Realak eta Athleticek igandean jokatuko duten euskal derbiari osagai bereziago bat jartzeko asmotan, Gorba Urbizu abeslariak –Berri Txarrak taldearekin 20 urtez oholtza gainean emandakoa– kontzertu bat eskainiko du, Anoetan bertan, partidaren atarikoan zein atsedenaldian. Klub txuri-urdinak astearte honetan iragarri du albistea eta ziurtatu du «euskal rockaren izar honen emanaldiak hamar aldiz biderkatuko» dituela «harmailetako dezibelioak».
Euskal derbia jada berez nahikoa berme da neurketa bati xarma berezia eskaintzeko, bada Realak uste du «zalantzarik gabe» egun aproposa ere badela «gure kultura eta futbola, modu bikainean, uztartzeko». Izan ere, gogoratu legez, pandemia hasi zenez geroztik, estadioak hutsik egotetik gutxika-gutxika zalez betetzen joan dira eta igande honetakoa izango da futbol-zelaia guztiz beteta jokatuko den lehen euskal derbia.
Reale Arena, astebururako prest ✅#AurreraReala pic.twitter.com/Na3LlDDiA6
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) October 26, 2021
Klub gipuzkoarrak ziurtatu du, Donostiako Zinemaldiaren baitan "Reala Zuzenean Band" taldeak emandako kontzertuak harrera beroa izan zuela. Orduan ere kultura eta kirola uztartzea zuen helburu ekimenak eta oraingoan ere asmo bera izango du egitasmoak.
Hala, bazkideei denboraz zelaira joatea gomendatzen die klubak, partidaren atarikoan Gorka Urbizuren emanaldiarekin ganoraz gozatu dezaten. Gainera, aurreratu du, beste «ezusteko» batzuk ere izango direla bertan.