Lau eta Erdiko finalerdietarako azken txartela banatzeaz harago, sentimentalki ere oso partida berezia da astelehenean Beotibarren Oinatz Bengoetxeak eta Jokin Altunak elkarren artean jokatu behar dutena. Izan ere, 22ra heltzera lortuko ez balu, Tolosakoa izan daiteke leitzarrak lehen mailako txapelketa batean jokatzen duen azken partida. Urtearekin batera amaitzen zaio Baikokoari kontratua eta Kortatuk bere azken diskoarekin egin bezala, azken guda dantzarekin ere gozatu eta gozarazi nahi luke.
«Bai, dudarik gabe, astelehenekoa niretzat partida ederra da. Esan nuen txapelketa aurretik ere, agian azkeneko txapelketa izango zela hau eta hortaz, azken partida izan daiteke, berezia da niretzat. Azken jardunaldira aukerekin heltzea ederra da niretzat eta azken partida hau Jokinen aurka jokatzea ere ederra da», aitortu du nafarrak arazorik gabeko material aukeraketan.
Ligaxka bat izan arren egungo txapelduna eta leitzarra egoera berean agertzen dira azken partida honetara, irabazten duenak aurrera egingo du eta galtzailea kanpoan geratuko da, baina Jokin Altunak ere oso gogoan du Oinatz Bengoetxearen aurka joka dezakeen azken partida dela. «Hortaz aritu gara lehen, berak eta nik partida berezi dezente jokatu ditugu kontra eta niri ere ilusioa egiten dit. Astelehenekoak izatea dauka bion azkeneko partida kontran eta niretzat bere aurkako partidak bereziak izan dira beti, ez kantxan bakarrik, kanpora ere, nik irabazi edo berak irabazi duenean, beti babestua sentitu naiz. Beti oso oso ondo tratatu nau eta niretzat, pilotari handi bat baino gehiago, miresten dudan pertsona bat ere bada eta oso partida berezia izango da», azaldu du.
Bien artekoa 2016ko kaiolakoa izan zen amezketarrak jokatutako lehen finala eta leitzarrak Lau eta Erdikoan irabazitako bakarra, 22-21 Gasteizko Ogetan. «Baina aurreko urtean ere partida oso garrantzitsu bat jokatu nuen bere aurka, 13 egin behar eta 7an galdu nuena. Eta gogoratzen naiz nola animatu ninduen finala galdu nuenean ere. Geroztik nik berari partidak irabazteko aukerak ere izan ditut eta Oinatz da pertsona bat, partidak amaitzen direnean, dena ahaztu eta partida aurretik bezala tratatzen dituena aurkariak. Nik berarekin asko ikasi dut eta astelehenean etorri nahi dut eta partida on bat eskaini jendeari, ea biok daukagun eskaintzea eta, irabazten badut, hobeto» gogoratu du amezketarrak.
Oinatz Bengoetxeak ere badu ilusio berezi bat Jokin Altunaren aurka jokatzeagatik, are gehiago, Tolosako pilotalekuan oso giro eta sarrera ona espero diren egun batean arituta. Gainera, bere kasuan, garaipena lortu eta finalerdietara sailkatuta, hurrengo urtean zerrendaburu izatea bermatu eta bere kontratua luzatzeko argumentuak ere pilatu ditzake, nahiz eta horri ez dion buelta gehiegirik eman nahi.
Aurkariarengatik onena espero dute
Azken jardunaldia aztertuta, badirudi Bengoetxea VI.a indarberriturik datorrela aurreko astean Elordiri irabazi eta itxura ona eman ostean. Jokin Altunak, ordea, bere mailara iritsi ezinik dabilela dirudi. «Hala ematen du, agian ez dagoela bere unerik onenean, baina nik ikusi izan du t askotan lehendabiziko partidetan horrela eta azkenekotarako etortzen zaio txispa. Beti edo gehienetan lortzen du partida garrantzitsuetan ondo egotea eta nik pentsatzen dut Jokin %100ean etorriko dela», azaldu du partida gehiegi ez luzatzea komeni zaiola uste duen Oinatz Bengoetxeak.
Altuna III.ak, bere aldetik, azken astean egindako entrenamenduekin oso oso gustura dela azaldu du. Txapelketa amaitu arte ez omen du atzera begira denbora askorik galtzeko asmorik, ezer onik ekarriko ez diolakoan, eta bere jokorik onena emateko gai izango dela sinetsita dago. «Plazagizona» izanda, Oinatz Bengoetxea handi bat espero du.