Naiz

Kanpo Arazoetarako ministroa da Austriako kantziler berria

Alexander Schallenberg orain arte Kanpo Arazoetarako ministroa zena da Austriako kantziler berria, ustelkeria salaketa bat dela medio dimititu behar izan duen Sebastian Kurz kontserbadore eta alderdikidearen ordez, astelehen honetan kargua sinatu ondoren.

Alexander Schallenberg diplomatikoak zuzenduko du Austriako Gobernua. (Alex HALADA/AFP)
Alexander Schallenberg diplomatikoak zuzenduko du Austriako Gobernua. (Alex HALADA/AFP)

Alexander Schallenberg-ek astelehen honetan sinatu du kantziler kargua, bere alderdikide Sebastian Kurzen ordez.

Kurz kantziler ohiak, ustelkeria salaketa bat tarteko dimititu ondoren, bera ordezkatzeko proposatu zuen 52 urte dituen Alexander Schallenberg diplomatikoa hartu zuen atzo bere egoitza ofizialean Alexander Van der Bellen Austriako presidenteak.

Elkarrizketaren ostean, Estatuburuak «gure herriaren aldeko lanak jarraitu behar du», aldarrikatu zuen telebistan eskaini zuen agerraldian eta «gobernu krisia amaitutzat» jo zuen.

Kantziler berriak onartu duenez, «betebehar benetan zailaren aurrean gaude», eta «guztiontzat zailak» direla ohartarazi du. Bide batez, OVP bere alderdiak «erakutsi duen herrialdearekiko ardura izugarria» goraipatu du.  

Alexander Schallenberg kantzilerordea eta Berdeen buruzagia den Werner Kogler-ekin bildu zen iragan larunbatean Kurzek kargua utzi ostean. Kogler-ek babesa eskaini zion Kanpo Arazoetarako ministroari kantziler postua hartzeko eta kontserbadoreen eta ekologisten arteko koalizioa mantentzeko helburuarekin.

Kogler-ek, bere aldetik, «elkarrizketaren zintzotasuna» txalotu zuen. «Gobernu koalizioaren lanean erronka berria zabaltzeko aukera dagoelakotan pozik nago», amaitu zuen.