Orain arteko sorpresarik handiena eman du Pello Etxeberriak. 23 urte bete dituen egunean Jokin altuna Lau eta Erdiko txapelduna menpean hartu du. Ezkerrez pilotari altuera ematen asmatu du eta Altunaren errematerako erraztasuna asko oztopatu du. Aldiz, bere aukerak bikain baliatu ditu nafarrak, batez ere 16-12 atzetik zenetik buelta ematea lortu arte, nahiz eta bidean sakeren batekin kale egin.
Deskuidoan domekan Bengoetxeak Elordiri irabaziko balio, finalerdietara sailkaturik legoke Zenoztarra. Hala ere, partida amaieran esan duen moduan, «hobe beti hiru garaipen pilatzea, birekin kalean geratu zaitezke-eta».
Abiada bizian
Abiada bizian ekin diete biek ala biek, eta Etxeberria gaztea izan da aurreneko tanto ilara lortu duena. Akordatzerako 0-4 aurreratu zaio Jokin Altunari eta kantxaren erdialdean kokatuta, dantzan erabili du Altuna.
Alabaina, sufritzen jakin du Amezketakoak eta horri esker berreskuratu du sakea. Bi sakea eta baita ekimena ere, odolkiak ordainetan eman baitizkio nafarrari. Txokotik zabalera joan eta buelta erabili du Etxeberria, eta 5-4 aurrera ere hartu du egungo txapeldunak. Zenotzkoaren zoionerako, Altunak sakea laburregi atera eta ekimena berreskuratu du: 5-5.
Botez saiatu da Etxeberria jokoaren ekimena eramaten, baina behar baino errazago joan zaio behera. Aldiz, Altunak errazago jo du errematera. Hori, errematea egin beharra izan duenean; izan ere, seinako berdinketaren ostetik tanto ilara berria erdietsi du, eta gehienak, sakez.
Erantzun du halakoren baten Etxeberriak, eta botera Amezketakoaren enbidiarik ez duela erakutsi du. Arriskatu eta atzeraka bidean jarri du Altuna eta horren bueltan ezker ganttxoz lortu du 10-7koa, sakea berreskuratuz. Errestoan zorte apur batekin, Altunak tantoa menpean hartu eta erdi lanak lortu ditu. Baina Etxeberriak berehala berreskuratu du sakea eta 11-9 hurbildu da.
Baina aurreneko atsedenaldi luzera Altuna segidan iritsi da. Pello Etxeberriak tantoa menpean izan arren, ezkerrez egindako horma bikoa ez zaio behar bezala atera eta ezkerrez, zabaletik zabalera, 12-9koa ezarri du. Amezketakoaren amorruzko garrasia entzutekoa izan da, Bergarako Udal Pilotalekuan elkarturiko zaleen txaloen gainetik.
Altunaren pekaturik handiena sakez eginiko faltak izan dira. Gipuzkoarra 13-9 aurreratu da, baina sakea luzetxo atera ostean, berriz ere Zenozkoari aukera eman dio partidara berriro indartsu sartzeko. Baita sartu ere zabalean eginiko tanto batekin eta hurrengo tantoan Altunak horma bikoa kale egin ostean: 13-12.
Etxeberriak ere sakeaz ez du beti asmatu, eta laburregi aterata sakea oparitu dio txapeldunari. Amezketakoak ez du alperrik pasatzen utzi eta sakeaz berriro ekimena hartu eta aldea zabaldu du. Etxeberriak erdi ihes egindako dejada batekin hamahirugarrena egietrako, 16 ere pilatu ditu Altunak.
Halakoren baten iritsi zaizkio saketik tantoak Etxeberriari ere. Bi segidan lortu ditu eta zabalean erdietsiriko beste batekin 16na berdindu du, seinakoaz geroztik lehenengoz. Are gehiago, aurrea hartu baitu nafarrak Altunari pilota ezker horman baztertu ostean. Hurrengo tantoa gogorra eta esanguratsua izan da, biek ala biek ahal bezain gogorren eman baitiote pilotari. Azkenean, txokotik zabalera sotamanoz moztu du Zenoztarrak eta Altunaren akatsa behartu du: 16-18, 0-5eko partzialaren ostean.
Atsedenaldiaren ostean, ordea, Etxeberriaren beste opari bat iritsi da, sakea luzeegi atera ostean. Altunak, noski, ez du barkatu eta sakez bere seigarren tantoa eginez berdindu du dema: 18-18. Alabaina, Etxeberriak ezker airez txokoan dotore asko laga du eta berriz ere aurrea hartu du markagailuan, partida azken txanpan sartuta.
Akatsak akats, beldurrik gabe ekin dio Etxeberriak partidari, errematatzeko orduan konplexurik gabe, zabalean dejada eginez. Zorte apur bat ere izan du, egiari zor. errematea eskura eman dio nafarrak eta tantoaren ekimena hartu ahal izan du, baina errematatzeko orduan, pilota horman sartu eta behera hanka egin dio, 18-21ekoa lortuz.
Eta zein erremate hoberik sakez partida amaitzea baino? Pilota hormaren kontra gastatu egin du Etxeberriak eta a zer poza hartu duena. 23 urte bete dituen egunean, oparirik onena lortu du. Altunak, berriz, finalerdiak jokatzeko aukera dauka.
PARTIDAKO FITXA
Pilotakadak: 208. Partidaren iraupena: 55 minutu. Markagailua: 0-1, 0-4, 1-4, 4-4, 5-4, 5-5, 5-6, 6-6, 7-6, 10-6, 10-7, 11-7, 11-9, 12-9, 13-10, 13-12, 14-12, 16-12, 16-13, 16-16, 16-18, 18-18, 18-19, 18-20, 18-22. Sakez: Altunak sei (eta falta bi), Etxeberriak hiru (eta falta bi). Jokoan eginak: Zazpi Altunak eta hamahiru Etxeberriak. Jokoan galdutakoak: Altunak sei eta Etxeberriak bost. Gorabeherak: Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldia, Bergarako Udal pilotalekuan. Pello Etxeberriaren urtebetetzea.
Aukerak zukutu behar Bengoetxeak eta Elordik
Tanto asko edo gutxi eginda, baina Bengoetxea VI.ak eta Elordik galdu egin zuten Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkako aurreneko jardunaldian.
Bilboko Bizkaia frontoian igande arratsaldean aurrenekoz jokatuko dute elkarren kontra Leitzakoak eta Mallabiarrak. Bengoetxeak Etxeberria nahasten bere burua ito arte jardun zuen, eta neurketaren azken zatian fisikoki behera etorri zen. Aldiz, bizkaitarrak inork espero baino estuago hartu zuen Altua III.a, eta neurketaren azken zatian sakean zein errematean egin zituen opariak saihestu balitu, auskalo.
Eskarmentua alde du nafarrak, baina bere egunik onenak, antza, pasa dira. Elordik, berriz, elitean lekurik baduela erakusten ari da, eta finalerdietara begira ezin du aukerarik, izanez gero, pasatzen laga.