NAIZ
Errenteria

Errenteriako Koldo Mitxelena institutuak mende erdia bete du

1971. urtean zabaldu zituen ateak Koldo Mitxelena institutuak Errenteriako Udalaren sustapenez. Izan ere, ordura arte Batxilergoa ikasi nahi zuten herritarrek Donostiara joan behar izaten zuten, eta hori ikasketa ertainak zituzten gazteen kopurua murritza izateko arrazoietako bat zen.

Institutuko fatxadan jarri duten pankarta. (Koldo Mitxelena BHI)
Institutuko fatxadan jarri duten pankarta. (Koldo Mitxelena BHI)

Errenteriako Koldo Mitxelena BHIk 50 urte bete ditu. 1970ko hamarkada baino lehen, Francoren diktaduran zehar, Batxilergoa egiten zuen ikasleen ehunekoa oso baxua zen, eta hezkuntza etapa hori zonaldean Donostian bakarrik eskaintzen zen. Udalaren aldarrikapena zen Errenterian Irakaskuntza Ertainen Institutu bat izatea, aldi berean Lezo eta Oiartzunerako Batxilergoko erreferentzia zentroa izango zena.

Ikastetxea 1971ko urrian ireki zen eta lorpen handia izan zen, garai hartako Udaleko kideen lanaren eta iraunkortasunaren ondorioz. Lorpena bere neurrian baloratzeko, kontuan hartu behar da zein testuingurutan lan egin zen. Adibidez, administrazio harremanak gertu ez zeudenez, Hezkuntza Administrazioarekin, Madrilen dagoen Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin, hitz egin behar izan zuten.

50. urteurrenaren ospakizuna ikasturtean zehar egingo dute eta mota ezberdinetako jarduerak antolatuko dituzte, institututik azaldutakoaren arabera. Horiei hasiera emateko pankarta bat jarri zuten ostiralean fatxadan, eta inaugurazio ekitaldi bat egin zuten. Bertan, ikasturte honetako ikasle zein irakasleei pankarta horrek zer esan nahi duen azaldu zieten, eta ospakizunaren nondik norakoen berri eman zituzten.

Ekitaldiaren amaieran ikasle batzuek aurreskua dantzatu zuten, irakasle batek txistuarekin laguntzen zien bitartean, eta ondoren guztien artean opiltxoak banatu zituzten. 

Datozen hilabeteetan egingo dituzte ekitaldien bitartez 50 urte hauetan institutuaren bilakaera zein izan den hausnartu, gizartean plano desberdinetan eman diren eraldaketa antzeman eta egungo egoera marraztuko dute, institutuaren etorkizunari buruzko gogoeta egiteko asmoz.