Fernando Alonso Abad

Burdinen artetik, zerumuga

Nola bizi izan zuten euskal presoek 2011ko urrian egiaztatu zen ziklo aldaketa hori? Itxita, baina ez geldirik. Alacant eta Pontevedra artean tokatu zitzaizkion trantze historiko horiek Fernando Alonso Abadi. Berak azaldu du bizipena, ekarpen honetan.

Zaballarako martxa, 2011. horren abenduan, bi hilabete geroago. (Jon HERNAEZ | FOKU)
Zaballarako martxa, 2011. horren abenduan, bi hilabete geroago. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Denbora beti erlatiboa bada ere, kartzelan ebidentzia hori askoz nabariagoa da. Espetxeetan denboraren ezaugarriak lausoak dira beti eta, begirada atzera botaz gero, maiz oso zaila da zenbait gertaera behar bezala kokatzea. Giltzapetua zaudenean, eszenatokia egunero errepikatzen da, bai eta ingurua, pertsonak eta errutinak ere. Egunero agertoki berean, pertsona berberekin, gauza berak egiten, betiko momentu berean... Egunak nekez bereizten dira. Ondorioz, preso bakoitzak jazoerak memorian gordetzeko era propioa du, erreferentzia-puntuak finkatuz. Hala ere, argi dago espetxeratu guztien oroimenean Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia erreferentzia-puntu bihurtu zela.

2011koaren aurreko urteak gogorrak izan ziren; gogorrak bezain garrantzitsuak etorkizunari bidea zabaltzeko. Eta, jakina, gauzak ez dira berdinak murruen alde banatan; are gutxiago, informazioaren arloan. Izan ere, «bizitza normalean» informazioak inguratzen gaitu, ia-ia gu ito arte. Edonondik etortzen zaigu –zarama barne– eta edozein lekutan bila dezakegu, bai sakontzeko bai kontrastatzeko. Ostera, ez dago hainbeste informazio prozesatu edo asimilatu ahal izateko denbora nahikoa. Datu gehiegi eta denbora gutxiegi.

Burdinen beste aldean gauzak oso bestelakoak dira. Informazio eskasa eta denbora sobera. Hori arazoa den arren, burua ongi egokitzeko aukera ematen du: hausnarketarako beta bada. Beraz, kartzela barrura informazio gutxi sartu arren, espetxeratutako militanteak denbora asko dauka datuak ongi barneratu eta irizpideak eratzeko. Eta ondorioz, duela hamar urte espetxeetan jada sumatzen genuen garai berri bat lantzen ari zela, eta bide horretan Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia mugarri garrantzitsua izango zela.

 

Gaur hamar urte, kide batzuk elkarrekin geunden A Lamako kartzelako modulu batean, Galizian (irudian). Kideak taldeka geunden moduluetan eta elkartzeko oso aukera gutxi geneukan. Salbuespen espetxe-politikaren ondorioz, ez geunden Euskal Herritik 800 kilometrora soilik, kartzela barruan ere sakabanaturik eta elkarrekin  komunikatzeko biderik gabe ere bageunden. Galizian bezala, gainerako espetxeetan.

Bizi-baldintza haietan oso zaila zen –baina ez ezinezkoa, noski!– kanpoko informazioa jasotzea,  barrura sartzea eta kideen artean eztabaidatzea. Alta, arazoak arazo eta trabak traba, kaleko berriak moduluetan zehar barreiatzen ziren. Horri eta egun batzuetako atzerapenez eman ohi ziguten gure Euskal Herriko prentsari esker, testuinguru politikoaren irudia ehuntzen joaten ginen. Ehuntzen eta gainerako kideekin hariak konpartitzen.

Horregatik beragatik, bagenekien Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia oso garrantzitsua izango zela ondorengo mugimenduei begira. Eta horregatik beragatik, urriaren 17 hura memorian zizelkatuta geratu zitzaidan, eta ez dut ahazten nirekin zeuden kideen poztasuna.

Aurrean geneukan bidea urratzeko, helburuak lortzeko, ireki nahi genuen garai politiko berria zabaltzeko, beharrezkoa zen nazioarteko laguntza han bertan genuen. Bide berriei ekiteko poztasuna eta itxaropena ekarri zituen. Hori guztia, bai eta bertigoa ere. Testuinguru berria zenez, ziurgabetasuna ere sentitzen genuen. Baina bertigoaren kontrako borrokan trebatuta ginen eta, ondorioz, ahuldadea eragin ordez, indarberritu egin gintuen.

Aieteko Konferentziaren berriak kartzeletan ez gintuen ezustean harrapatu. Urte eta erdi lehenago Bruselako Adierazpenean sakoneko mugimendu estrategiko bat bultzatzeko lehenbiziko izpiak antzeman genituen. Horretan eta, jakina, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu osoaren orduko pausoetan. Euskal presoak, militante politiko gisa, etxean eta kanpoan gertatzen ari zenaren jakinaren gainean egoten saiatzen ginen, eta ahal bezala, kideekin iritziak trukatzen.

Bruselako Adierazpen hori baino apurtxo bat geroago Alacanteko Villenako espetxetik Galiziako A Lamara eraman ninduten. Mediterraneotik Atlantikoraino, ziegetatik itsasoak ikusterik ez bazen ere. Garai hartan, Espainiako kartzeletan euskal preso politikoen «jarraipen eraginkorragoa» egiteko segurtasun talde bereziak eratu berri ziren. A Lamako espetxera ailegatu bezain pronto, isolamenduan bertan, segurtasun arduradun bat azaldu zitzaidan, “La Razón” egunkariaren ale bat eskuan. Bere burua aurkeztu eta egunkari horretako Zuloaga kazetariaren artikulu bat eman zidan, kontatzen zuenaz zein iritzi nuen galdezka. Edukazioagatik irakurri nuen, eta morroiak berehala sumatu zuen nire irribarrea. «Este ha oído campanas pero solo sabe por dónde le pega su viento», esan nion. Testuaren edukia zabor interesatua besterik ez zen.

Arreta zorroztuz
Handik gutxira ezker abertzaleak eta EA alderdiak akordio estrategikoa sinatu zuten Bilboko Euskalduna jauregian. Irailaren 5ean ETA erakundeak agiri bat hedatu zuen BBC britainiar telebista publikoan, non su-eten iraunkor eta egiaztagarria emateko borondatea espresuki erakutsi zuen. Segituan Gernikak Akordioa... Urratsez urrats. Eta murruen barnean, ernai.
Handik aurrera, presoon arreta zorroztu zen eta jakingura handiz berriak jaso eta patioan hizpide genituen. Azaroan Sortu agertu zen, eta 2011. urtea hasi berri zela, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioaren sinatzaileekin harremanetan jartzea eskatu zuen. Eskaerari segituan eman zioten erantzuna. Urte hartako irailean, EPPK-k agiri bat zabaldu zuen eta euskal preso politikook Gernikako Akordioa sinatu genuen (irudian). Benetan, Euskal Herriko giroa pil-pilean zegoen, eta presoak, giltzapetuta egon arren, ekarpenak tai gabe eginez.

 

Nazioarteko mugimenduek jarraitzen zuten bitartean, Aieteko Konferentziaren prestakuntzaren inguruko zenbait zurrumurru kartzeletako patioetaraino ailegatzen joaten ziren. Adi geunden, nortzuek parte hartuko zuten jakin nahian, eta onartu behar da zenbait izenek harritu gintuztela. Gerry Adamsen konpromisoa nabaria zen, bai eta, nola ez, Brian Currynen lan nekaezinarena ere. Baina Kofi Annan bertan izango zela jakitea ikaragarria iruditu zitzaigun; Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiaren sinadura oso laguntza indartsua zen, zalantzarik gabe. Azpimarragarria ere, Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia eta Jonathan Powell Tony Blairren Kabinete buru izandakoa agertzea.

Bultzatzaileen zenbait izen ezezagun genituen; aitzitik, haietariko bat 80ko hamarkada ezagutu genuenon memorian iltzatuta zegoen: Pierre Joxe. Frantziako Alderdi Sozialistako buruzagi hura Barne Arazoetako ministro izan zen, eta ez nolanahiko garaian. Bake prozesu baten alde zegoela jakin arren, ezin da ukatu bere izenak ez zuela oroitzapen onik eragiten garai hartan Ipar Euskal Herrian bizi zirenen artean.

Eta azkenean, urriaren 17a heldu zen. Lehen graduan geundela, gure patio orduak goizez ziren. Beraz, arratsaldean ezin genituen ziegak utzi. Telebista eta irratietan Aiete jauregian gertatzen ari zenari buruz zer edo zer aurkitzen saiatu ginen. Alferrik. Argi zegoen hain gertaera nabariari ez ziotela garrantzi handirik emango Espainian.

Etorkizuna eta garaipena, ausartentzat
Gero, gauean jada, eta telebistan eman zituzten irudiak ikusita, gure lehenbiziko sentsazioak leihoetatik trukatu genituen. Hori ere klasiko bat da espetxeetan: leihoetatik berba egitea. Eta hala, aurrez aurre egon ez arren, momentuko poztasunak edo tristurak kideekin konpartitu ahal izatea. Poztasuna, kasu honetan.

Biharamun goizean, patioan guztiok bat egin genuen: Euskal Herrian ziklo berri bati ekiteko aukera eta sostengua zeuden, urratzeko bidea bazegoen. Eta horrela izan zen. Hiru egun geroago, ETA erakundeak bere ekarpena egin zuen, jardun armatuaren behin betiko bukaera iragarriz. Geroxeago, azaroan, Espainiako hauteskunde orokorrak izan zirenean Amaiur koalizioak 334.498 boto jaso zituen, eta zazpi diputatu lortu. Aurreko emaitza elektoral guztiak hobetu ziren. Gaua luzea izan zen, beranduegi leihotik emaitzak komentatzeko; horrek hurrengo goizera arte itxaron beharko zuen. Gau luzea eta irri zabalak.

Historia aldatzen ari zen eta gu, nahiz eta bertan itxita egon, gure ekarpen pertsonal eta kolektiboa egiteko prest geunden. Bagenekien presoentzako ibilbidea ez zela ez erraza ez laburra izango, gogorra eta luzea baizik. Ederto genekien urrats delikatuak ematea tokatuko zitzaigula, eta bai Espainian bai Frantzian bide legala malkartsua eta korapilatsua izango zela, amnistiaren zerumugan. Baina etorkizunari arduraz begiratu eta hark sortutako ilusioari eusten genion.

Esan ohi da Historiak erdipurdiko pertsonak gainditzen dituela, eta etorkizuna eta garaipena ausartentzat bakarrik direla. Duela hamar urte Aieten konpromisoak ehuntzen ziren bitartean, orduko EAEko lehendakaria Ameriketako Estatu Batuetako tren baten leihotik paisaiari begira zebilen. Une berean, euskal preso politikook kartzeletako patioetan bide berriak zabaltzen jarraitzen genuen.