Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Urrats bat gehiago eman nahi du Amorebietak liderraren aurka

Iñigo Velezek bere taldeak jardunaldi hauetan zehar erakutsi duen hobekuntza azpimarratu du. Oscar Gilek kolpe bat hartu eta deialditik kanpo geratu da, Unzueta eta Oier Luengorekin batera.

Amorebietak bigarren astez jarraian hartuko du Lezaman «oilar» baten bisita. (Aritz Loiola/Foku)
Amorebietak bigarren astez jarraian hartuko du Lezaman «oilar» baten bisita. (Aritz Loiola/Foku)

Eskainitako irudia, galdutako abantaila, azken unean Santamariak geldidutako penaltia… Zapore gazi-gozoa utzi zion Amorebietari Eibarren kontrako derbiak baina egunak joan ahala, gazia baztertu eta gozoarekin geratu dira urdinak, bere lanaren oinarritzat hartuta, denboraldia hasi zenetik izan duten hobekuntzaren islada dela uste baitute. Horrela azpimarratu du Iñigo Velezek Xixoneko Sporting-en bisitaren atarian, sentsazioak onak diren arren bere taldeak urrats bat gehiago eman behar duela ere gogoratuz.

«Taldea gero eta hobe dago –esan du bizkaitarren entrenatzaileak–. Asteak pasata ikusten da gauzak ondo, gero eta hobe, egiten ditugula. Baina asmo horri jarraitutasuna eman eta astetik astera hobetzen jarraitzea da helburua. Joan den astean partida ona egin genuen, baloiarekin eta baloirik gabe, baina berdindu egin genuen eta azken minutuan galtzeko zorian egon ginen penalti baten erruz. Beraz, bihar irabazi nahi badugu, martxa bat gehiago sartu beharko dugu». Azken finean, larunbat honetan ere «goian egoteko eraikitako aurkaria etorriko» da Lezamara, eta exijentzia aurreko astekoarena bezain handia izango da. «Eibarren antzeko taldea da Sporting, goian egoteko eraikitako taldea, oso jokalari onekin. Eibarren kontra ibili genuen bideari eutsi behar diogu baina hobetuz».

Hori da, izan ere, «asteroko helburua». Aurkariaren zailtasuna onartuta, «guregan zentratzen gara. Aurkaria ezagutzen dugu, aztertzen dugu. Badakigu oso jokalari onak dituela baina astero topatzen ditugu oso jokalari onak edozein taldetan. Eta gure esku dagoen bakarra, aurkaria nola den aztertu arren, guk gurea hobetzea da, gauzak ondo egitea. Hori da arduratzen gaituena».

Etxean oztopo handia dauka Iñigo Velezek oraingoan, Oier Luengok ezin izango baitu jokatu derbian txartel gorria ikusi ondoren. Bere entrenatzaileak topikoari eutsi dio, «beste zentral bat irtengo da eta hobe edo berdin egingo» duela esanez, baina zornotzarraren garrantzia bere eskeman eztabaida ezina da: epaileak joan den astean kanporatu arte, Santamaria atezainarekin batera lehiaketako minutu guztiak jokatu zituen futbolari urdin bakarra zen. Printzipioz, Jon Irazabalek beteko du Luengoren hutsunea. Oscar Gil ere deialditik kanpo geratu da azken entrenamenduan kolpe bat jaso ondoren, aurreko astean lesionatu zen Unzueta bezela. Olaetxea eta Mariño, berriz, zerrendara itzuli dira.

Sporting taldeari dagokionez, David Gallegok Guille Rosasen bajari aurre egin beharko dio bigarren astez jarraian baina Kravets izango du bueltan. 280 jarraitzaile izango dituzte zuri-gorriek %60ko aforoa beteko duten Lezamako harmailetan.