NAIZ

Eneko Fernandezek irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen final-laurdena

Eneko Fernandez lesakarra nagusitu da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren lehen final-laurdenean eta heldu den azaroaren 1ean Altsasun jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela lortu du.

Eneko Fernandez, Izaban jokatu den saioaren irabazlea. (BERTSOZALE ELKARTEA)
Eneko Fernandez, Izaban jokatu den saioaren irabazlea. (BERTSOZALE ELKARTEA)

Izaban abiatu da larunbat arratsalde honetan 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Ehun lagun inguru elkartu dira Erronkari bailarako herriko zineman. Haien aurrean aritu dira Julen Zelaieta Iriarte, Eneko Fernandez Maritxalar, Idoia Granizo Uribarrena, Patxi Castillo Graciarena, Aitor Irastortza Arrizurieta eta Endika Legarra Nuin. Alaitz Rekondok egin ditu gai-jartzaile lanak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Izabako Udalarekin elkarlanean antolatu du saioa.

Saio puntugarriaren ostean, Eneko Fernandez lesakarrak eskuratu du puntu gehien (347) eta, hortaz, azaroaren 1ean Altsasun jokatuko den lehen finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Endika Legarra (315,5), Julen Zelaieta (305), Patxi Castillo (300,5), Idoia Granizo (292) eta Aitor Irastortza (272,5).

Hurrengo saioa, urriaren 9an Tafallan

Heldu den larunbatean, urriaren 9an, izango du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Tafallako Kultur Etxean, arratsaldeko 17.30ean. Saio horretan ariko dira Eneko Lazkoz Martinez, Saioa Alkaiza Guallar, Alazne Untxalo Erregerena, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Erika Lagoma Pombar eta Urko Gartzia Aleman. Gai-jartzaile lanetan Ander Aranburu ariko da. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke.