan, gainera, Summer BAG lagunarteko txapelketan jokatuko norgehiagokan, Aula Valladolid nagusitu zen (32-27) beraz, kontu handiz hartu beharko dute larunbat honetako norgehiagoka. «Aulak edonor garaitu dezake edozein pabilioietan», ziurtatu zuen gainera Imanol Alvarez entrenatzaileak. 

Ermuarraren ustez, atzera-egiteak hobeen egiten dituen taldea egongo da garaipenetik gertuen eta honez gain, bere taldea hasieratik kontzentratua egotea eskatzen du, Malagaren aurka egin legez. Geldikako erasoan oraindik ere gauzak fintzeko dituela onartu zuen Alvarezek, «guztiok gara jakitun eta partidak behar ditugu arazo horiek konpontzen joateko». 

«Irabaztera derrigortuta»

Zuazok, bestalde, ezin du huts egin Morvedre bezalako arerio zuen baten aurka (larunbata, 19.15etan). Gainera, etxean jokatzen du, zaleak lagun izango dituelarik eta beraz, azken partidetan erakutsitako sentsazio onak puntuetan bilakatu beharra daukate, bai ala bai.

Jaitsiera saihesteko borrokan egongo da talde valentziarra ere, zeinak jada garaipen bat eskuratu duen, Zuazok egin ez bezala. Azken jardunaldian estreinatu zuen puntuen poltsikoa, igo berri den Sant Quirze 29-20 mendean hartuta. Hala, inoiz baino funtsezkoagoa izango da talde barakaldarrarentzat Morvedre garaitzea. 

Garaipena gertu izan dute jokatu dituen hiru partidetatik bietan, bata Porriñon eta bestea Granollersen. Azken minutuetako kudeaketa findu beharrean dago larunbat honetan bi puntuak Lasesarren geratu daitezen. Nolanahi ere, Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak ez du «finaletaz» hitz egin nahi, oraindik goizo dela iritzita baina onartzen du «arerio zuzen baten aurka etxean jokatuta, irabaztera derrigortuak» daudela. 

Era berean, dinamika «onean» daudela azaldu du basauritarrak, nahiz eta irregularrak izate horrek kondenatu egin dituen. «Elx taldearen aurka atsedenalditik bueltako lehen minutuek zigortu gintuen eta Granollersen, lehen zati kaskarrak», adierazi du. Hala ere, Granollersen 11 puntuko aldea iraultzeko gai izan zirela eta berdinketa egiteko azken erasoa beraiena izan zela gogoratu du, taldearen lan ona nabarmendu asmoz. 

Dena dela, 60 minututan kontzentratuta egotea «gakoa» izango delakoan dago, «Morvedrek ez baitigu ezer barkatuko». Ohartarazi nahi izan du, pasa den urtean nahiz eta Lasesarreko partida irabazi, arerioaren etxetik punturik batu gabe itzuli zirela eta beraz, «norgehiagoka hau serio hartu behar dugu». 

2018-2019. denboraldian, aldiz, Morvedrek irabazi zuen Lasesarren eta Zuazok, Valentzian.