Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
Inge Ugarte Gartziandia
Euskal Herriko Neska* Gazteen mugimenduko kidea

«Baterajotzeak edukien baitan antolatzeko anbizioa dauka»

Krisi anizkoitzak jomugan jarri ditu gazteak, eta nesken* kasua ez da gutxiago izan. Ez dira une errazak izan mugimenduarentzat; dispertsio sozialarekin, antolakuntza eta jarduera politikoa sustatzea nekeza izan da. Krisi momentuak, ordea, aukeraz beteriko momentuak ere badira.

Inge Ugarte Gartziandia Euskal Herriko Neska* Gazteen mugimenduko kidea. (Raul BOGAJO/FOKU)
Inge Ugarte Gartziandia Euskal Herriko Neska* Gazteen mugimenduko kidea. (Raul BOGAJO/FOKU)

Asteburu honetan Euskal Herriko Neska* Gazteek `Baterajotzea´ topaketa eginen dute Elizondon. Herrialde osoko 600 lagun inguru elkartzea espero dute. «Pandemiak geldirik eta isilik nahi gintuen azken hilabeteotan, baina gure antolaketa eta proiektu politikoarekin aurrera jarraitu dugu, aliantzak ehunduz. Sortu dugun sarea gogotsu dago eta asteburua indartsu hartuko dugu. Ozen adieraziz borrokatzeko momentua dela, indarberritzeko eta elkarrekin eraikitzeko garaia dela», adierazi du Inge Ugarte Gartziandia mugimenduko kideak.

Jendea ilusioz etorriko dela aurreikusten dute. Eta espazio eroso eta motibagarria sortu nahi dute guztien artean, krisi sozioekonomiko honen aitzinean antolatu eta borroka molde berriak eraikitzeko baliagarria izanen dena.

‘Mugimenduan gaude, lurrikara gara’ leloarekin, bizi dugun krisi anitzari feminismotik eta gaztetasunetik erantzunen diote. Izan ere, aunitz dira neska* gazteengan gurutzatzen diren zapalkuntzak, eta horrek borrokarako kokaleku berezi bat ematen die.

Aurkeztu zuen sare edo mugimendua. 2016an jaio zen; nondik? Zer premiatik?
EHN*G mugimendua ez zen egun batetik besterako zerbait izan, bidea egin ahala gorpuzten joan zen errealitate bat baizik. 2016ko GaztEraiki gazte mugimenduen topaketetan hasi genuen bidea, feminismoaren ildoan. Bertan, besteak beste, Gazte Udaleku Feministak (GUF) eta Aingura talde osasun gida martxan jarri ziren. 2017an egin genituen lehenengo Gazte Udaleku Feministak Ozaetan, neska* gazteok elkar ezagutzeko eta aisialdi espazio feminista bat sortzeko helburuarekin. Kurtso horren amaieran berriz elkartu ginen Arbizun, “Neska* Gazteok Batera Ekingo Diogu egunean, eta LEMA eztabaidarako borroka-gida aurkeztu genuen, herri eta auzoetako arazoei erantzuteko.

2018an bigarren Gazte Udaleku Feministak egin zenituzten Ozaetan. Azkenik, 2019an Egin Dezagun Topa! Neska* gazteon topaketak antolatu zenituzten Lizarran.
Mugimendu feministak zituen erronka berriak berrartu eta dinamika propioak sortzeko oinarria finkatu genuen. Topaketek jada sortzen ari zen mugimendua gorpuztu zuten eta horrek Mugimendu Feministaren bosgarren Jardunaldietan ponentzia propioa aurkeztera eraman gintuen. Ibilbide mamitsu honek subjektu bezala egonkortu eta erronka bateratuak martxan jartzera eraman gintuen: udaleku feministen bidez saretu ginen, LEMA borroka-gidan gure subjektu propioa ezaugarritu genuen eta Lizarrako Topaketetan autodefentsa feministaren inguruan hausnartu genuen, eta ideia horren ulerkera zabalago bat behar zela ondorioztatu genuen eta borroka moldeen inguruan hausnartu genuen.

Horren ostean, agenda feministako mugarriei ahots propioz heldu diegu, Azaroaren 25ean autodefentsa feministaren aldarria kalera ateraz eta Martxoaren 8an neska* gazteok antolatu eta borrokatzeko beharra genuela ozen oihukatuz. Eta mugimendu gisa egindako ekimen, saretze eta aurrerapauso horiek guztiek orain esku artean dugun erronka honetara eraman gaituzte, Euskal Herriko Neska* Gazteon Baterajotzera.

Azaldu zergatik jarri zenioten mugimenduaren izenari izartxo hori.
Mugimendua sortu zenean neska izenaren alboan kokatzen genuen izartxoak neska izateko eta bizitzeko forma anitzak batzeko anbizioa zeukan, guztiok terminoaren barruan sentitu gintezen. Hala ere, mugimendu feministaren azken jardunaldietan mugimendu trans-ak interpelazio zuzena egin zion izartxoari; beraz, mugimendu gisa guri ere badagokigu eztabaida berriz hartzea.


«Neska* gazte subjektua politikoki ezaugarritu eta gure problematika propioak mahai gainean jartzea da gure helburua»

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako herrietan zaudete. Bakoitzak erronka, dinamika eta arazo ezberdinak izan arren, helburuek lotzen zaituztete: subjektu politiko gisa ezaugarritu eta sufritzen dituzuen zapalkuntzak mahai gainean jarri nahi dituzue.
Gure helburua neska* gazte subjektua politikoki ezaugarritu eta gure problematika propioak mahai gainean jartzea da. Horretaz gain, mugimenduak gure arteko sareak sortu eta gure problematikei era bateratuan erantzuteko aukera ematen digu, mugimendua aberastuz eta indarrak biderkatuz.

Era berean, gazte mugimendu zein mugimendu feministaren parte gara eta ahots propioz eragiten dugu bertan. Gure borroka kolektiboki garatu beharreko borroka bat da, mugimenduaren, taldearen zein norbanakoen zaintzan eta ahalduntzean oinarritzen dena. Borroka modu horiek sortzen joan garen iruditeria komun horretan islatzen dira, izaera errebeldea, zirikatzailea eta erradikala daukan mugimendua. Argazkian ageri diren buru-beroki koloretsuek ‘ni ez naiz ni bakarrik, gu gara, denok gara, kolektiboki erantzuten ari gara’ esaten dute, eta gure praktikak eraldaketa feministarako aurrerapauso kolektiboak dira.

Euskal Herriko Neska* Gazteak.


«Buru-beroki koloretsuek ‘ni ez naiz ni bakarrik, gu gara, denok gara, kolektiboki erantzuten ari gara’ esaten dute»

Elizondoko asteburuan, krisi anizkoitzaren gakoez eztabaidatuko duzue. Zeintzuk dira?
Mugimendu feministatik denbora daramagu aldarrikatzen sistema hau ez dela jasangarria. Sistema kapitalista heteropatriarkalean bizitzak baino, kapitalaren interesak daudela erdigunean eta, ondorioz, eredu honek bizitzari berari erasotzen diola. Bestetik, aberastasuna sortzen duen lana baloratzen da soilik, kontuan hartu gabe bizitza bera aurrera ateratzeko beharrezkoak diren zaintza lanak. Horiek gutxietsita, prekarizatuta eta inbisibilizatuta daude. Beraz, krisia ez zen azken burbuila finantzarioaren eztandarekin heldu, ezta covid-19aren pandemiarekin ere; bizitza aspaldi dago krisian eta aurpegi asko ditu; horregatik diogu krisi anizkoitza dela: krisi ekologikoa, zaintzen krisia, migrazioen krisia... eredu oso bat dago kolokan.

Feminismotik aspaldi esan genuen errotiko aldaketa bat beharrezkoa zela. Horren erakusle dira 2017 eta 2018ko greba feministak. Horietan, emakumeok jasaten dugun zapalkuntza oro salatu genuen, egun batez emakumeok betetzen ditugun lan guztiak egiteari utziz eta mundua geldiaraziz. Mahai gainean jarri zen doako zein soldatapeko zaintza lanen izaera prekarioa, eta bizitza sostengatzeko lanen gaineko ardura kolektiboa eta zaintza lanen berrantolaketa soziala aldarrikatu zen. Pandemia garaian ere zaintzen kolapsoa bizi izan genuen, eta mugimendu feministatik zaintza sistema publiko-komunitario baten beharra jarri zen mahai gainean.

Duela bost urte mugarri bat jarri zenuten, eta orain beste bat etorriko da. Zer anbiziorekin?
Mugimendu gisa gorpuzten eta sarea handitzen joan gara urte hauetan, baina ikasturte honetako mugarriak, Baterajotzeak, mugimendu eta sare hori gorpuztetik eduki bateratu batzuen baitan antolatzera salto egiteko anbizioa dauka. Apustu kuantitatiboa baino kualitatiboa dela esan dezakegu.

«Mugimenduan gaude, lurrikara gara» hartu duzue Baterajotzerako lelotzat. Aipatutako krisi anizkoitzari feminismotik eta gaztetasunetik erantzun nahi diozue.
Bai, izan ere, asko dira neska* gazteongan gurutzatzen diren zapalkuntzak eta horrek borrokarako kokaleku espezifikoa ematen digu. Zapalkuntza berezi batzuk ere bizi ditu. Baterajotzeak testuinguru horretan gure papera zein den argi izateko balioko digulakoan gaude.

Egitarau zabala prestatu duzue horretarako. Kontatu...
Bai, egitarau zabal eta anitza osatu dugu. Hasiera batean hiru eguneko egitaraua egitea aurreikusi genuen, baina azkenean bi egunekoa osatu dugu. Larunbatean, 10.30ean, herrialde guztietako neska* gazteak iristen direnean, ongietorri bat egongo da Pantxika clownarekin. 12.30ean eztabaida nagusia egingo dugu, non testuinguruari erreparatuz, krisi anizkoitzaren gaineko gakoak emango diren ikuspegi feministatik. Bazkaldu ondoren, norberak aukeratutako tailer eta hitzaldietarako ordua izango da.

Aukerak hauek dira: ekofeminismoa, langile klasearen borroka feminismo eta gazte ikuspegitik, eta ‘Bizitzak erdigunera’ mahai-inguruak; ‘Konfinatu ezinezko ahotsak’ eta `Aurrera egin badugu´ dokumentalak; eta hitzaldiak: `Espetxea, patriarkatuaren handitze ispilua´, eta proiektu txikitzaileei, trans borrokari eta feminismo intersekzionalari buruzkoak. Azkenik, hezkuntza patriarkalaz hausnartu eta Photoshoparen erabileraz ikasten ahalko da.

Tailerrak burutu eta gero, herrian zehar manifestazio girotu bat egingo dugu. Lehendabiziko egunari amaiera emateko aisialdiko bi eskaintza prestatu ditugu; alde batetik, bertso saioa eta Abian taldearen kontzertua eta, bestetik, ipuin kontalaria eta Haizeatxo & Ningra + 34 graduren kontzertua.

Igandea gosariarekin hasiko dugu, 10.00etatik aurrera egingo den eztabaida zentralerako indarrak hartzeko. Hor, mugimenduaren oinarriak eta aurrera begirako erronkak adieraziko dira. Ondoren, bazkaria, desmuntaia eta amaiera ekitaldia egingo dira.

Izurrite garai honetan hedatu den dispertsio sozialarekin, nola moldatu zarete hau guztia antolatzeko?
Argi dago pandemiak gogor jo dituela herri zein auzoak. Gure artean dugun krisi anizkoitz honek gazteok jomugan jarri gaitu, eta neska* gazteon kasua ez da gutxiago izan. Ez dira une errazak izan gazte mugimenduarentzat; normalizatu den dispertsio sozialarekin, antolakuntza eta jarduera politikoa sustatzea zaila izan da, aliantzak ehundu eta espazio seguruak sortzeko aukerak murritzak izan baitira. Krisi momentuak, ordea, aukeraz beteriko momentuak ere badira, eta horrela ulertu behar ditugu.

Horregatik, neska* gazteok gure borrokarekin aurrera jotzeko apustua egin genuen, mugimenduan gaudelako eta lurrikara garelako. Borroka molde berriak diseinatu eta koordinazio talde eta herri zein auzoetako neska* gazte taldeen saretzearekin aurrera egin dugu. Zailtasun eta traba guztien gainetik indarrak ateraz eta Baterajotzea diseinatuz.


«Dokumentalak balioko du belaunaldi berriek gure ibilbidea ulertu dezaten Ainguratik Baterajotzera. Bestetik, esker hitzak besterik ez Gora Etorrirentzat, ‘temazo’ hori sortu izanagatik»

Abestia eta bideoklipa ere badituzue, Gora Etorri taldearekin eginak. Eta dokumentala aurkeztuko duzue.
Hilabeetan lanean aritu ondoren atera dira labean genituen gauza guztiak kalera. Ez da batere lan erraza izan, talde asko mugitu behar izan ditugulako bai dokumentala bai abestia egiteko. Baina lortu dugu, eta argi dugu arrakastatsuak izango direla. Dokumentalak balioko du belaunaldi berriek neska* gazteon ibilbidea ulertu dezaten Ainguratik Baterajotzera. Bestetik, esker on hitzak besterik ez ditugu Gora Etorrirentzat, ‘temazo’ hori sortu izanagatik. Baterajotzean dantzatzeko aukera izango dugu.