NAIZ

Garaile eta garaituen diskurtsoa ekarri du Marlaskak Memorialera hamargarren urteurrenean

«ETA erakunde terrorista Zuzenbide Estatuak garaitu zuen» izan da Madrilgo Barne ministroak ETAren biktimak omentzeko Gasteizen egin den ekitaldira ekarri dituen hitzak. Gainontzeko biktimek, gainontzeko indarkeriek, ez dute lekurik izan omenaldian.

Fernando Grande-Marlaska ETAren biktimei egindako omenaldian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Fernando Grande-Marlaska ETAren biktimei egindako omenaldian. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Fernando Grande-Marlaska Gobernu espainiarreko Barne ministroak ETAren biktimak omentzeko ekitaldian parte hartu du asteazken honetan, Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroan, talde armatuak indarkeria utzi zuenetik hamar urte igaro direla. Memorialarekin gertatzen den bezala, Grande-Marlaskak soilik ETAri leporatu dio biolentzia, soilik biktima batzuk aitortuz eta garaile eta garaituen kontakizun bakarra izan du oinarri.

«ETA erakunde terrorista Zuzenbide Estatuak garaitu zuen», esan du, eta PPk, EAJk eta Felipe Gonzalezek bildutako matazari tiraka erantzun interesatua eman dio Arnaldo Oteg EH Bilduko koordinatzaileari: ez du aitortuko «kontrapartidarik» presoen eskubideen auzian.

Ministroak esan duenez, «Espainia zuzenbide-estatuan eta balio demokratikoetan oinarritutako gizartea da», eta «printzipio bakarra du: legea aplikatzea, horrek duindu egiten baitu Estatu bat».

«Zuzenbide-estatu batean ezin da egon legea urratzen duen kontraprestaziorik», berretsi du, eta azpimarratu du ETAren biktimak direla zuzenbide-estatu horretako «baluartea».

Defendatu du «[ETAren] biktimen kontakizuna eta haien sufrimendua» izan behar dela «egia» erakusten duen kontakizuna. «Kontakizun hori inposatu behar dugu, elkarbizitzarako balio duen bakarra delako», azpimarratu du.

Marlaskak ez die aipamenik egin ETArenak ez diren biktimei, ezta bere ardurapean Estatuko botereek eragindako indarkeriei, gogoan izan behar baita Estrasburgok jada zazpi aldiz gaitzetsi duela Marlaskaren jarduna torturak ez ikertzeagatik.«ETAren porrota Espainiako demokraziaren lorpen handiena» izan da ministroaren aburuz, eta ETAk esan nahi duena inoiz ez ahazteko eskatu du: «Indarkeria irrazionala».

Covitek kale

Coviteko ezein ordezkari ez da agertu asteazken honetan Gasteizen egin den ekitaldira, argudiatuta «ETAren amaieraren negoziatuaren ondorioak zigorgabetasunarekin» ari direla ordaintzen.

Taldea ez dago ados Marlaska eta bere Gobernuaren baieztapenarekin. Iritzi dio faltsua dela demokraziak garaitu zuela ETA. «Asko balioesten dugu Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak egindako lan izugarria, ETAren terrorismoari buruzko gertaera historikoak erregistra daitezen, bai eta biktimen oroimenak terrorismoaren kontakizunaren erdigunea har dezan ere, baina ez gara joango ETAren gaineko demokraziaren garaipena aldarrikatzen duen ekitaldira», esan du Covitek.

Agertu du ETA desegin bazen ez zela izan demokraziak garaitu zuelako, baizik talde armatuarekin negoziatu zelako haren amaiera.