NAIZ

Ernaik «bestelako Euskal Herria» aldarrikatu du urriaren 12aren kontrako martxetan

Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean egindako Ernairen lau martxek «bestelako Euskal Herria posible» dela aldarrikatu dute urriaren 12 honetan.

Ernaik Donostian antolatutako martxa. (Jon URBE/FOKU)
Ernaik Donostian antolatutako martxa. (Jon URBE/FOKU)

Ernai gazte antolakundeak Hego Euskal Herriko hiriburuetan antolatutako lau martxek aldarrikatu dute «bestelako Euskal Herria posible» dela urriaren 12a aprobetxatuz, «ezer ospatu gabe». Gazteek «etorkizun justu bat eskainiko digun herri askea eraikitzen hasteko» deia egin dute.

«Aukera zabalik dugu. Bestelako Euskal Herria posible da. Garai nahasi hauetan, Euskal Herriaren eraikuntza helduleku bilakatu behar dugu. Orain inoiz baino gehiago, gure egitekoa da euskal errepublika sozialista, feminista eta euskaldunerako bidea egitea. Urriaren 12an bezala, egunerokoan, herri eta auzoetan, gazte independentistak artikulatu eta etorkizun justu bat eskainiko digun herri askea eraikitzen hasteko unea da. Jarrai dezagun bizitzak erdigunean jartzen dituen independentismoa eraikitzen, egunez egun langile sektorearen beharretara dagoen herria eraikitzen», adierazi du erakundeak ohar batean.

Gainera, urriaren 12an gazte independentistek ez dutela «ezer ospatzeko», nabarmendu dute, kontra baizik. «78ko Erregimenari arrakalak biderkatzeko eguna da gaurkoa, Erregimena eta bere zutabe guztiak eraistekoa», azaldu dute. «Gure herriaren biziraupenaren izenean ezinbestekoa zaigu gazte independentistoi 78ko erregimenaren ametsik gaiztoena izaten jarraitzea. Egun argitan gure herria militarki okupatzen dutenak direlako gauez eraso faxistak egiten dituztenak. Frankismoaren erreforma transakziorako baliatu zuen oligarkia bera baita gaur egun langileon bizitzekin jolasten dabilena», kritikatzen dute oharrean.

Azkenean, salatu dute 529 urte direla «Espainiako Inperioak Hego Ameriketako etnizidioa abiatu zuela» eta «529 urteren ostean hala ospatzen» jarraitzen dutela. «Hego Amerikan indigenak erail zituen supremazismo arrazistan baitu oinarri egun mugak itxi eta haien herrialdeetatik ihes egitera behartu dituen estatu ustelak», baloratu dute.