Jon Ormazabal

Aitor Elordik ez zuen final laurdenetako ligaxka bere alerik utzi gabe agurtu nahi (22-15)

Lehen erdian Peio Etxeberria aurretik izan bada ere (8-12), mallabitarrak, presiorik gabe, bere sake-errematerako dohainak erakutsi ahal izan ditu.

Aitor Elordik bere dohainak erakutsi ahal izan ditu Labriten. (Iñigo URIZ/FOKU)
Aitor Elordik bere dohainak erakutsi ahal izan ditu Labriten. (Iñigo URIZ/FOKU)

Ez dio txapelketan aurrera egiteko balioko, aurreko bi partidetako porrotak garesti ordaindu ditu, baina halako aukera bat izateko horrenbeste borrokatu eta gero, Aitor Elordik ez zuen Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxka bere alea bertan utzi gabe agurtu nahi eta garaipen eder batekin amaitu lehen mailan bere lehen txapelketa izan den hau. Behetik gorako partida baten ostean, Unai Lasoren aurka finalerdia jokatuko duen Peio Etxeberriari 22-15 irabazi dio eta, batez ere, onenekin lehiatzeko gai dela erakutsi du mallabiarrak.

Erasora jokatzea gustuko duten bi pilotari izan dira aurrez aurre Aimarren agurrean goraino bete den Labriten eta partidaren norabidean garrantzi handia izan du partidaren erritmoa ezartzeak. Horretan hobeto hasi da nafarra, pilota luze eta ongi mugituz, Aitor Elordi deseroso egotera behartu baitu, huts gehitxo pilatuz.Horrek markagailuaren ekimena, lehen erdi horretan, Peio Etxeberriarena izatea eragin du, nabarmenena 5-10ekoa, zenotzekoak sakez egin duen bigarren tantoaren ondoren.

Erabateko aldaketa

Lehen etenaldi luzera ere partida oso kontrolpean zuela zirudiela heldu da ultzamarra (8-12), baina hortxe hasi da partidaren gidoia aldatzen. Barruan zuen korapiloa askatu balu bezala, eta Peio Etxeberriak sakez egindako bigarren faltaren ostean, bizkaitarra bere dohainei etekina ateratzen hasi da. Sakea eta hurrengo errematea dira bizkaitarraren jokoaren ezaugarririk nagusienak eta horiexek erabili ditu, 9-0eko partzial batekin markagailua iraultzeko.

Burua hurrengo asteko finalerdian edukiko duelako ziurrenik, dena eskuan izanda behar zen tentsioarekin ere ez zen kantxaratuko agian, baina kontua da Peio Etxeberria ez dela aurreko bi asteetan bezain oldarkor aritu, pausua aurrera eman beharrean atzera eman du zenbaitetan eta kamuts antzean, bere konfiantzarako baino balioko ez zuen garaipenari ihes egiten utzi dio. 

 

Labrit borborka

Harmailetako giro aparta izan da, azken urte luzeetan, Labriteko larunbat arratsaldeetako ezaugarririk nabarmenena eta, aspaldiko partez, Labrit borborka egon da berriz Aimar Olaizolaren Iruñeko azken partidan. Aurreskua eta  oroigarrien trukea azken agurren antzekoak izan dira, baina partida aurreko, partidan zeharko eta partida osteko saltsa, ez. Txalo eta oihu artean jokatutako partidan, bezperan Azpeitian bezala, goizuetarrak eta Mariezkurrenak 22-14 irabazi diete Unai Laso eta Arangureni.

FITXA TEKNIKOA:

Elordi: 22

Peio Etxeberria: 15

Pilotakadak: 184. Iraupena: 42,58 minutu. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-5, 4-5, 4-6, 5-6, 5-10, 7-10, 7-11, 8-11, 8-12, 10-12, 1014, 19-14, 19-15, 22-15. Sakeak: 4 (falta 1) Elordik eta 2 (2 falta) Peio Etxeberriak. Tantoak: 12 Elordik eta 7 Peio Etxeberriak. Hutsak: 5 Elordik eta 3 Peio Etxeberriak. Gorabeherak: Sarrera guztiak salduak Aimar Olaizolaren Labriteko azken partidan. Joseba Ezkurdia izan da Peio Etxeberriaren botileroa eta Garikoitz Txapartegi Elordirena.