NAIZ

Eserialdia egin dute LH-ko ikasleek patioan musukoa eramateko arauaren aurka

Haurrak Ere Bai familien sareak eserialdia antolatu du eskolen itxiera orduan 6 eta 12 urte bitarteko umeek jolastokian musukoa derrigorrez eramatearen araua arbuiatzeko.

Eserialdia egin dute musukoa eramateko arauaren aurka. (Haurrak Ere Bai)
Eserialdia egin dute musukoa eramateko arauaren aurka. (Haurrak Ere Bai)

Astelehen honetan, urriaren 18an, 10 minutuko eserialdia egin dute ikastetxeetako jolastoki eta sarreretan Lehen Hezkuntzako haurrek patioan musukoa nahitaez erabili behar dutela salatzeko. Haurrak Ere Bai familien sareak egin du deialdia eta honen helburua hezkuntza protokoloak musukoaren inguruan duen araudiaren kontrako iritzia agertzea da.

Haurrak Ere Bai sareak argi utzi nahi izan du ekintza ez dela inondik inora ere «ikastetxeen kontrako ekintza» baizik eta «hezkuntza protokoloa eta hau [musukoaren derrigortasuna] ezartzearen kontrakoa».

Izan ere, haurrek aire zabalean musukoarekin egon beharraren arauari ez diote «zentzurik» aurkitzen. «Haurrak herriko parkeetan eta plazetan musukorik gabe dabiltza», argudiatu du plataformak.

Gainera, familien sareak gogorarazi du maiatza amaieran hezkuntza profesionalen eskutik sortutako ikasturtea antolatzeko proposamen bat aurkeztu zutela Hezkuntzan, Lakuako Osasun sailean eta eskoletan. «Orduan argi geneukan, eta orain are argiago. Ez dugu haurretan musukoaren derrigorrezko erabilera onartzen, ez inolako testuinguruan ezta aitzakiapean ere», adierazi du plataformak.

Hori horrela, familien sareak hezkuntza profesionalei eserialdira batu daitezen eskatu die. Izan ere, ekintza ikastetxeetan egin izanaren arrazoia «profesionalak antolatu, batu eta aktibatzea» izan da eta baita familiak hezkuntza komunitatearen parte diren heinean «hitza eta erabakietan parte hartzeko gaitasuna» dutela gogoraraztea.

Bukatzeko, plataformak haurrak berriz ere «kriminalizatzea» eta erabakiak haien garapenari dagozkien beharrak «kontuan hartu gabe» hartu izana leporatu dio Urkulluren Exekutiboari.