NAIZ

Aire librean musukoa janzteko derrigortasuna bertan behera uzteko eskatu du Ikastolen Elkarteak

Lakuari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote «gizartean eta eskolan bertan gainerako kolektiboei ezarririko irizpide berak» erabiltzeko Lehen Hezkuntzako haurren kasuan ere.

Gasteizen ikasturte hasieran hartutako irudia. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Gasteizen ikasturte hasieran hartutako irudia. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Ikastolen Elkarteak «malgutasuna» eskatu du ikastetxeetan musukoa erabiltzeko neurrien inguruan. «Baita Lehen Hezkuntzan ere», azpimarratu du Lakuaren azken aginduen harira.

«Covid-19 koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz hartu diren neurriak oso gogorrak izan dira urte eta erdi honetan. Gizarte osoak pairatu ditugu askatasun murrizketak eta neurrien gogortzeak. Noski, osasunak eta elkar zaintzeak lehentasuna zuen egoera batean hartu dira erabakiak, eta, gogorrak izan arren, ezinbestekoak izan dira. Egun, koronabirusaren eraginak behera egin du nabarmen, eta, horri esker, orain arteko neurri gogorrak malgutu ahal izan dira, eta arnasa lasai edo lasaiago hartzen hasi gara», dio Ikastolen Elkarteak ohar batean.

Gasteiz eta Iruñeko gobernuek egin dituzten azken eguneraketen harira, «kezka handia» agertu dute Lehen Hezkuntzako ikasleek jolastokian ere musukoa erabiltzeko beharraren aurrean. «Pandemiak ingurune hurbilean (familian, lagun artean) izan duen eragin zuzenak eta ikastetxeetan ezarririko protokolo zorrotzak ikasleengan izan dituzten ondorioak nabarmenak izan dira, alderdi emozionalean bezala akademikoan».

Horren harira, Lakuaren ikerketa bat izan du hizpide. «Ikasleen %72 desmotibatuago sentitu da ikasteko, eta hiru ikasletik bik ( %65,4) beren maila akademikoa jaitsi egin dela nabaritu dute. Aurrekari horiek aintzat hartuta, Lehen Hezkuntzako haurrei dagokienean orain arteko neurriak bere horretan uzteak ondorio horietan sakontzea ekar dezake», adierazi du elkarteak.

Bereziki «alderdi emozionalaren» inguruko kezka azpimarratu du. «Aire librean daudela musukoa erabiltzera derrigortzen dituzten kolektibo bakarra dira haur hauek; eta, gainera, musukoa erabiltzera derrigortuta dauden aire libreko eremu bakarra da eskolakoa. Hau da, sei eta hamabi urte bitarteko haurrak baztertuak senti litezke, eta, era berean, eskola eremu guztia har dezakete musukoa erabiltzera derrigortuta duten gune bakartzat».

Honela, orain arteko neurriei eusteak «ekidin nahi diren kalteak baino albo-kalte gehiago eragin ditzakeela» uste du Ikastolen Elkarteak. Horregatik, Lakuari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote «gizartean eta eskolan bertan gainerako kolektiboei ezarririko irizpide berak» erabiltzeko Lehen Hezkuntzako haurren kasuan ere, eta ikastetxeetako aire libreko guneetan musukoa erabiltzeko derrigortasuna bertan behera uzteko.