«Liburu guztien atzean idatzi gabeko liburu bat dago, edo bi, eta ‘Neguko Zirkua’-k zortea izan du Iratik bat behintzat azaleratu duelako. Esker mila. Liburua azaldu beharrean, zabaldu egin du». Hala laburbildu du Harkaitz Canok Irati Jimenezen ‘Ogia eta Zirkua’.
Bilboko Udalaren Miguel de Unamuno saria jaso zuen lan hau, Ereinekin argitaratua, aztertzen duen jatorrizko testua baino luzeagoa da. «Atzo beste gauza bat deskubritu nuen –aitortu du mundakarrak ostiral honetan Donostian egindako aurkezpenean–. Gauza gehiago esango nituzke, beti egon gaitezke honi buruz zerbait esaten. Quijoterekin bezala. Belaunaldi bakoitzak dauka bere Quijote».
Altxorraren bila abiatu zen idazle abentureroa, eta «erabaki kontzienteak ongi hartuta daudenean literaturan gertatzen den zeremonia magikoa» aurkitu zuen. «Kamera sekretu bat zabaltzen denean eta barruan beste kamera sekretu bat agertzen denean izaten den sentsazioa izan nuen».
Gauez, ia ametsetan ireki zitzaion arrakala
«Gauez, ia ametsetan», bat-batean etorri zitzaion Jimenezi ezerezetik sortzen diren ideia horietako bat. Arrakala bat zabaldu zitzaion eta bertan ikusi zuen lehen objektua beharbada eskularruak izanen ziren. «Gero malabarista bat eskularruekin, pertsonaia bat esposatua, erortzen ari dena, alkondara batzuk hutsik, jaka bat, bota batzuk hutsik. Telefonoan apuntatu nituen. Berriz zabaldu zen arrakala eta denbora luzea iraun zuen. Hiru ordu egon nintzen agian. Ideien asoziazioak ez zuen etenik. Azkenean loak hartu ninduen eta susperturik esnatu nintzen».
Azaldu duenez, ‘Neguko Zirkua’ irakurtzen duzunean gauza arraro samar bat gertatzen da. Ipuin bat bukatzen duzunean, nahiz eta jakin hurrengoa autonomoa dela, sentsazioa duzu irakurri nahi duzula jakiteko zer pasatzen den, «jakinik absurdoa dela, ez dela ezer pasatzen. Baina pasatzen da. Momentu euforiko zoragarri batekin amaieran».
Zergatik gertatzen da? «Kontatzen denetik aparte, bada beste zerbait gertatzen dena, protagonista inbisible bat. Bidaia bat egiten du, abentura batean dago, gauzak ikasten ditu, transformatu egiten da. Bere bizitzako erabaki zentralak hartuta bukatzen du».
Jimenezek agertu du ez zela egon ipuin bakar bat ez zuena erran «nik uste nuena baino askoz konplikatuagoa da». Hala, gero eta gehiago zabaltzen joan da liburua. Sinbolo batzuek aunitz harritu zuten. Adibidez, «geografikoki zer liburu den, ezker-eskubi, gora eta behera nola mugitzen diren pertsonaiak».
Kritika, berotasunetik
Mundakako idazleak adierazi duenez, literatur kritika egiten denean patologoaren mahaian jartzen da testua, eta mahai horretan asko galtzen da, lotura ikusezinak kasu. Bera berotasunetik idazten saiatu zen hoztasunetik beharrean. «Kritikan zerbait negatiboa esan beharrik ez dago», egin du gogoeta. «Nagusitasun intelektuala eman diogu kritikari. Beldur horrekin zurrunduta gaude».
Literaturian galdetu zion Uxue Razquin Ereineko editoreak ea ez zuen beldurrik Harkaitz Canok zer erranen zuen. «Egia esateko ez. Idazleak konpromisoa hartu behar du irakurlearen intelijentziarekin, libertatearekin eta burujabetza eskubidearekin. Hori errespetatzen ez duten idazleak blokeatu egiten dira. Norbera bere etxean dago irakurtzen dagoenean, eta banekien Harkaitzek errespetatuko zuela. Eskerrik asko, horretan ere eredu eman diguzulako beste idazleoi», erran dio ondoan duen kideari.
Atxiloturik gabeko ikerketa
Disekziorik gabeko analisia, atxiloturik gabeko ikerketa polizial interesgarria, amurrainik harrapatu gabeko arrantza... Halako irudiak erabili ditu Canok Jimenezen saiakera definitzeko.
«Ispilu deformantearen eta hiperzintzoaren arteko dantza bat» ere ikusi du bertan. «Ezagutzen ditut ondo detektatutako obsesioak, beste sinbolo edo motibo errekurrente batzuk, eta nik inolaz susmatzen ez nituenak ere badaude. Ikaragarri polita da Iratik egiten duen paisaje psikoemozional horren ikerketa. Ipuinen arteko tarte hutsak harrapatu ditu».
Hori dena «oso modu jostarian» egiten duela erantsi du lasartearrak. «Egitura ere jostaria da. ‘Don Quijote’-k zeuzkan izenburuak oroitarazi dizkit. Saiakera bat nola kamuflatu irrati serial batean».
Razquinek azaldu duen bezala, narrazio multzo baten hausnarketa istorio bihurtu du Jimenezek. «Saiakera bera kontakizuna da; badu intriga, badu abentura. Gainera tesia zentzuzkoa da, irakurlea bideratzen du hori sinestera, eta primeran funtzionatzen du. Harkaitzen testua irakurri dutenentzat eta ez dutenentzat aproposa da. ‘Neguko Zirkua’-n literaturaren magia topatu zutenek, ‘Ogia eta Zirkua’-n ere topatuko dute. Iratik marraztutako bidea jarraitu besterik ez dute».