Bere ibilbidearen laburpen bat izango balitz bezala, lana beltz eginda eta errematean sekulako iaiotasuna erakutsita, Aitor Elordik orain arte eman ez dioten onenen artean lehiatzeko modua egin du, Lau eta Erdiko lehen kanporaketan Iñaki Artolari etxean 16-22 irabazita. Goi mailan jokatu duen lehen lehiaketan final laurdenetako ligaxkara sartu da eta orain Jokin Altunaren aurka jokatuko du hurrengo igandean Eibarren eta bertan ere «gerra emateko» gogoa azaldu du behin partida bukatuta.
Herritarren bultzadarekin eta herriko pilotalekuaren ezker paretaren berezitasunak ondo ezagututa, indartsu ekin dio Aitor Elordik partidari, sakearekin mina eginez. Ondo zekien mallabitarrak pilotari abiadura emanda, ezker pareta horretatik hau ez dela garbi irteten eta hor hasi zaio konfiantza askorik gabe irten den Artolari mina egiten, zuzenean ez bazen, sake-errematean.
Eta hortxe egon da, tantoak amaitzerakoan batak eta besteak erakutsitako eraginkortasunean, partidaren giltza nagusienetako bat. Izan ere, Elordi ausart eta bizkor aritu den bitartean, denera airez 9 tanto egin ditu, alegiarrari askoz gehiago kosta zaio. Ezker gantxoarekin oso kamuts aritu da, kosta egin zaio angeluak topatzea eta kolpean indartsuagoa izan bada ere, pilota luze jota tarteka baino ez du aurkariari mina egiten asmatu.
Azken hiru hilabeteak kantxetatik urrun pasa ostean, konfiantzaz ere urri aritu da Artola, oraindik beldur guztiak astindu ez balitu bezala eta garesti ordaindu du Elordiri 0-7 aurreratzen utzi izana.
Jarrera eta grina handiak erakutsi ditu alegiarrak, markagailua estutzea ere lortu du, fisikoki uneren batean itota sumatu dugun Elordi baino osoagoa ere agertu da, baina tantoak amaitzerakoan izan duen ideia faltak –airez bi tanto baino ez ditu amaitu– ez dio partidari buelta ematen laga.
Alberdik ez dio aukerarik eman Arteagari
Jaialdiari hasiera eman dion partidan, Jon Alberdik sekulako pasada eman dio Axier Arteagari Baikoren Promozio mailako Lau eta Erdikoaren atarian, 22-4 gailenduta. Epailearen txapak lehen sakea eman dio azpeitiarrari eta lehen pilotakada lagun, 5 tanto egin ditu jokaldi horrekin, 12-0 aurreratu da, lehia erabat erabakita utziz. Lasartearrak ez du inolako erreakzio gaitasunik izan eta ez da ligaxka batekin hasiko den txapelketan izango.
FITXA TEKNIKOA:
Artola: 16
Elordi: 22
Pilotakadak: 218. Iraupena: 53,51. Markagailua: 0-7, 3-7, 3-9, 4-9, 4-10, 5-10, 5-12, 6-12, 6-15, 9-15, 9-16, 11-16, 11-19, 15-19, 15-20, 16-20, 16-22. Sakeak: 3 Artolak eta 4 Elordik. Tantoak: 8 Artolak eta 15 Elordik. Hutsak: 2 Artolak eta 5 Elordik. Gorabeherak: Sarrera polita Mallabiko udal pilotalekuan. Mikel Artola izan da bere anaia Iñakiren botileroa eta Gontzal Urionabarrenetxea Aitor Elordirena.