NAIZ

Deustualdean euskarazko jarduera eta gune gehiago garatzea bilatuko du Berbaizuk

Bilboaldeko egoera soziolinguistiko erdaldunarekin kezkatuta, Deustuko Berbaizu Euskara Elkarteak hamarkadako plana sortu du epe motz eta luzeko erronkak markatzeko. Planean 3 eragin esparru berri nabarmentzen dira: kirola, kultura eta gazteak eta kalea.

BBerbaizu Euskal Elkartearen 2020-2030 planaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA/FOKU)
BBerbaizu Euskal Elkartearen 2020-2030 planaren aurkezpena. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Deustualdeko Berbaizu euskara elkarteak hamarkadako plana aurkeztu zuen atzo arratsaldez bere bazkide eta auzoko euskaltzaleen aurrean, Deustuko Bidarte Udaltegian. Arduradunek azaldu zutenez, 2019an elkarteko bazkideek egindako hausnarketaren emaitza izan da hamarkadako planaren sorrera, eragin esparru gehiagotan euskaraz aritu ahal izateko helburu duena.

Guztira 30 ekintza berri proposatzen dira hamarkadako planean, lehendik ere elkarteak garatzen zituenak kontuan hartu gabe. Horien artean, nabarmentzen dira: Kukulaisiren sorrera (euskarazko aisialdi federazioa); web gunearen berritzea; S.D Deusto, Artizarrak F.T., Deusto Arraun Taldea, Elorrieta K.E. eta Arangoitiko E.T. kirol taldeetan euskara planak garatzeko proiektua; Bilboaldeko Euskal Jaiaren antolaketa; gazteengan eragiteko dinamikak; Deusto Bizirik merkatari elkartearekin hitzarmena; bazkidetza kanpainak eta Berbaizu Dendaren sorrera.

Hamarkadako planaren baitan 6 eragin esparru aipatzen dira (lehengo hiru eta sortuko diren beste hiru): Hezkuntza, Aisialdia, Komunikazioa, Gazteak eta kalea, Kirola eta Kultura.

Leku gehiagotan euskaraz aritzeko beharra

Prentsaurrekoan, Markel Baroja eta Maitane Jaio Berbaizuko ordezkariek nabarmendu dute leku gehiagotan euskaraz aritzeko beharra dagoela: «Euskal Herriak erabileran eragiteko erronka baldin badu hezkuntzako eremutik kanpo zabaldu beharra dago».

Aukerez mintzatu dira, aukera gehiago sortzeaz, gizarteari aukera gehiago emateaz eta eremu desberdin askotan hauek sortzeaz.

Bilbon eragiteko eragile, entitate eta instituzioak bidelagun izateko beharra azpimarratu dute Berbaizuko kideek, «egiten duten lana duintzeko eta baliabide beharra asetzeko, baita hiriko normalizazioan eragiteko esparru desberdinetara zabaltzea, batez ere kirol taldeetara».

Bukatzeko, guztientzako mezu argi batekin bukatu nahi izan dute aurkezpena. Herritarrei, deustualdeko gazteei batez ere, hamarkada honetan Berbaizuren trenera igotzeko eskatu diete, «kaleetan eragiteko beharra batera gauzatu nahi dutelako; instituzioei, euskararen normalizazio-prozesuan lan egiten dugunon eskubideak bermatzeko, euskarazko proiektu berriak sustatzeko eta gizartean trakzio-lana gehiago egiteko; eta azkenik, gizarteari, Euskararen erabilerak gora egin behar duela, hori dela hamarkadako erronka, eta hori lortzeko Berbaizuk euskarazko ekintzak plazaratzen jarraituko duela plan honi tinko eutsiz».