Maitane Aldanondo
Entrevista
Nekane Artola
Ikastolen Elkarteko lehendakariordea

«Modu mugatuan baldin bada ere, plaza hor egongo da eta gure mezua, bertan»

Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariordea da. Aurtengo Kilometroen atarian, egungo egoerak eragindako zailtasunez eta jai ereduaren inguruan egindako gogoetaz mintzatu da. Euskararentzako plazak duen garrantziaz harago, ikastolen jaiek bizirauteko egokitzea ezinbestekotzat jotzen du.

Nekane Artola, Ikastolen Elkarteko lehendakariordea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Nekane Artola, Ikastolen Elkarteko lehendakariordea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Bi urte geroago bueltan da Kilometroak jaia. Gogoz al zaudete?
Bai. 44. aldia da eta urtero-urtero egite horrek eten bat izatea gogorra izan da. Ilusioa bada eta gogoa badaukagu. Uste dut jendartean dagoen desilusioak berriz ere hainbat gauza martxan jartzeko gogoa ematen duela. Oso mugatua izango da, baina parte hartze eta ilusioa izatea espero dugu.

Ibarrak urtebeteko luzapena eskatu zuen; kolokan egon al da jaia uneren batean?
Bai, hezkuntzarentzat ez delako ikasturte erraza izan. Ziurgabetasun handiarekin hasi zuten, urduritasuna, tokian toki konfinamenduak, gelak etxera... Gogorra izan da. Une batean aipatu genuen agian ez zela urte egokiena horrelako jai bat egiteko, ikastolak ikasturteari begira zeudelako; baina beste jaiak ere animatu ziren eta eskatu ziguten plaza bat emateko Kilometroei, eta Gipuzkoako Lurralde Batzarrak baietz erabaki zuen. Eta Goierrira joan ginen.

Jaia egitea bera zen garrantzitsuena?
Bai, etenik ez egotea zen inportantea. Plaza hori eskainiko diegu Kilometroei, euskal kulturak eta euskarak edukiko du espazio bat eta horri eutsiko diogu aurtengoan. Modu mugatuan bada ere, plaza hor egongo da eta gure mezua, bertan.

Eskualdera begirako jaia da aurtengoa.
Goierritarrei begirakoa da; ez dugu deialdi zabalik egingo eta horretara mugatzea nahiko genuke. Horregatik, gauza batzuk ez dira egingo; kontzertu erraldoiak, adibidez, dei efektua saihesteko. Arduraz jokatzea dagokigu eta oso neurtua izango da dena.

«Batera, bagara, bat gara» da aurtengo leloa. Zer ezaugarri azpimarratu nahi dituzue?
Ikastolen artean zabaldu genuen leloa osatzeko parte hartze prozesua. DBH 1 eta 2ko ikasleen artean zabaldu zen prozesu bat; proposamen pila bat jaso genituen eta hortik bost atera ziren. Hau izan zen bozkatu ondoren irabazlea.

«Batera», ez dugulako beste modurik egiteko; «bagara», hezkuntza proiektu sendo bat daukagu Euskal Herrirako, bestela ez gara izango ikastolak, beste zerbait izango gara; eta «bat gara», hezkuntza egitasmo bat gara, denak saiatzen ari gara bide bat egiten. Gainera, hezkuntzaren inguruan gertatzen ari diren mugimenduekin, badagokigu batasun hori bermatzea eta gure ekarpena hortik abiatuta egitea.

Otsailean aurkeztu zenuten ‘Gaurtik da bihar’ proposamena eta Euskal Hezkuntza Sistemak beharko lituzkeen hamaika oinarriak. Hezkuntza ereduari buruzko foroak jaiaren parte dira. Une erabakigarria al da?
Bada momentu itxaropentsua. Eztabaida mahai gainean jarri da, aurrera begiratzeko eta herri bezala pentsatzeko unea da eta ez horrenbeste estankatuta ditugun eztabaida horietan geratu eta iraganari begiratzekoa.

Denon ardura eta erantzukizuna da horri irteera ematea. Aukera bat ere bada eta ezin dugu galdu. Erne egon beharko dugu, patxadaz hitz egin, asko entzun... Mugimenduak izango dira eta horren aurrean guk ere kokatu behar dugu eta hausnarketa bat egin: ikastolen mugimenduak zer eskaini behar dio ondorengo urteetan euskal jendarteari? Tokatuko zaigu parte hartzea, baina etxe barruan ere lan egitea eta hausnarketari bide ematea.

Jai ereduari buruzko gogoeta ere egin zenuten.
Bai. Honek erakutsi digu beste modu batera ere egin daitezkeela gauzak. Generaman erritmoa eta dimentsioa agian gehiegizkoa zen. Lau urteko hausnarketa egin genuen Gipuzkoan, eta beste herrialdeetan ere ari dira horrekin. Kontzertuak eman behar ditugu goizeko 10.00etatik arratsaldeko 18.00etara? Igual ez. Goizean bat eta arratsaldean beste bat egitea nahikoa da. Kultura kontsumitzera bakarrik mugatu behar dugu edo parte hartzera ere bai? Egoerak aukera eman du gauzak beste modu batera ere planteatzeko. Kontsumitu bai, gure artistek eta kulturgileek behar dutelako, baina, era berean, beraiekin elkarlanean egin daitezke parte hartzerako egitasmoak. Eta ikasleekin, eta gurasoekin...

Egoerak behartuta, moldaketak egin dituzue. Aurtengotik irakaspenik jaso dezakezue?
Kilometroak eta ikastolen jaiak dira euskarari eta euskal kulturari ematen zaizkion plaza erraldoiak eta bozgorailuak. Ez genuen galdu nahi, ikusten genuen bagenuela ardura bat eta erantzukizun bat. Dauden neurriekin aurrera eramango dugu, ez da izango ohiko Kilometroak jaia. Jai ereduaren inguruan hausnarketan ari ginen eta honek ez digu utzi nahi bezala garatzen, baina dena birdimentsionatu dugu; gauza batzuk gure gogoetan atera ziren eta nahi gabe martxan jarri ditugu, nahiz eta ez den egoera egokiena: jai txikiagoa, parte hartzaileagoa, zirkuiturik gabea... Hilabetera edo hiru astera zabaldu da egitaraua.

Jaiak baliagarri izaten jarraitzen al du?
Ibilbide bat badugu; hartatik asko ikasi dugu, baina garai berrietara egokitu behar dugu. Momentu honetan ziurgabetasun handiarekin gaude, baina, aldi berean, ilusioa mantentzen. Egoera aldatzen doa eta beharrak ere desberdinak dira: jendartearena, ikastoletako komunitatearenak ere bai, eta horiei egokitu behar dugu. Uste dut oraindik baduela ibilbidea, baina ikastolen mugimenduak aldarrikatzen dituen ezaugarriek isla izan behar dute gure jaietan. Hori egiten bada, etorkizuna badute; bestela, izango da betiko inertziekin jarraitzea eta hori, jada, karga bat da. Elkar zaindu behar dugu jaia antolatzeko unean ere eta aldarrikapenerako gune izan behar du. Hortik baldin bada, etorkizuna izango du; esperientziak erakutsi digu edo egokitzen garela edo... gogorra da bestela.